Gazte Euskaltzaleen Sareak eta NUPeko Euskara Taldeak deituta, protesta bat egin zuten ostiralean Iruñean, eta gaur zabaldu dute hedabideetara han plazaratu zuten mezua. Salaketa bat nagusi du zuztarrean: gaur egun, «bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza bat» da euskara NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Datuak eman dituzte egungo eskaintza zeinen urria den erakusteko: «Soilik NUPen eskaintzen diren kredituen %29 dira euskaraz. Hori da NUPek ikasle euskaldunoi eskaintzen diguna, ogi apurrak besterik ez».
Euskara hutsean ikas daitezkeen bi gradu daudela adierazi dute: Irakasletza eta Gizarte Lana. Gainerakoan, adabakiak daude eskaintzan. «Ikasgai batzuk euskaraz ere egin daitezke, unibertsitateak bermatu gabe, irakasleak euskaraz baldin badaki». Unibertsitatea orain dela 37 urte sortu zela gogoratu dute, eta ordutik hainbat ikaslek ozendu dutela ahotsa unibertsitate euskaldun baten alde. Sortu, ordea, «espainol hutsean» sortu zela azaldu dute, eta nahi baino motelago egin direla beti euskarazko eskaintzaren aldeko urratsak. Horiek horrela, ikasle askok Euskal Herriko beste toki batzuetara joan behar izaten dute euskarazko hautuen bila. «Hau da gure errealitate gordina. Gure unibertsitate publikoan gure hizkuntzan ikastea ukatzen zaigun errealitate gordina».
Euskararen Eguna da bihar, eta horren harira zabaldu nahi izan dute orain berriz NUP euskalduntzearen aldeko mezua. Instituzioen jardunbideaz aritu dira gazteak. «Instituzio nagusietako arduradunak aterako dira esaten euskararen egoera bide onetik doala, haiek ekintza asko egiten ari direla euskararen alde, aurrerapauso garrantzitsuak eman dituztela...». Gero, «errealitatea», ordea, bestelakoa dela nabarmendu nahi dute: «Instituzioek euskararen alde egiten dutela esan bai, baina errealitatean ez dute euskararen alde egiten».
«Mobilizatzen» jarraitzeko prest
Gazteek gogoratu dute Nafarroako Gobernuko eta NUPeko egungo buruzagiak direla unibertsitatean euskarak duen presentzia urriaren «erantzuleak». Propio aipatu dituzte Unibertsitate, Berrikuntza eta Trantsizio Digitalerako kontseilari Patricia Fanlo eta NUPeko errektorea, Ramon Gonzalo. «Exijitzen diegu egoerari buelta emateko ardura hartu dezaten», esan dute. Bidean, «mobilizatzen» jarraitzeko asmoa azaldu dute. «Gazteok, saretuta gaude, borrokarako grina piztuta eta bidea urratzen jarraitzeko prest».
Sakoneko aldaketak nahi dituzte: «Gure eskubideekin ez dugu atzerapausorik eta utzikeriarik onartuko, eta ez gara hobekuntza anekdotikoekin konformatuko. NUPen %100 euskaraz ikasi ahal izatea gure oinarrizko eskubidea da».