Gazteek gerrari buruzko kontzientzia hartzearen beharraz aritu dira Gernikan

Bi eguneko jardunaldiak antolatu dituzte Gogora institutuarekin batera. Artolazabalek urrats esanguratsutzat jo du Espainiaren adierazpena

Astrako babeslekuaren barruan jarritako erakusketa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Gernikako bonbardaketan hil zirenen aldeko omenaldiek herria betetzen dute oraindik ere, eta hala egingo dute hurrengo egunetan ere. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Politiketako sailburua ere Gernikan izan da, eta gazteei memoria helaraztearen garrantziaz aritu da. Esan duenez, memoriaren arloan, gaur egungo erronkarik garrantzitsuenetako bat da transmisioa: «Gerraren bidegabekeriak herri bat jotzen duenean, gazte guztiek beren kontzientzietan aldaketa bat sentitzeko erronka dugu».

Horrez gain, «norabide egokian egindako urrats txiki baina esanguratsutzat» jo du Espainiako Ministro Kontseiluak Gernikako bonbardaketari buruz onartutako adierazpen instituzionala.

Hain zuzen, Gogora Institutuak, Gernika-Lumoko Udalak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Nevadako Unibertsitateak elkarrekin antolatu dituzten Gernika 85 urte. Memoria, legegintza eta historiografia jardunaldietan esan zituen hitzok.

Atzo eman zieten hasiera, Aintzane Ezenarro Gogora memoriaren, bizikidetzaren eta giza eskubideen institutuko zuzendariarenhitzaldiarekin; egun osoko programazioa antolatu zuten. Besteak beste, memoria publiko eta demokratikoaren inguruan, memoria guneei buruz eta ahanztura historikoaren inguruan aritu ziren hizlariak.

Antolatzaileek bereziki nabarmendu zuten Astrari balioa emateko proiektuaren aurkezpena. Horren bidez, Astrak bonbardaketan eduki zuen garrantzia azpimarratu eta memoriarako leku bilakatu nahi izan dute.

Jose Maria Gorroño alkateak aurkeztu zuen egitasmoa; izan ere, Astra fabrikak bonbardaketatik babesteko balio izan zien hainbat gernikarri. Aurkezpenean izan zen Artolazabal ere, eta adierazi zuen bonbardaketak «nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmenak» izan zirela, eta hala direla oraindik ere.

Zehazki, Astrako babesleku horretan egindako ikus-entzunezkoa aurkeztu zuten atzo. Bertan, bonbardaketatik bizirik atera ziren Sebastian Uria eta Maria Olabarriaren testigantzak entzun daitezke, eta, horrez gain, Astrako eta Gernikako Tailerretako aterpeei buruzko informazioa ematen duten panelez osatutako erakusketa bat ere ezarri dute babeslekuaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.