Ez dute euskara behar; ez dute ikasi nahi. Zertarako? Siadecok eginiko azterlanaren arabera, Espainiatik gurera bizitzera etorritakoen %31k dute euskara ikasteko interes handia edo oso handia. Soilik % 31k. Beste erbesteetatik heldu direnen artean, berriz, %49,8koa da euskararen aldeko interesa dutenen portzentajea.
Ondorioak? Lehena: EAEtik kanpo jaio baina berton bizi diren penintsulako herritarren %69k ez dute euskara ikasteko interesik. Bigarrena: kanpoko beste herritarrek espainiarrek baino interes askoz handiagoa dute euskararekiko. Hirugarrena: euskararen normalizazioaren alde bidaide gehiago ditugu Espainiatik kanpoko herritarren artean espainiarren multzoan baino.
«Ni gaztelaniaz bizi naiz, ez dut euskara ikasi behar», azaldu dute Siadecoren ikerketan euskara ikasi gura ez duten espainiarrek. Harro bizi dira ezjakintasunean eta haien hizkuntzaren ustezko handitasunean. Espainierak 600 milioi hiztun dituela esaten dute. CUPeko diputatu ohi Antonio Baños ironiaz mintzatu da ikuspuntu horri buruz: «Bai, baina nik hegazkin bat hartu behar dut, eta 12 ordu, espainiarra ez den batekin gaztelaniaz hitz egiteko».
«Eskuinaren aurkako bataila kulturalean ari gara, baina ahaztu egiten zaigu borroka horretan hizkuntzak ere lekua behar duela»
Erdaraz bizi dira eta ez digute euskaraz bizitzen uzten. Espainian daude. Ez da soilik orain datozenen kontua. XX. mendean euskal oligarkiarentzat lanean ari ziren kanpoko hainbat langilek ere antzeko pentsaera zuten. Hasieran, behintzat. Pertsona horiek esplotazioa sufritu zuten, baina ez ziren bakarrak. Ezkerraldean ez ezik, Eibarren ere baziren beharginak. Eta euskaldunak. Gogoratu Forjarien kanta, mende hasierakoa, Oskorrik zabaldu zuena. Zapalkuntza nagusi, bai, baina langile klaseko nire aitona-amonak edo gurasoak inoiz ez zituzten zigortu Euskal Herrian haien etxeko hizkuntzaz jarduteagatik. Nire lagun askoren arbaso langileak, bai, eibartarrak izan edo ez.
Zenbaterainoko kultur aniztasuna dute Madrilen? Jatorri eta leku askotako jendea dago han, baina normaltasun osoz bizi daiteke Madrilen espainieraz jakin gabe? Nortzuk dira esentzialistak? Nortzuk irekiak? Bañosek zorrotz kritikatu du espainiarren itxurazko multikulturalismoa. Izan ere, Ravalear thrillerra filmatzen ari dira Bartzelonan Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguez. Gaztelaniaz, katalanez, urduz, arabieraz eta ingelesez. «Oso multiculti, errealista». Beste aldean, ostera, ez dago errealismorik, haren iritziz. Serie espainiar baten trailerra aipatu du Bañosek. Espainiako errege Felipe V.a ageri da «jauregiko komedia batean», espainolez ari dela. «Eta Felipe V.ak ez zuen hitz bat ere egiten espainolez. Frantsesez mintzo zen». Non da errealismoa? Zergatik ez dago espainiarren erregea frantsesez berbetan eta gaztelaniazko azpitituluekin?
Eskuinaren aurkako bataila kulturalean ari gara, baina ahaztu egiten zaigu borroka horretan hizkuntzak ere lekua behar duela. Seguruena ez estatu baten babesa duten hizkuntzek, baina euskarak, bai. Erdarari nagusitasun ia osoa ematen dion bataila kulturala geure senti dezakegu? Hizkuntza edozein borrokaren muinean sartu beharra dago. Argi du Matriotes kolektiboko kide Marta Roquetak: «Ez datozela feminista espainiarrak eta gizon matxistak gu nor garen esatera». «Neoliberalismo linguistikoa» ere salatu du: «Ideia bat hedatu da: orain katalanez egiteagatik tirorik egiten ez dizutenez, mundu guztia libre da katalanez hitz egiteko. Eta orduan katalanez edo gazteleraz egitea hautu pertsonala da. Hori da arazoa».
Txillardegiren hitzak gogoratu ditu Markos Zapiainek bere azken lanaren harira. «Euskaldunok ere errespetua merezi dugu». Hala ere, errespetua eskatzeagatik intrantsigenteak garela sinetsarazi nahi digute. Eta isildu egiten gara identitarioetan identitarioenek identitarioak dei ez diezaguten. Bai, espainierak 600 milioi hiztun ditu, baina oso akigarria da 12 orduko bidaia bat egitea espainiarra ez den batekin gaztelaniaz mintzatzeko. Eta are nekagarriagoa da pentsaera supremazista duten espainiarrekin hitz egitea.