Gazteen aisialdian frantsesa da nagusi

Gazteen aisialdian euskararen presentzia indartzeko botere publikoen ekarpena funtsezkoa dela nabarmendu dute ikerketa batean. Gazteek ez dute euskaraz irakurtzen, eta aisialdirako eskaintza murritza da euskaraz.

Erramun Baxok eta Jean Baptiste Coyos, liburua aurkezten. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian izeneko ikerketa argitaratu dute Erramun Baxok eta Jean Baptiste Coyos hizkuntzalariek, Euskaltzaindiaren Jagon sailean. Ikertzaileek nabarmendu dute gazteen aisialdian frantsesa dela nagusi, euskararen tokia biziki apala delarik. Ikerketaren ondorio gisa hiru ohar nagusi egin dituzte ikertzaileek. Gazteria, elkarteak edota kirola eskuduntzan daukaten tokiko elkargoei eskatu diete eman diezaiotela tokia euskarari. Beharrezkoa ikusten dute hizkuntza politika publikoak aisialdia euskalduntzen diharduten eragileak laguntzea, eta molde berezian eragin handia duten egiturak: udalekuak, euskarazko hedabideak, kirol elkarteak, festibalak. Uste dute aisialdia euskalduntzeko oso eraginkorrak direla gazteengan arrakasta handia duten baliabideak, bereziki, zinemak eta bideo jokoak.

Bertze hiru gomendio orokor egiten dituzte horren ondotik. Esan dute informazioa eta komunikazioa molde askotan zabaldu behar dela, euskarazko kultura eta aisialdia eskaintzeko. Euskarazko ekoizpen kulturalaren kontsumoa sustatu behar dela iritzi diote, eskaintza eginez euskaldunei bai eta publiko berriei ere. Mugaz gaineko lankidetza indartzearen alde egin dute Coyosek eta Baxok, molde formalean hala molde informalean.

Tarte handia

«Gaur egungo gazte baten bizian aisialdiak tarte handia hartzen du», azaldu du Baxokek. Erdal kultura nagusitzen da Iparraldean, eta, aldi berean, euskara eskola hizkuntza bilakatu da, hizkuntza akademikoa. Aisialdi antolatuak edo aisialdi hezitzaileak aztertu dituzte ikerketan. Gazte gehienek kantuarekin, dantzarekin eta pilota jokoarekin lotzen dute euskal kulturaren irudia. Jaiak eta kontzertuak gero heldu dira. Azken hiru hilabeteetan egin dituzten kultur jardueretan zinemara joatea nagusitzen da. Alta, Ipar Euskal Herrian abantzu ez da ekoizten euskarazko filmik, eta ekoizten dena hedatzeko arazo handiak daude. Zineman, %2k ikusi dute filma euskaraz. Kirolean, errugbia eta futbola dira jarraitzen dituzten jarduerak.

Euskal irratiak entzuten dituzte, hala ere, entzule kopuruak euskaldunen kopurua gaindituz. Gauza bera gertatzen da ETBrekin, bereziki kirol emankizunei esker. Aldiz, Ipar Euskal Herriko gazteek ez dute euskaraz irakurtzeko ohiturarik. %3k egunero irakurtzen dute euskaraz, izan dadin liburu bat, aldizkari bat edo egunkaria. %5k usu irakurtzen dute euskaraz; %11k, noizean behin; eta %78k, sekulan ez.

Bertze alde batetik, Coyosek nabarmendu du garrantzitsuak direla gazteek gazteentzako antolatzen dituzten ekitaldiak. Gehienak gaztetxeen bidez antolatzen dira. Alta, herri anitzetan ez dute egoitza finkorik, eta jarduerak egin ahal izateko, tokiak eskatu behar dituzte. Laguntza publikoa funtsezkoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.