Izaskun Saez de la Fuente. Irakaslea eta ikerlaria

«Gazteek ez dakite zer gertatu zen, baina haien motxila ez dago hutsik»

Etika eta historia irakatsiz, «indarkeria deslegitimatzeko» modua badela ondorioztatu dute ikerketa batean. Saez de la Fuentek dio gazteek ere badituztela «memoria propioak».

DEUSTUKO UNIBERTSITATEA.
edurne begiristain
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Gazteek motibazio politikoko indarkeriari buruz duten ezagutza eta iritziak aztertu asmoz, Deustuko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ikasle talde batekin lan egin zuten 2019-2020ko ikasturtean. Memoria, Educación Histórica y construcción de paz en Euskadi (Memoria, Hezkuntza Historikoa eta bakearen eraikuntza Euskadin) azterlanean bildu dituzte ikerketaren emaitzak. Lanaren egileetako bat da Izaskun Saez de la Fuente Etika Aplikatuko zentroko ikerlaria (Bilbo, 1970). Dioenez, gazteak jabetu dira iraganak baduela garrantzia «orainean eta etorkizunean». Atzo aurkeztu zuten lana, Deustuko Unibertsitatean.

Gazteek motibazio politikoko indarkeriaz duten ikuspegia aztertu duzue. Zergatik?

ETA desagertu zenetik, indarkeriaren arazoaren hurbilketa etikoak aurrera egin zuen, eta ikasgeletan indarkeriaren biktimak ardatz dituzten hezkuntza programak garatu ziren. Baina ez da aski izan. Gure ustez, hurbilketa etikoaz gain, hurbilketa historikoa ere egin behar da, etorkizuna ezin baita eraiki iraganari bizkarra emanda. Beti esaten da gazteek ez dakitela hemen zer gertatu den, eta hori ez da guztiz egia. Guk etikaren eta historiaren irakaskuntzaren arteko sinergietan sakondu nahi genuen, biek ala biek lagundu ahal dutelako herritar kritikoak eraikitzen eta indarkeria deslegitimatzen. Eta pentsatu genuen hori gazte talde batekin egin zitekeela.

Proiektuan 17 eta 25 urte bitarteko 11 gaztek parte hartu zuten, gizarte eta ideologia askotarikoak.

Aberastasun eta aniztasun handia eman zion taldeari, eta garrantzi handikoa zen hori gure hipotesiak aztertu ahal izateko. Ikaskuntza komunitatearen bitartez, historiaren eredu tradizionala hautsi nahi genuen, ikasleenidentitateak eta memoriak plano berean jarriz eta espazio horizontalago bat sortuz.

Zer ondorio atera zenituzten?

Gazteek ez dakite hemen zer gertatu den, baina beren motxila ez dago hutsik. Uste dute inposaturiko isiltasun bat dagoela, indarkeriaren gaia tabua balitz bezala. Ikuspegi ideologiko bateko zein besteko pertsonak bat zetozen gai horretan. Gazteek ez dute indarkeriarik bizi izan, baina indarkeria ezagutu dutenen seme-alabak edo bilobak dira, eta garrantzitsuena da konturatzea haien motxila ez dagoela hutsik. Nork bere esperientzia eta memoria propioak ditu. Memoriarekin zerikusia duen guztiak osagai emozional eta afektibo oso garrantzitsua dauka. Eta proiektuak balio izan zien pentsatzen zutena eta bizi eta sentitzen zutena barrutik ateratzeko. Azken batean, identitatea oroimenak markatzen du.

Indarkeriaren biktima baten lekukotza entzuteko aukera izan zuten gazteek. Zertarako balio izan zien?

Indarkeria erabiltzearen ondorio lazgarriak erakusteko balio izan zien. Gazteek elkarrizketa oso emankorra ezarri zuten biktimarekin, ez bakarrik gertatu zenari buruz, baita biktimaren ibilbideari buruz ere. Hortik aurrera egin genuen lana zera izan zen, memoria indibidual eta kolektiboak balioan jartzea, eta, ondoren, memoria horiek historiaren testuinguruan jartzea. Eta konturatu ginen ikasle horien zati esanguratsu batek errepikatu egiten zuela guk gatazkaren kontakizunaz urteetan egin dugun errelatoa. Kontakizun horren hutsuneak bilatu genituen, eta gazteak jabetu ziren iraganak baduela garrantzia orainean eta etorkizunean.

Ondorioztatu duzue historiaren irakaskuntzak memoria aintzat hartu behar duela.

Testuinguru historikoak une eta modu desberdinetan lagun dezake. Alde batetik, biktimen lekukotzek testuingururako elementuak ematen dizkiete gazteei, gertakariak uler ditzaten. Baina, bestetik, etikaren bidez gizarte prozesuen konplexutasuna erakutsi behar da. Horrez gain, gatazka eta indarkeria argi eta garbi bereizi behar dira, argi utzi behar da indarkeria eraikuntza sozialbat eta erabaki bat dela, eta erantzukizun bat dagoela atzean. Biktimak ikusgai egin behar dira, eta indarkeria erabiltzen dutenen erantzukizuna agerian utzi.

Indarkeriari buruzko kontakizun bat baino gehiago dago Euskal Herrian. Bakar bat ere ez inposatzeko proposamena egin duzue.

Kontakizun desberdinak elkarrekin bizi ahal dira, baina edozein errelatok ez du balio: egian eta justizian oinarrituta egon behar du. Hor beti egon behar du biktimen begiradak.

ETAren indarkerian jarri duzue arreta, baina beste indarkeria mota batzuen inguruan ere egin duzue gogoeta?

Bai. Planteamendu desberdinak entzun dira, eta mahai gainean egon dira estatu terrorismoa eta indarkeria poliziala eta parapolizialak ere. Eragile bakoitza identifikatu eta bere testuinguruan kokatu genuen. Bortxa batek ez du bestea esplikatzen, eta are gutxiago justifikatzen. Indarkeria zalantzan jartzeaz ari bagara, indarkeria deslegitimatzeaz ari gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.