Gazteek gero eta alkohol gutxiago edaten dutela erakusten dute ikerketek

Legez kanpoko drogen eta tabakoaren kontsumoa ere beheraka doaz, Hego Euskal Herrian egindako azterketen arabera.Gazte gehienek ez dituzte betetzen kirol gomendioak, baina badute garrantziaren berri.

2014ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko gazteek, oro har, geroz eta alkohol eta legez kanpoko droga gutxiago kontsumitzen dituzte. Hala erakusten dute Nafarroako Lan eta Osasun Publikoaren Institutuak egindako txostenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko osasunari buruz 2013an eginiko inkestak.

Kontsumoak behera egin duen arren, goiz hasten dira alkohola edaten gazteak: oraindik gaztetxo direla. Nafarroako gazteak, batez beste, 14,7 urterekin. Gainera, inkestan parte hartu dutenen %98k adierazi dute 18 urteak bete aurretik hasten direla edari alkoholdunak probatzen. Nafarroako Osasun Sailak «kezka» agertu du datu horrekin; oroitarazi du «edozein kontsumo arriskutsua» dela adingabeen artean, eta gazteek 18 urteak bete baino lehen edaten ez hasteko «neurriak» hartu behar direla. Alkohola oso goiz kontsumitzen hasteak garunean arazoak ekar ditzake: garaia baino lehen. Hori dela eta, azaldu dute «lehentasuna» dela alkohola edaten hasteko adina atzeratzeko urratsak egitea. Eusko Jaurlaritzak jasotako datuen arabera, geroago hasten dira gazteak alkohola edaten, baina adin nagusitasuna lortu aurretik, hala ere: 16,5 urterekin.

Gazteen artean, aldatzen ari dira alkohola kontsumitzeko ohiturak. Adibidez, gutxitzen ari da egunero edateko joera. Nafarroan egindako ikerketak, adibidez, erakutsi du edari alkoholdunak asteburuetan kontsumitzen dituztela gazteen erdiek. Alkohola kontsumitzeko lekuak ere aldatzen ari dira. Lehen, alkohola tabernetan kontsumitzen zen, batez ere. Orain, berriz, geroz eta gehiago edaten dute gazteek beste leku batzuetan. Nafarroan, esaterako, gazteen %32k adierazi dute lokaletan edateko ohitura dutela. 2007an baino 5 puntu gehiago da hori. Jaurlaritzaren datuetan, oraindik ere, tabernetan kontsumitzen da edari alkoholdun gehien. Hala ere, gazteen %26,1ek adierazi dute lokaletan edateko ohitura dutela. Lokaletan ez ezik, kalean edateko joerak ere gora egin du. Nafarroan, esaterako, 2007. urtean, %10,6k edaten zuten kalean; iaz, %17,6k.

Ikertzaileen aburuz, alkoholaren kontsumo intentsibotzat hartzen da bost edari alkoholdun edo gehiago edatea —bost garagardo inguru— bi ordutik beherako denbora tartean. Eta, oro har, datuek erakusten dute kontsumo intentsiboa geroz eta gazte gutxiagok egiten dutela. Hala ere, nerabeek bereziki asteburuetan kontsumitzen dituzten edari alkoholdunak. Datuen arabera, hilabete batean ia bitan mozkortzen dira; 1,8 aldiz.

Drogak eta tabakoa

Kalamua, kokaina, speed, estasia, ketamina, eta antzeko substantzia legez kanpokoen kontsumoa ere gutxitu egin da. Nafarroan egindako inkestan, 18 urteko beherakoen %8,3k kalamua kontsumitu zuten galderak erantzun aurreko hilabetean; batez beste, 16,1 urterekin hasten dira kalamua erretzen. Hala ere, kontsumitzaile kopurua jaitsi egin da.Legez kanpoko bestelako substantziak kontsumitzen, berriz, geroago hasten dira: 19 urterekin.

