Gazteen ia erdiek uste dute aurten ez direla emantzipatuko

Gazteen Euskal Behatokiak ‘Aurrera Begira 2022’ txostena aurkeztu du. Haren arabera, gazteek etorkizunarekiko duten konfiantzak nabarmen egin du behera.

Jonan Fernandezek eta Miren Saratxagak aurkeztu dute 'Aurrera Begira 2022' txostena, Gazteen Euskal Behatokian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko martxoaren 30a
17:15
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen %45ek uste dute urtebeteko epean ezin izango direla emantzipatu. Hala islatu du Gazteen Euskal Behatokiak, Aurrera Begira 2022 azterlanean. Gazteen egoerari eta pertzepzioari buruz, 3.500 inkesta baino gehiago egin dizkiete 15 eta 29 urte bitarteko gazteei. Eta gaur aurkeztu dituzte emaitzak Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030erako Agendaren idazkari nagusiak eta Miren Saratxaga Gazteriaren zuzendariak. «2003an hasi ginen txosten hau egiten; 2022ko azterlanak, beraz, gazteen aurreikuspenak aztertzeko hamarkada oso baten balantzea egiteko aukera ematen du», adierazi du Fernandezek.

Emantzipazioaren datua 2008ko krisiaren osteko datuetara bueltatu da. Izan ere, 2013an, gazteen %45ek uste zuten urtebetean ezin izango zirela emantzipatu. Hurrengo urteetan, ehunekoa handituz joan zen, eta 2018an serieko handiena izan zen: %48. Hurrengo urtean, aldiz, bederatzi puntu egin zuen behera. Hala ere, azken lau urteetan berriro igo da, %45era heldu arte.

Urtebetean enplegua aurkitzea espero duten langabe gazteen ehunekoak nabarmen egin du gora. 2021ean, %62k uste zuten lana aurkituko zuela. 2022an, berriz, %71k dute iritzi hori. Hala ere, hamar punturen aldea dago emakumeen eta gizonen artean. Emakumeen %65k uste dute enplegu bat aurkituko duela; gizonen artean, berriz, %75ekoa da uste hori. Bestalde, lan esparruan, emakumeen %35k uste dute lana galdu dezaketela. Gizonen kasuan ehunekoa txikiagoa da: %29. «Errealitate hori hor dago, eta arrakala bat dago», azaldu du Fernandezek. Eta gehitu du «arlo guztietan» eta «instituzio guztien artean» lan egin behar dela hori gainditzeko.

Datu batzuk, berriz, «egonkor» mantendu dira hamarkada osoan, Saratxagaren arabera. Besteak beste, etorkizunean atzerrira derrigorrean lan egitera emigratu beharko dutela uste duten gazteen ehunekoa. Iazko datua %10 da.

Adierazle berri bat ere sartu dute 2022ko txostenean: gurasotasuna. Saratxagak azaldu duenez, adierazle horrek neurtzen du zenbat gazteri gustatuko litzaiekeen seme-alabak izatea, baina ez dute uste hori nahi duten adinean gertatuko denik. Txostenak islatu du gazteen %26 egoera horretan daudela.

Gogobetetze pertsonalak behera egin du

Pandemia aurreko azken ikerketa 2019an egin zuten. Ordutik, gazteen poztasun indizeak zortzi puntu egin du behera: 100 punturen gainetik, 78koa zen lehen, eta 70 puntukoa da orain. Fernandezen arabera, «krisiak, pandemiak eta Ukrainako gerrak» eragina izan dute gazteen gogobetetze pertsonalean. Eta nahiz eta zenbakia serieko txikiena izan, oraindik «nabarmen handia» dela zehaztu du. Adierazle horrek hamar alderdiren batez bestekoaren bidez neurtzen du gogobetetze pertsonala. Adierazle horiek dira, besteak beste, osasuna, itxura fisikoa, familia eta lagunak.

Egungo egoeraren balorazioak ere zortzi puntu egin du behera lau urteetan. Adierazlea osatzeko, egoera pertsonalari, oro har gazteei eta «Euskadiren egoerari» emandako balorazioa uztartu dituzte. «5,4ko balorazioa jaso du gazteen egoera orokorrak eta hori da indizearen balioa jaisten duena», argitu du Fernandezek. Bestalde, jaitsierarik handiena etorkizunerako konfiantza indizeak pairatu du. Lau urteetan, hamabost puntu egin du behera: 69tik 54ra. Eta serieko baliorik txikiena izan du.

Indarkeria matxistaren 1.867 biktima gazte

Bestalde, 30 urte baino gutxiagoko 1.867 emakumek pairatu zuten indarkeria matxista iaz, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak emandako datuen arabera. «1.115 emakumek euren bikotearengandik edo bikote ohiarengandik jasan zuten». Era berean, adierazi du Zeuk Esan haurtzarorako eta nerabezarorako laguntza zerbitzuak 1.058 dei jaso zituela. Horietatik 22 genero indarkeria kasuak izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.