Gazteek kezka adierazi dute euroeskualdean mugitu ahal izateko trabengatik

Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup erakundeak osatu dute Gazteak Mugaz Gaindi ikerketa, euroeskualdearen egoerari so

Gazteak Mugaz Gaindi programaren sustapenean aritu diren kideak, Donostiako Tabakaleran egindako aurkezpenean, atzo. EUSKO IKASKUNTZA.
Iosu Alberdi.
Donostia
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
«Euroeskualdearen indarguneak eta ahuleziak» aztertu dituzte Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Akitania Berriko Insup erakundeak, baina gazteen ikuspegitik begiratuta. Gazteak Mugaz Gaindi programan, bost hilabetez aritu dira euroeskualdeko txoko anitzetako gazteekin bilkurak egiten eta euren kezkak aztertzen. Mugaz gaindiko harremanei so, gazteek identifikatutako arazo nagusietako bi dira mugitu ahal izateko zailtasunak eta traba administratiboak, eta horiek egokitzeko eskatu dute, ipar-hego harremanek «elkarri aberastea» errazteko.

Proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, hiru eskualdeetako gazteek antzekotasun kultural eta sozial ugari dituzte, eta horrek aukera ematen du «espazio partekatuak» eratzeko zein harreman horiek zailtzen dituzten oztopoak identifikatzeko. Bide horretatik, iaz jarri zuten martxan Gazteak Mugaz Gaindi proiektua, eta 2023a hastearekin ekin zioten hiru espazio administratiboen pean bizi diren gazteak elkarrekin biltzeari. Xedeak: estereotipoak baztertzea, lankidetza sustatzea, gazteen arteko sareak indartzea eta hausnarketa kritikoa bultzatzea.

Antolatzaileen esanetan, gazteak kontziente dira euroeskualdeak kultura, gizarte eta ekonomia alorretan duen «potentzialaz», eta ardatz horien gainean lan egin dute. Horrek balio izan die gazteen zenbait kezka hizpide hartzeko: hizkuntza eta kultura, lana eta etxebizitza, eta trantsizio ekologikoa.

Hala nola parte hartzaileek identifikatu zuten belaunaldi berrien erronka nagusietako bat dela «gazteentzako lan aukera egokirik eza», eta, euroeskualdearen esparrura eramanez, azaldu dute egungo lurraldeen arteko oztopo administratibo eta logistikoek «mugaz gaindiko enplegua bilatzea» zailtzen dutela. Era berean, uste dute «garraio konexio eraginkor eta irisgarrien faltak» eragin negatiboak dituela kultura eta hezkuntza alorretan ere.

Horiek hala, funtsezkotzat jo dute «lankidetzarako eta koordinaziorako mekanismoak ezartzea» euroeskualdeko administrazioen eta mugaren bi aldeetan dauden enpresen artean, «kalitatezko enplegua sortzea sustatzeko eta gazteen lan mugikortasuna errazteko».

Etxebizitzarena, berriz, elementu «kritikotzat» jo dute, kezka iturri nagusietako bat baita. Zehazki, etxebizitzen eta alokairuen prezioen igoera jarri dute jomugan: «Egoera hori larriagotu egiten da etxebizitza eskuragarrien eskaintza urria delako eta arazo horri aurre egiteko politika espezifikorik ez dagoelako». Horiek hala, «etxebizitza eskuragarriak» eraikitzeko eta alokairu sozialak sustatzeko programak eskatu dituzte, emantzipazio beharrei erantzuteko. Izan ere, gaitasun falta hori jo dute «proiektu pertsonalak eta familiarrak aurrera eramateko» arazotzat.

Era berean, gazteek etorkizuneko politiketan txertatu beharreko elementutzat jo dute «aurrekaririk gabeko ingurumen erronkei» erantzungo dion trantsizio ekologikoa: «Parte hartzaileek ingurumen erronken erabateko kontzientzia dute, eta ingurumena gehiago errespetatzen duen eredurantz aldaketaren alde egiteko borondatea adierazi dute», azaldu dute proiektuaren garatzaileek.

Euskara zentroan

Sustatzaileek azaldu dutenez, 16 eta 32 urte bitarteko hogei gaztek baino gehiagok parte hartu dute prozesuan, «kokaleku, formakuntza eta kultur nortasun» anitzetakoak. Hala, erronka nagusietako bat izan dute hizkuntzaren erabilera, tartean baitzeuden gaztelania edo frantsesa soilik hitz egiten duten gazteak ere.

Halere, ondorioztatu dute proiektuak balio izan duela euroeskualdeko gazteen artean «nortasun kulturala» indartzeko, eta «euskararen ikaskuntza eta erabilera aktiboa bultzatzeko»: «Euskara eta euskal kultura oso ongi baloratzen dira elementu egituratzaile gisa».

Tratatutako elementuak euroeskualdearen esku utziko dituzte orain Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup-ek, horiek jorratzeko espazioa delakoan. «Espazio elkarbanatuak sortzea funtsezko tresna da», bai eta gazteei «tresna sozialak» ematea ere sozializaziorako oztopoak gainditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.