EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatean irakaslea da Aitor Aritzeta. Donibane Lohizuneko Tomas Akinokoa lizeoko irakasleei eta ikasleei begirako baliabide psikologikoek berebiziko garrantzia dutela esan du; horien bidez traumak eragindako emozioak apaltzea da xedea.
Ikusi gehiago:Erasotzaileari erantzukizun penala egozten ahal zaiola dio prokuradoreak
Zer-nola lagundu dakieke orain hezkuntza komunitateko kideei ikusi eta bizitakoen ondorioz sortu zaizkien emozioekin?
Askok, ikasle eta irakasle askok, bizi dezakete trauma osteko estresa. Sintomak dira: gauean lorik egin ezina, ikusitako irudiak beren buruan berriro errepikatzea, ondoeza sentitzea, urduritasun orokortu bat... Halako kasuetan identifikatu behar izaten da nortzuk dauden trauma osteko egoera batean, eta zein neurritaraino; horren arabera, baliabide psikologikoak eskaini behar zaizkie. Normalean, lehen fasean izaten dira sentitzen dituzten sintomak leuntzeko. Gero ikusi beharko da beharrezkoa izan daitekeen ikasleren batentzat edota irakasleren batentzat jarraipen bat, terapia espezifikoren bat.
Nerabeak dira kasu honetan estres egoera horretan dauden asko: lizeoko ikasleak, hain justu ere. Horrek zaurgarriago egiten ditu sintoma horiekiko?
Zaurgarritasuna handiagoa izan daiteke beren identitatearen eraikuntza fase batean daudelako. Umetatik nerabezarora gertatzen den prozesu horretan gertatzen dira aldaketa hormonal handiak: munduan beren tokia bilatzeko ahaleginetan ari dira, inkonformismo handia izaten dute, eta alde horretatik nerabe askok ondoeza sentitzen dute. Eraikuntza prozesu horretan halako trauma bat gertatzen denean, mozketa bat sortzen da prozesuan, eta pixka bat galduta senti daitezke nerabeak. Arreta berezia jarri behar da halakoetan.
Normaltasunerako itzulera apurka-apurka egin beharko da orain zentroan, ezta?
Prozesu bat izango da, eta oso garrantzitsua izango da azalpen bat topatzea. Horrelako gertakizun baten ostean, gazteek, familiek eta irakasleek azalpen bat bilatuko dute. Azalpen batek emango die halako lasaitasun bat; azalpenik topatzen ez badute, ezjakintasunean denbora gehiago egingo dute, eta normaltasunerako buelta zailagoa izango da. Uler badezakete gertatu dena ez dela normala, alegia anormaltasunaren barruan kokatu behar dutela, faktore ezohiko batzuk elkartu direlako gertatu dela... Bada, horrek lagundu egingo du normaltasunerako buelta horretan.
Azalpen bila, nabarmenduko da erasoa egin zuen nerabeak buruko gaitz bat duela. Horren inguruko informazioa ere hitzak ondo neurtuta ematea komeni da, ezta? Gainerakoan buruko gaixoen gaineko estigma areagotzeko arriskua handia da...
Bai. Estigmatizazioaren eta buruko osasunaren artean daukagun borroka nagusia da normalizatzea. Psikosi bat, eskizofrenia bat... Halakoak dituzten pertsonei lagundu behar zaie adierazten, komunikatzen, zer gertatzen zaien. Baina ezin dugu lotu buruko osasun arazo bat jokabide kriminalarekin; oso kasu bakanak izaten dira halakoak. Aldiz, gizartean ulertarazi behar da lagundu behar zaiela pertsona horiei gertatzen zaiena normalizatzen: mahaiaren gainean jartzen. Zenbat eta lehenago izan horren kontziente, orduan eta aukera gehiago izango ditugu horrelako jokabideak prebenitzeko.
Aitor Aritzeta. Psikologia Fakultateko irakaslea EHUn
«Gazteek, familiek eta irakasleek azalpen bat bilatuko dute»
Herenegungo gertaeraren lekukoek, ikastetxearen inguruko pertsonek, trauma osteko estresaren sintomak izateko arriskua dutela esplikatu du Aritzetak; laguntza eman behar zaie, apurka, hainbat emozio baretzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu