Euskararen Eguna

«Gaztelaniaren legezko inposizioa» kentzeko eskatu dute Kongresuan

Legez besteko proposamen bat aurkeztu dute alderdi abertzaleek, Unidas Podemosek eta Mas Paisek. Hizkuntza gutxituen ofizialtasunari begira, «estatutu erreformak bultzatzea» galdegin dute

Legez besteko proposamena aurkeztu duten alderdietako ordezkariak, atzo, Espainiako Kongresuaren aurrean. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia - Maite Asensio Lozano
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Hizkuntza gutxituak erabiltzen dituztenen eskubideen aldarrikapena Espainiako Kongresura iritsi zen atzo, Euskararen Egunarekin. EAJ, EH Bildu, BNG, JxCat, PDCAT, ERC, CUP, Compromis, Mas Madrid eta Unidas Podemos alderdiek legez besteko proposamen bat erregistratu zuten bertan, «hizkuntza eskubideak eraginkorki erabiltzea ahalbidetuko duten politika aktiboak» galdegiteko. Zortzi puntuko testu bat aurkeztu zuten, eta, besteak beste, eskatu zuten «gaztelaniaren legezko inposizioa» bertan behera uzteko, eta gaztelania ez diren hizkuntzen ofizialtasunerako urratsak errazteko; azken horrek Nafarroan eragin dezake, han euskara ez baita ofiziala lurralde osoan.

Otsailean hasi zen ernaltzen atzo aurkeztu zuten proposamena. Kongresuan agerraldi bateratua egin zuten euskararen, katalanaren, aragoieraren, asturieraren eta galizieraren alde ari diren gizarte eragileek —Euskal Herritik, Kontseiluak parte hartu zuen—, eta bilera bat egin zuten Espainiako Gobernua ahalbidetu zuten talde parlamentarioekin. Bertan eskatu zieten benetan berma zezatela estatuko hizkuntza aniztasuna, «berezko hizkuntza guztiei segurtasuna, bermea eta aitortza osoa» emateko. Konpromisoak hartzeko eskatu zieten eragileek alderdiei, eta berezko hizkuntzei eman ziezaietela benetako babesa. Pandemia iritsi zen, ordea, eta ekinbide hori geldirik izan dute hainbat hilabetez. Orain, eskaera hori bere egin dute alderdi abertzaleek, eta, Mas Madridekin batera, Espainiako Gobernua osatzen duen alderdietako bat batu zaie: Unidas Podemos.

Hizkuntza horiei guztiei lotutako eskaerak egin dituzte legez besteko proposamenean, eta alderdiek nabarmendu dute hizkuntzena ez dela hain auzi minoritarioa. Izan ere, testuak dioenez, Espainiako Estatuko herritarren %45 berezko hizkuntza duten lurraldeetan bizi dira; alderdiek adierazi dute «milioika herritarrek normaltasunez» bizi nahi dutela, «edozein herritarrek gaztelaniaz bizitzeko dituen baldintza berdinetan», eta onartu dute hori guztia gaur egun «ezinezkoa» dela. Gogora ekarri dute, gainera, Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Euroituna sinatua duela Espainiak. Hala, norbere hizkuntza erabiltzeko eskubidea giza eskubidea dela aldarrikatu dute: «Eskubide horren erabilera osoa demokraziarako, askatasunerako eta giza aurrerapenerako bermea da».

Testuko zortzi puntuek ere hizkuntza berdintasuna dute ardatz. Hauxe dio gobernuari egin dioten lehen eskaerak: «Ekintzak abian jar ditzala gaztelania ez diren berezko hizkuntzek aitortza bera izan dezaten, eta hiztunek izan ditzaten gaztelaniari aitortzen zaizkion eskubide eta betebehar berdinak». Azken puntuan, berriz, hizkuntzekiko «benetako errespetua» eskatu dute. Ildo horretan, «gaztelaniaren legezko inposizioa bertan behera» uztea ere galdegin dute: «Hizkuntza bereizkeria amaitzeko eta gure hizkuntzen ezagutza zein hizkuntzengatiko errespetua zabaltzeko politika ausarta abian jar dezala».

Ofizialtasunari ere erreparatu diote, berezko hizkuntza guztiek ez baitute izaera hori beren lurraldean; gogora ekartzekoa da Nafarroan eremu euskaldunean baino ez dela ofiziala euskara. Halako kasuetan ofizialtasuna lurralde osora zabaltzea galdegin dute, eta horretarako «estatutu erreformak bultzatzea eta laguntzea».

Era berean, Madrili eskatu diote «errealitate eleaniztuna» onar dezala, eta, ondorioz, berma dezala estatuaren administrazioak hizkuntza ezberdinetan funtzionatzea —besteak beste, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean eta Auzitegi Gorenean, Gizarte Segurantzan, edota RTVEn—. Horrekin lotuta dago, besteak beste, administrazioetako beharginen hizkuntza gaitasuna; beraz, «langile publikoek hizkuntza jakitea bermatzea» ere galdegin diote gobernuari. Hizkuntza bera erabiltzen duten lurralde desberdinen arteko elkarlanaz ere mintzatu da testua: «administrazioek jatorrizko hizkuntza horietan lan egin ahal izatea ahalbidetzea» aldarrikatu dute.

Kontseilua, pozik

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok berri ontzat hartu du alderdi politikoek atzo aurkeztutako legez besteko proposamena, eta gogora ekarri du zortzi puntu horien oinarrian eragileen denen testua dagoela: «Txalotu nahi dugu alderdiek guk egindako proposamenari baiezkoa eman eta aurrera eraman izana. Zinez uste dugu hau dela eragile desberdinen arteko lankidetzarako eredua». Egitasmoaren sustatzaileak eragile hauek izan ziren: Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Nogara, Iniciativa Pol Asturianu, A Mesa Pola Normalizacion Lingüistica, Accio Cultural del Pais Valencia, Ciemen, Escola Valenciana, Omnium eta Plataforma per la Llengua.

Kontseiluak ohartarazi du, ordea, bidea ez dela amaitu. Hurrengo asteetan ekinbidea sustatu zuten eragileek agerraldi bateratua egiteko asmoa dute. Horrez gain, berriz ere harremanetan jarriko dira alderdiekin, hurrengo hilabeteetan legez besteko proposamenaren inguruan izango den eztabaidaz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.