Gazteen hitza aztertzen

Gazteek euskararekin duten harremana aztertu dute Hendaian. Euskarazko eskaintza urria izan dute aipagai, bai eta gaitasun faltak sortu oztopoak ere

Iñarra eta Artetxe Soziolinguistika Klusterraren jardunaldietan, atzo, Hendaian. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Gazteak mintzo: diskurtsoak eta etorkizunerako proiekzioak izenburupean, Euskal Soziolinguistikaren Jardunaldiak egin zituen Soziolinguistika Klusterrak atzo, Hendaian (Lapurdi). Hitzaldi eta mahai inguru bat baino gehiago izan ziren, gazteen bizipenak eta adituen azterketak tartekatuta.

Gazteen gaineko zenbait ikerketaren gakoak eman zituen Maialen Iñarra Soziolinguistika klusterreko ikerlariak. Jone Miren Hernandez eta Jaime Altunarekin batera, kirolari lotutako ikerketa proiektuetan parte hartutakoa da Iñarra, baita Arrue ikerketako analisietan ikasleen eskolako erabilerak aztertzen ibilitakoa ere, EAEn eta Nafarroan; hizkuntzaren kaleko erabileraren neurketako landa lanaren arduradun ere bada.

Iñarrak aipatu zuen azken urteetan «asko» aurreratu dela gaitasunari dagokionez, eta euskarak presentzia hartu duela gazteen eguneroko zenbait eremutan, izan unibertsitateko eskaintzan, eta, kultura kontsumoari dagokionez, literaturan eta musikan. «Baina, aldi berean, baditu hutsune edo gabezia handiak». Larunbatean Baionan eta martxoan Hego Euskal Herriko hiriburuetan izandako mobilizazioak aipatu zituen horren adibide gisa. «Mundu digitalean ere, euskarak presentzia kaxkarra du: ikus-entzunezkoetan eta bideojokoen munduan, presentzia ahula da. Gazteen egunerokoan garrantzitsuak diren eremuetan, euskarak pisu txikia du oraindik. Aisialdia, mundu digitala, harreman informalak... hor sumatzen da gabezia gehien; beraz, arreta hor jarri beharko genuke», ebatzi zuen.

Gazteen hitzetan oinarritu zen Miren Artetxe EHUko ikerlaria. Horretarako, gazteen erabilerari buruzko Lasarte-Oriako gazteak eta euskara ikerketan eta Donostiako Hezkuntza Fakultatean gazteei egindako galdetegiak baliatu zituen. Nagusikigazte gipuzkoarrek emandako erantzunak dira, beraz. Erabilitako hitzak erreproduzituz, gordin eman zituen bakoitzaren erranaldiak.

Horien bidez, agerian eman zuen gazte askorentzat ezagutza eta gaitasun falta oztopo direla egunerokoan euskara erabiltzeko. «D ereduan ikasitako asko ez dira gai edo ez dira eroso sentitzen elkarrizketa informal bat izateko eskolaz kanpo», azaldu zuen. «Batzuek ez dute sekula euskara erabili lagunartean. Beti erabili dute eskolako hizkuntza gisa gela barnean, eta, jolas garaian edo kalean, beti gazteleraz egin dute». Hizkuntza ez zaie arrotz, eskolan egunero erabiltzen dutelako; kontua da ez dutela hautua libreki egiten ahal, Artetxeren hitzetan, ez baitute baliabiderik euskaraz. «Ez dute gazte hizkuntzatzat hartzen, ez dute lagunarteko hizkeratzat hartzen».

Euskalkiaren inguruan duten pertzepzioaz ere aritu zen. Erran zuten euskalkirik ez dutenek «estilo» gisa ere ikusten dutela, eta ez dutela baitezpada leku batekin identifikatzen. Gazte hizkerarako erabili ei da. Adierazi zuenez, euskalkien eta batuaren arteko eztabaidatik atera eta gogoetarako bide bat ikusten du: «Gutxienez ulertzeko praktikak».

Artetxek azaldu zuenaren arabera, gazteek ez dute hitz egiten haien hizkuntza praktikei buruz: «Ez da gai bat». Gazteen guneetan erabilera bultzatu nahi bada, haiei eman behar zaizkie horri buruzko hitza eta erabakimena, Iñarraren aburuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.