Gazteon Eskutik egitasmoa gauzatzen ari da Ernai Lezon, «gazteak erdigunean» jartzeko

Gaur eta bihar bilduko dira gazteak, Gipuzkoako herrian. Igandean Iruñeko Aberri Eguneko ekitaldietara joango dira handik

Ernai Gazte Topaguneko harrera ekitaldia
Ernai Gazte Topaguneko harrera ekitaldia. Monika del Valle / Foku
Edu Lartzanguren.
2024ko martxoaren 29a
08:22
Entzun

Txapligua aireratuta hasi da Ernairen topagunea, Lezon. Gaur eta bihar egingo du ekitaldia ezker abertzaleko gazte antolakundeak Gipuzkoako herrian, eta igandean, Iruñean. Urtero, Aberri Egunaren bezperan egiteko antolatzen dute ekitaldia, baina aurten erabaki dute Gazte Topagunea ez egitea, baizik eta Gazteon Eskutik Loratuko Da Udaberria egitasmoa antolatzea, «eskema zurrunetatik ateratzeko». Hala azaldu zion Ane Alaba Ernaiko bozeramaileak BERRIAri joan zen astean emaniko elkarrizketa batean.

Gazte independentisten topaleku bilakatu nahi dute Lezo. Gazteak «protagonista» bihurtzeko garaia dela esan du Ernaik. Egitarau zabala prestatu dute. Ekitaldi politikoez gain, bestelako hitzaldiak, jolasak eta kontzertuak egingo dituzte. Bizitza duinen aldeko udaberria eta Pornoa, desira, plazera eta morala hitzaldiak entzun ahalko dituzte gazteek. Baina, horrez gain, bertso saioak egingo dituzte. Musika emanaldien artean, Belako, Hofe x 4:40, Eire, Zilibito Rekords, Azken Sustraiak, Xiberoots eta Amooma taldeen kontzertuak programatu dituzte.

Gaztedia, «subjektu politiko»

Gazteria subjektu politikotzat hartzea garrantzitsutzat jo du Ernaik, gaztaroan «identitateak, ideologiak, etorkizunerako espektatibak eraikitzen» direlako.

Erakundeak esan duenez, bere barruan belaunaldi aldaketa gauzatu zen iaz, eta gazte askok bat egin dute, taldearen hamargarren urteurrenak bultzatuta.

Gazteek prozesu independentistari nola begiratzen dioten agertu nahi dute Lezon, baina baita munduaren egoera ere. Esaterako, Bizitza duinen aldeko udaberria hitzaldian, ziklo politikoaz hitz egingo dute, eta Ernairen proposamen politikoa azalduko dute, besteak beste etxebizitzaren eta osasungintza publikoaren gaiaren ingurukoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.