Agipad Drogen Gehiegizko Erabilera Ikertzeko eta Prebenitzeko Gipuzkoako Elkarteko zuzendari Felix Sarasuak azaldu duenez, 2009tik 2013ra, gora egin dute adingabeen mendekotasunei aurre egiteko tratamenduek: «lehen, 33 ziren, eta, orain, 54 dira». Kalamua uzten laguntzeko tratamenduak izan dira ia guztiak: 51. Duela bost urteko datuaren bikoitza da.

Tabakoaren kontsumoari dagokionez, egunero erretzen duten eta inoiz erre ez duten gazte gutxiago dago. Gazteen artean,gora egin du erretzeari uzteko asmoak. Nafarroan, neskak dira 14 -17 urte arteko erretzaile gehienak; mutilen bikoitza. Erretzen, oro har, 16,5 urteekin hasten dira. Jaurlaritzaren datuen arabera, 15-19 urteko hamar gaztetik ia lauk egunero erretzen dute; tarteka, %11k. Egunero erretzen dutenen ehunekoa handiagoa da mutilen artean nesken artean baino: %42 eta %36, hurrenez hurren.

Osasuna, estresa eta kirola

Gazteek, oro har, ongi irizten diote beren osasunari, baina estresa arazo bihurtzen ari da. Nafarroako azterketaren arabera, gazteen %40,3k pairatzen dute estresa. Batez ere, emakumeetan egin du gora, eta ez gutxi: 2007an, %33k jasaten zuten; iaz, ordea, %49k.

Nafarroako Osasun Sailak azaldu du aztertu beharra dagoela gazteek zergatik duten gero eta estres maila handiagoa. «Egindako inkestarekin, zantzu batzuk aurkitu ditugu, baina ateratako ondorioak orokorrak dira». Orain, zehaztera egin nahi dute, beharrezko neurriak «egoki» hartu ahal izateko. Horretarako, inkesta gehiago egiteko asmoa dute. Hala ere, Osasun Sailak nabarmendu du ez dela erraza gazteek gaur egun duten egoera, eta «normala» dela estresak gora egitea: «Gizartearen beharrak geroz eta zorrotzagoak dira. Gainera, gaur egun gazteak egoera zailean daude oso, eta zalantzazko etorkizuna dute». Horrelako ezegonkortasun egoerek estresa izatea «bultzatzen» dute.

Bizitza osasuntsua izatea hertsiki lotua dago kirola egitearekin. Egunero kirola egitea gomendatzen dute: helduek, gutxienez, 30 minutu; etaadingabeek, ordubete. Nafarroako nerabeen %58,5k adierazi dute, ordea, ez dutela inolako kirol jarduerarik egiten. Soilik %5,5ek egiten dute behar adina kirol, eta %36k ez dituzte betetzenkirol gomendioak. Kirola ez egiteko arrazoi nagusia, berriz, «denbora falta» dela adierazi dute inkestan parte hartu dutenen erdiek. Hala ere, argi dute garrantzitsua dela: %75entzat, «osasuntsu» egotea da kirola egiteko arrazoi nagusia. Nafarroako Osasun Sailak ohartarazi du biztanlerian aldaketa soziokultural eta teknologiko sakonak izan direla urteotan: hala nola kirol jarduerak urritu egin dira etxean zein kalean. Horren ondorioz, Osasun Sailak uste du «ohitura sedentarioak osasun arazo larri» bihurtu direla, eta horiei aurre egiteko bidea asmatu behar dela.

Elikadura ere garrantzitsua da bizitza osasuntsua izateko. Jaurlaritzak jasotako datuetan, aldaketak izan dira 2007-2013ko urteen bitartean. Aipatzeko aldaketa nabarmen bat da gazteek gero eta barazki gehiago jaten dutela; bai eta haragi zuriak ere. Edari Azukredunen kontsumoa oraindik ere handia den arren, jaitsi egin da. Baina gero eta fruitu, arrain eta lekale gutxiago jaten dute, eta goxoki eta janari laster ugari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.