AET Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu duenez, C1 mailako euskarazko profila kendu diote Uharteko (Nafarroa) musika eskolako perkusio irakasle postuari. Ondorioz, herri hartako euskaldunek gaztelaniaz ikasi beharko dute perkusioa aurrerantzean.
2022an Uharteko Udalak egin zuen lan eskaintza publikoan C1 mailako hizkuntza eskakizuna zuen postu horrek, baina horren aurka helegite bat onetsi du Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak. Ondorioz, euskararen C1 maila izatea ez da postu hori eskuratzeko baldintza izango.
«Euskaldunon aurkako oldarraldi judizial hau gelditzerik ez al dago? Gure arbuioa, bederen, argi gera dadila», adierazi du AETk, ohar baten bidez.