Gazteria indartsu bat askapen prozesurako

Aitzinako eta Ernaiko kideak ez ezik, ezker abertzaleko zenbait arduradun eta gazte antolakundeetako kide ohiak ere bildu ziren atzo. Belaunaldiz belaunaldi «borrokarako konpromisoa» transmititu izana goratu dute horietako askok.

Aranburu,Urrutikoetxea, Otegi eta Rodriguez, atzo, Donostian. .A. CANELLADA / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Jarrai gazte antolakundea sortu zela 40 urte bete dira, eta atzo Donostian egindako agerraldian hari horren segida irudikatu zuten Ernaik eta Aitzinak. Bi antolakundeetako kideez gain, ezker abertzaleko hainbat arduradun eta gazte erakundeetako kide ohiak bildu ziren. Gazte antolakundearen«eraldaketarako» balioa nabarmendu zuten.

GARBIÑE ARANBURU LABeko idazkari nagusia

«Gazte antolakunde indartsu bat behar dugu inboluzioari erantzuteko»

«Ezker subiranistak behar du gazte erakunde indartsua. Are egun bizi dugun zapalkuntza hirukoitzari aurre egiteko: klase gisa, emakume gisa eta nazio gisa. Horregatik, gure presentziarekin babestu nahi dugu topagunea. Gazte antolakunde indartsu bat behar dugu, bizitzen dugun inboluzio horri erantzuteko».

ARKAITZ RODRIGUEZ Sortuko idazkari nagusia

«Euskal Herriaren askapenerako behar da gazteen bultzada»

«Ni gazte antolakundeko kide izan nintzen. Borrokarako eta konpromisorako eskola izan da, ulertzen genuelako zoriontasuna ematen duena, konpromiso hori dela, bestelako mundu bat eraikitzearen aldekoa. Pozgarria da ikustea sortu eta 40 urtera, gazte antolakundearen osasuna ona dela eta eraldaketarako tresna izaten segitzen duela. Ezker abertzalearen proiektua herri honen askapena da, eta horrek behar du gazteen bultzada».

ARNALDO OTEGI EH Bilduko koordinatzaile nagusia

«Topagune honek bultzada emango dio askapen prozesuari»

«Garrantzitsua izan da askapen prozesuari gazteek egindako ekarpena. Askapen prozesuetan izaten den zailtasunetako bat da transmisio hori egitea, eta uste dut hemen ongi egin dela. Bizi garen mundu likidoan beharrezkoa da konpromisoa, eta topagune honek berriz emango dio bultzada bat askapen prozesuari».

LARRAITZ UGARTE EH Bilduko legebiltzarkidea

«Herri honek gazte antolakunde bat izateak garrantzi handia du»

«Gazte antolakundetik pasatu garenontzat oso garrantzitsua izan da balio militanteak barneratzeko eta lan kolektiboa zer den ezagutzeko. Borrokaren eta ideologiaren transmisioa beharrezkoa izan da, irudikatzeko jarraipen ideologiko bat. Herri honek gazte antolakunde bat izateak berebiziko garrantzia du, belaunaldiz belaunaldi erreferente izan delako. Uste dut horregatik jasan duela horrenbeste errepresio».

ITXASO CUEVAS EH Baiko kidea

«40 urte eta gero,bada Euskal Herria eraldatzeko grina»

«Ilusioa egiten dit 40 urteotako belaunaldi diferenteak elkartuta ikusteak. Poza ematen du ikustea oraindik badela Euskal Herria eta mundua eraldatzeko grin hori. Gainera, elkartzeak erakusten du transmisio hori, zubi lan hori. Urtez urte borrokatzen eta antolatzen segituko duen gazteria bat egongo dela pentsatzen dut».

EGOITZ URRUTIKOETXEA Iratzar fundazioko kidea

«Belaunaldi berriei eman behar zaie lekukoa,eta akatsetatik ikasi»

«Ipar Euskal Herrian Gazteriak sortu zen 1994an eta ibilbide bat egin zuen gainerako herrialdeetako erakundeekin batera, horregatik da inportantea gu hemen egotea. Gure belaunaldiak bide puska bat egin zuen herriaren beharrekin konektatuta. Hori da garrantzitsuena. Belaunaldi berriei pasatu behar zaie lekukoa beren bidea egin dezaten, betiere egindako akatsetatik ikasiz, ez estropezu egiteko leku berean».

IMANOL KARRERA LABeko zuzendaritzako kidea

«40 urteren ondoren bada borrokan segitzeko belaunaldi berri bat»

«40 urteren ondoren, irudikatu nahi dugu borrokak jarraitzen duela. Belaunaldi diferenteak pasatu gara, eta etorkizunak ere gurea izan behar du. Orain 40 urte izandako aktibazioa mantendu da, eta badago belaunaldi berri bat hori segitzeko prest».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.