Psikologiako doktorea EHUn eta PSIDES ikerketa taldeko burua da Joana Jauregizar (Bermeo, Bizkaia, 1976). Ikerketa taldeko kideekin batera, gazteek bikotekidearekin Interneten eta aurrez aurre erabiltzen duten bortizkeria aztertu du, EHUko 341 ikaslek erantzundako galdera sorta baten bitartez. Ondorioztatu dute gazte askok erabili dutela bortizkeria bikote barruan: %80k aurrez aurreko harremanetan, %55ek harreman birtualetan. Era berean, gehienak izan dira indarkeria mota horren biktima: %75 aurrez aurreko harremanetan eta %51 harreman birtualetan.
Datuak ez al dira izugarriak? Espero al zenituzten?
Espero genituen emaitza horiek. Ikerketa batzuk irakurri ditugu, eta badakigu datuak horrantz doazela. Azpimarratzekoa da erdiek onartzen dutela noizbait kontrola erabili dutela online. Izugarriak dira datuak, arduratzekoak.
Biolentzia terminoa erabiltzen duzue. Zer dago biolentzia horren barruan?
Hasteko, aurrez aurrekoa eta Internetekoa ezberdindu behar dira. Lehenengoan, fisikoa, sexuala eta ahozkoa edo psikologikoa ditugu –iraina, umiliazioa, mehatxua, bikotekidea mintzea eta autoestimua ahultzen joatea–. Internetekoan, aldiz, eraso zuzena dago: bikotekidea umiliatzea sare sozialetan, hura iraintzea, argazki edo mezu desegokiak zabaltzea sareetan, mehatxatzea eta kontrolatzea. Kontrolaren adibide dira bikotekidea kontrolatzea, telefonoan dituen kontaktuak ikustea eta baten bat gustatzen ez bazaio borratzeko eskatzea, geolokalizazioa eskatzea denbora guztian lokalizatuta edukitzeko, pasahitzak eskatzea…
Biolentzia gehiena —%89— ez da fisikoa, hitzezkoa edo psikologikoa baizik. Ikusezinagoa da?
Bai. Pedagogia behar dugu. Oso garrantzitsua da hasieratik azaltzea ezin direla horrelako umiliazioak eta erasoak onartu, gero hori gelditzea zailagoa delako. Gainera, ikerketek esaten dute biolentziaren goraldi bat egoten dela. Hau da, bikotekidea ez da hasten hasieratik biolentzia fisikoarekin. Psikologikoarekin hasiko da, eta gehiagora joan. Interneteko biolentziari dagokionez, argazki bat sareetan jarriz gero oso zaila da gero hori desagerraraztea. Eraso mota askoz ere sotilagoak dira, baina min handia egiten dutenak.
Gazteek ba al dakite kontrola eraso mota bat dela?
Ez. Gazteentzat kontrola ez da eraso bat, maitasunaren seinale bat baizik. Uste dute polita dela bikotekidea jeloskor egotea. Arazoa hori da, normalizatzea. Maitasuna zer den modu okerrean ulertzen dute gazteek.
Zeintzuk izan daitezke horretaz ez jabetzeko arrazoiak?
Batetik, bikotekidea kontrolatzea errazten dieten tresnak dituzte. Bestetik, dependentzia emozionala eta autoestimu txikia duten pertsonak dira. Ingurua kontrolatu beharra dute eurak seguruago eta hobeto sentitzeko. Hainbat faktoreren konbinazioa da. Eskuetan tresna hori badute, euren beharrak asetzeko gailurik egokiena daukate.
«Bakoitzaren ardurari dagokionez, guztiok hausnartu beharko genuke zer egin honi buelta emateko»
341 pertsonako lagina erabili duzue ikerketarako. Lagin adierazgarria al da?
Ikerketak bere mugak ditu. Askoz ere lagin handiagoa eduki beharko genuke gure erkidegoko gazteria orokortzeko; baina, noski, ez dago soslai bakarra gizartean. Etorkizunari begira, gazteen soslaia zabaldu nahiko genuke, eta ez soilik unibertsitateko ikasleetara mugatu.
Biktimen soslai psikologiko ezberdinen inguruan hitz egin duzue ikerketan, baina zein da erasotzaileen soslaia?
Ez dago hain argi Interneteko eta aurrez aurreko erasotzaileen arteko desberdintasuna. Bien artean etsaitasun maila handia dagoela ikusi dugu, eta euren frustrazio, haserre eta egonezin hori kontrolatzeko zailtasuna ere badagoela. Zailtasunei eta arazoei aurre egiteko, erraztasun handiarekin jotzen dute agresibitatera. Ez soilik bikotekidearekin, ziur asko baita euren bizitzako beste arlo batzuetan ere.
Pornografiako eszena askotan biolentzia erabiltzen dute. Gazteek erabiltzen duten biolentzia fisiko horren arrazoietako bat pornografia izan daitekeela uste duzu?
Gure ikerketa taldean orain ari gara hori aztertzen, batez ere Interneteko pornografiaren kontsumoa gazteen artean. Ezin dizut emaitzarik aurreratu oraindik, lanean gabiltzalako, baina literatura zientifikoak esaten du erlazio zuzena dagoela pornografia kontsumoaren eta bikotekideen arteko erasoen artean. Hori barneratzen dute. Pentsatzen dute erlazio bat hori dela: emakumea gutxiestea eta objektu sexual bat balitz bezala tratatzea.
17-24 urteko gazteak dira, teorian, berdintasunean hezitakoak, derrigorrezko hezkuntza sistematik pasatutakoak… Ikerketaren emaitzek gizartearen porrota erakusten dute?
Nik esango nuke hausnarketa sakon bat egin beharko litzatekeela. Bakoitzaren ardurari dagokionez –hezitzaile, guraso, aitona-amona, haur– guztiok hausnartu beharko genuke gure aldetik zer egin honi buelta emateko. Guztion erantzukizuna da.
Ikerketako datuak ikusita, gizartea jabetzen al da egoeraren larritasunaz?
Nik esango nuke ezetz. Datu hauek ikusita badirudi gizartean eraso mota batzuk normalizatzen ari direla. Pedagogia asko dago egiteko oraindik; badirudi egiten ari garena ez dela nahikoa.
Zer egin daiteke egoera horri buelta emateko eta gizartea kontzientziatzeko?
Lan gehiago egiteko lau arlo garrantzitsu aipatuko nituzke. Alde batetik, oso gaztetatik hasi behar da lantzen zer estrategia ditugun arazoa konpontzeko. Agresibitate eta etsaitasun maila oso handia da erantzun dutenen artean. Frustrazioari eta haserreari aurre egiteko, agresibitatera jotzen dute. Beraz, txikitatik erakutsi behar zaie nola landu behar dituzten emozioak modu egokian. Beste alde batetik, informazioa eta formakuntza eskaini behar zaie biolentziaren inguruan. Kalera zoazenean zure bikotekideak argazki bat eskatzea ikusteko ea ondo edo gaizki jantzita zoazen, ez dago ondo, zu kontrolatzen ari da.
Horiez gain, oso gaztetatik prebentzio lana egiten hasi behar da, hau da, egoera horietatik nola babestu behar garen. Bukatzeko, Interneten eta sare sozialen erabilera egokian pedagogia gehiago behar dugu. Ez dira modu egokian erabiltzen, batez ere gazteen artean. Gainera, geroz eta lehenago erabiltzen dituzte tresna horiek, oraindik heldutasun nahikorik izan gabe.