Gazteleraz nahiz euskaraz ikasi ahal izatea nahi du PP+C's-ek

PP+C's-ek 30 zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkio hezkuntza itunerako testuari. Gaur amaituko da ekarpenak egiteko epea

Jose Manuel Gil, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Gaur beste urrats bat egingo dute Eusko Legebiltzarrean hezkuntza akordioa erdiesteko bidean: aurkeztutako lehen testuari hezkuntza eragileek eta alderdiek zuzenketak egiteko epea amaituko da. PP+C's-ek atzo jakinarazi zuen zein izango ziren haien ekarpenak, koalizioko legebiltzarkide Carmelo Barriok eta Jose Manuel Gilek Eusko Legebiltzarrean egin zuten agerraldian. 30 zuzenketa baino gehiago egin dituzte, denak norabide bakarrarekin: «Ideologia nazionalista» proiektutik kentzea. Eta horren barruan, hizkuntzari erreparatu diote batik bat: «Jendeak askatasuna eduki behar du bi hizkuntza koofizialetan ikasi ahal izateko».

Izan ere, haien irudiko, «porrot» bat izan da D eredua «unibertsalizatzea», hiru ereduak «bat bakarra bihurtu direlako». Hori aurre egiteko, ama hizkuntzan ikasi ahal izatea defendatu dute, baita ingelesaren presentzia areagotzea ere, hezkuntza hirueleduna ezarriz.

Hezkuntza itunerako bidean sortu den beste eztabaidagai nagusietako bati ere heldu diote, alegia, hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren auziari. Kasu honetan, PP+C's-ek itunpeko eskolak «gutxiegi finantzatuta» daudela salatu du, eta testuan ez dagoela zehaztasunik eredu hori babesteko. Beste kritika bat erantsi du Gilek: «Arduratzen gaitu finantzaketa ikastetxeek beren proiektu pedagogikoa mugatzea onartzearen trukean ematea».

Askotariko iritziak

PP+C's-ek atzo egin bezala, hezkuntza eragile askok ere dagoeneko egin dituzte haien ekarpenak. Sindikatuei dagokienez, Steilas eta ELA publifikazioaz aritu dira, eta sare bakarrera jo beharraz LAB. Euskararen alorrean, berriz, adostasuna: murgiltzearen aldeko apustua egiten dute. Hezkuntza eragileen artean, Kristau Eskolak testua onetsi zuen; Ikastolen Elkarteak begi onez hartu zituen doakotasunaren eta segregazioa murriztearen gaineko proposamenak, baina euskarazko eredu orokortua faltan sumatu zuen; eta Euskal Eskola Publikoaz Harrok sare publikoa eta itunpekoa ez parekatzeko eskatu du, eta euskararen arloak aurrerapausorik ez egitea kritikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.