JSE-Egaz Euskadiko Gazteria Sozialistak Irungo (Gipuzkoa) alarde parekidea saritu du. PSEren gazte elkarteak ematen dituen Berdintasuna Lantzen sarien bigarren aldia izan da asteburuon, eta sari kolektiboa eman diote gizon eta emakumeen eskubide berdintasuna bermatzea xede duen alardeari. Leonor Rubial iaz zendu zen Espainiako senatariari eta Rafaela Romero PSE-EEko Gipuzkoako Biltzar Nagusietako bozeramaileari ere sariak eman dizkiete.
Irungo alardearen izenean,Alazne Picosek jaso zuen saria, eta «ohoretzat» jo zuen Rubialekin eta Romerorekin partekatzea. Bide batez, «instituzioen konpromiso falta» salatu zuen berdintasuna lortzeko bidean. JSE-Egaz-eko presidente Alain Colomak berdintasunaren aurka doazen jarrerak kritikatu zituen. «Egin den guztia bertan behera gera daiteke ez baditugu salatzen ideologia argia duten politikak». Halaber, nabarmendu zuen alderdi sozialistak «eraikitzearen» alde egin duela.
Alarde parekideari emandako saria eta Colomaren adierazpen horiek, ordea, ez datoz bat Irungo PSEko udal gobernuaren jokabidearekin. Irungo Bilgune Feministak salatu berri du udalak alardearen gaian «zentsura» erabili duela Gizon eta Emakumeen Berdintasun Planean. Udalak Elhuyar Aholkularitza kontratatu zuen plana diseinatzeko, eta jaso zuen zirriborroan alardeari buruzko puntu bat zegoen. Han, emakumearen «diskriminazioaren adierazletzat» jo zuten, baita konponbiderako ildoak proposatu ere. Irungo Bilgune Feministak salatutakoaren arabera, ordea, udalak puntu hori kendu egin zuen hasieran. Gerora, alardeari buruzko puntu bat txertatu zuen, baina, jatorrizko proposamena izan beharrean, Jose Antonio Santanoren gobernuaren «jarrera politikoa» islatzen zuela jakinarazi zuen Bilgune Feministak; herrian «bi sentsibilitate» zeudela adierazi, baina berdintasuna bermatuko lukeen konponbiderik proposatu gabe.
Mundua «eraldatzea»
Rafaela Romerok gogorarazi zuen berdintasunerako bidean aldaketa sakona behar dela. «Inoiz ez da berdintasun erreala egongo, mundua emakumeentzat eta gizonentzat aldatzen ez den bitartean». Romerok gogor kritikatu zituen PPren politikak, eta genero indarkeriaren biktimak «herri matxista eta politika matxista baten biktimak» direla nabarmendu zuen saria jasotzean.
Leonor Rubial JSE-Egaz elkarteko amabitxi eta PSE-EEko Espainiako senatari zenari emandako saria haren alabak jaso zuen, Eider Gardiazabal eurodiputatu sozialistak. Politikaren eta politikarien baliagarritasuna aldarrikatu zuen. «Gizartea hobetzeari emanak bizi diren politikari zintzo asko daude».
Gazteria Sozialistak Irungo alarde parekidea saritu du
Berdintasun planean, Irungo udal gobernuak ez du «diskriminazioarekin» lotu nahi izan alardearen auzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu