Elorri Arin eta Aitor Martinez. Jalgi Hadi Garaipenera taldeko kideak

«Gazteok eraikiko dugu Euskal Herriaren etorkizuna»

Euskal Herri osoko hainbat gaztek otsailean jarri zuten martxan Jalgi Hadi Garaipenera mugimendua. Nafarroako konkistaren V. mendeurrenean, etorkizuneko Euskal Herriaren eraikuntzan gazteek dituzten betekizunez hausnartu dute gazte martxaren aurretik.

IDOIA ZABALETA  / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
Andoain
2012ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Elorri Arin (Azkaine, Lapurdi) eta Aitor Martinez (Gernika, Bizkaia) otsailaren 8an Iruñean aurkezturiko Jalgi Hadi Garaipenera taldeko bozeramaileak dira. Ekinaldiak herrietan izan duen harrerarekin «pozik» daude bi gazteak. Hausnarketa fase bat igaro ondoren, apirilaren 6an, 7an eta 8an Sara eta Lesaka artean egingo duten gazte martxari begira jarriak daude orain.

Zeintzuk dira Jalgi Hadi Garaipenera mugimenduaren helburuak?

ELORRI ARIN: Jalgi Hadi Garaipenera mugimenduaren bidez, gazteok 1512ko Nafarroako konkista gogoratu nahi dugu; konkista militar hark 500 urtez izan duen eragina azaldu. Urte horietan guztietan hainbat asimilazio estrategia burutu dituzte Espainiak eta Frantziak. Hala ere, oraindik presente dago euskal gazteria. Eta gazteria horrek Euskal Herriaren burujabetza nahi du.

AITOR MARTINEZ: Herri honek burujabetza galdu zuela 500 urte beteko dira aurten. Atzera begirada bat eginez, hausnarketa bat martxan jarri nahi izan du mugimenduak, gazteok orainean zein etorkizunean izan beharreko egitekoaren inguruan. Euskal gizartearen gehiengoak, hainbat sektorek burujabetzaren aldeko hautu bat egin dute: politikoki, ekonomikoki zein kulturalki. Gazteok ere bat egiten dugu hautu horrekin.

E. A.: Euskal Herri aske bat nahi dugu, eta belaunaldi indartsu gisa agertu. Garrantzitsua da gazteria aktibatzea. Gazteok eraikiko dugu Euskal Herriaren etorkizuna. Historian guk hartuko dugu protagonismo garrantzitsua. Historia oinarritzat hartuta, gure geroa eraikitzeko grina erakutsi behar dugu.

Ekinaldiaren erdigunean kokatu duzue Nafarroako konkista.

A. M.: Bai, orain arte erakutsi diguten historia garaileek eta gizonezkoek idatzia izan da. Eta iruditzen zaigu beste historia bat eraikitzeko unean gaudela. Etorkizuneko Euskal Herria eta jendarte eredu berri bat eraikitzeko aukeran gaude orain. Gainera, 500. urteurrenaren testuinguruan, bagenekien sinbolismo handiko urte bat izango zela 2012a. Hori dela eta, beharrezko ikusten genuen gertakari haiek herririk herri zabaltzea, hausnarketa bultzatzea eta gazteon arteko eztabaidak bultzatzea.

E. A: Guk gure historia jakin nahi dugu, baina gehienbat Euskal Herriaren geroa eraiki nahi dugu. Historiaren pasarte bat hartzen dugu, baina gure nortasuna indartzeko eta esateko guk dugula sortuko Euskal Herri euskalduna, gazte eta iraultzailea.

Ekinaldiak zer-nolako erantzuna jaso du herrietan?

A. M.: Herrietan oso harrera ona izan du, eta taldearen barnean gazte asko dabil lanean. Gazteengana iristeko, www.jalgihadigaraipenera. com webgunea sortu genuen, eta tresna eraginkorra ari da izaten. Webgunearen bidez,herrietako gazteekin harreman zuzena izatea lortu dugu.

E. A.: Lanketa aski zabala egin da Euskal Herri osoan; gazteak beren herrietan, eskualdeetan edo lurraldeetan martxan jarri dira. Ekintza ugari antolatu dituzte: formakuntza saioak, tailerrak, jokoak eta bertso gudak.

A. M.: Lehen fasean, hausnarketa fase bat zabaldu nahi genuen; bigarren fasearen helburua, berriz,aniztasunean, parte hartzean eta elkartasunean ahalik eta gazte gehienen artean ekitaldi bat aurrera ateratzea zen. Saratik Lesakara apirilaren 6an, 7an eta 8an egingo den martxa izango da ekitaldi hori.

Eta zein izango da gazte martxaren helburua?

E. A.:Gazte martxan, ondo pasatzeaz eta aisialdiaz haratago, edukiak landu behar ditugu: herrietan jaso ditugun ideiak trukatu eta gazteok etorkizuneko Euskal Herri bat eraikitzeko ditugun betekizunei buruz eztabaidatu.

E. A.: Euskal gazteria irudikatzeko ardura daukagu. Gu gara belaunaldi berria; gu gara gerlari berriak. Zaila dugu, bai. Baina konpromisoz joango gara gazte martxara, gazte olatu bat erakustera; gure nortasunarekin, kulturarekin, hizkuntzarekin eta historiarekin.

Zergatik egingo duzue martxa Sara eta Lesaka artean?

A. M.: Ezinbesteko jotzen genuelako Bidasoko bi aldeak batzea, inposatutako mugak alde batera utziz eta haiek arrotz moduan ulertuz. Ibilbide hori eginez, gainera, uste dugu gazte martxa Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteok antolaturikoa dela irudikatuko dugula.

Saratik Lesakara, eta Lesakatik Iruñera.

A. M.: Aberri Egunean gazteok ere Iruñean izango gara. Iruñea. Nafarroa. Konkistaren500. urteurrena. Aberri Eguneko ekitaldia azken urteetan hartzen ari den indarra ere kontuan hartu behar da. Arrazoi horiengatik guztiengatik gazte uholde bat irudikatu nahi dugu Iruñean ere. Sara eta Iruñea batuko ditugu Aberri Egunean.

Eta aurrera begira zein asmo dituzue?

E. A.: Uste dugu hilabete hauetako ekinaldiaren bidez era batean edo bestean lortu dugula 500.urteurrena gazteengana gerturatzea eta gazteen hausnarketak bultzatzea. Baina dinamika bat martxan jarri dugunez,gure zeregina ez da amaituko gazte martxarekin batera.

A. M.: Euskal Herriko eragile ugari ari dira Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren gaia lantzen. Guk gazteon ikuspuntu bat gehitu diogu haien lanari. Gure hurrengo helburua ekainaren 16rako Nafarroa Bizirik taldeak Iruñean antolatu duen ekitaldian gazteak inplikatzea izango da. Garaipena izango den burujabetzaren bidean gazteon parte hartzea ezinbestekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.