Euskal Herri osoko gazteen artean sare bat osatu nahi izan dute Eusko Ikaskuntzak, Euskadiko eta Nafarroako gazteriaren kontseiluek eta Udako Euskal Unibertsitateak; horretarako, hainbat foro antolatu dituzte. Foro horiek sortzeko ideia Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenetik dator: «Helburua da errealitate desberdinak ezagutzea, eta gure erronkak, kezkak eta itxaropenak partekatzea», azaldu du Antton Maia Eusko Ikaskuntzako talde eragileko kideak. Partaide da Ander Vizan ere, eta foroak antolatzen lagun izan dute Sara Escalante Nafarroako Gazteria Kontseiluko kidea. Foro horietan, lau gai nagusi jorratuko dituzte: hezkuntza formala eta ez-formala, gobernantza, ongizate materiala eta euskara.
Foroak bi fasetan banatuko dira. Abenduaren 14an ekingo diote lehengoari, Donostian. Gero, Iruñean elkartuko dira, otsailaren 8an, eta Baionan, martxoaren 14an. «EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko gazteek parte hartuko dute, bakoitzak bere lurraldean», azaldu du Vizanek. Bigarren fasean, berriz, aurretik parte hartu duten gazte guztiak foro bakarrean elkartuko dira. «Foro horietan aniztasuna egotea bermatu behar dugu, gaiak sakonean lantzeko», gaineratu du Maiak. Parte hartzea irekia izango da 18 eta 30 urte arteko gazteentzat, eta www.eusko-ikaskuntza.eus webgunean izango dute izena emateko aukera.
Espero dute gazteek arazo eta kezka desberdinak edukiko dituztela lurralde bakoitzaren errealitatearen arabera. Euskaren kasuan, esaterako, badakite batzuen eta besteen esperientziak desberdinak izan daitezkeela. Aldiz, adostasunerako tartea ere egongo dela pentsatzen dute: «Dauzkagun arazo batzuk berdinak izango dira; adibidez, etxebizitza, lana...», azaldu du Escalantek.
Foroak «abiapuntua» izango direla esan dute gazteek, eta lanean jarraitzeko asmoa adierazi dute. «Kezkekin eta tresnekin txosten bat egingo dugu, gobernuak interpelatzeko». Izan ere, badakite erakundeen laguntza beharrezkoa izango dela. «Identifikatutako tresnak martxan jartzeko, gobernuak beharko dira», ziurtatu du Vizanek. Pentsatzen duten arren erakundeek gazteak kontuan hartzen dituztela orain ere, jaramon gehiago egin beharko lieketela diote.
Foro horien bidez, gazteen parte hartzeak zer garrantzia duen ere azpimarratu nahi dute. Vizanen iritziz, aldaketetan gazteek parte hartzea «oso garrantzitsua» da, bestela aldaketek ez baitute beraien bizitza hobetuko: «Esaten da gazteok parte hartzeko modu desberdinak ditugula, eta foroetan horiek zein diren aztertu nahi dugu».
Gazteen hitza erdigunera
Lau foro antolatu dituzte jakiteko zer kezka dituzten Euskal Herriko gazteek hezkuntzaz, euskaraz, gobernantzaz eta ongizateaz, eta konponbideak bilatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu