Gazte Euskaltzaleen Sareak agerraldia egin du Bilbon Justizia jauregiaren aurrean, Kontseiluak azaroaren 4rako antolatu duen manifestazioari atxikimendua adierazteko. Gazteek iragarri dute euren blokea eratuko dutela euskararen kontrako oldarraldia salatzeko manifestazioan: «Bada ordua euskal hiztunoi dagozkigun eskubideak bermatu eta gure hizkuntzan askatasunez jarduteko».
Izaro Bereziartuak eta Oier Errementeriak «euskaldunen kontrako erasoaldi izugarria» salatu dute: «Oldarraldi judiziala izan da ofentsiba honen azken adierazle garbiena, baina oldarraldia, judiziala izateaz gain, politikoa, soziala eta ideologikoa ere bada». Esaterako, «komunikabide batzuek geroz eta lotsa eta disimulu txikiagoarekin hauspotzen duten gezurra» aipatu dute, hots, euskaldunak «pribilegiatu eta inposatzaile moduan» aurkezten duen «kontakizun tranpatia».
Gazte Euskaltzaleen Sarearen ustez, «titular sentsazionalistetan eta datu faltsuetan oinarriturik, ikasteko eta erabiltzeko ilusioa eta gogoa zabaldu beharrean, gorrotozko eta gutxiespenezko mezuak hedatzen dituzte, gure hizkuntzaren aurkako zapalkuntza sistematiko hori betikotu dadin».
Bereziki, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako egoera salatu dute. Nafarroako zonifikazioari dagokionez, esan dute «sinestezina» begitantzen zaiela Nafarroa «hirutan zatituta» ikustea: «Urteak aurrera doaz, baina hemen gauza batzuek geldirik jarraitzen dute. Aurrera egiteko ezintasuna atzera jotzea da, eta orain aurrera egiteko garaia da».
Gazteei deialdia
Manifestazioan parte hartzeko dei berezia egin diete gazteei: «Euskararen normalizazioan bizi garela saldu nahi digute, baina errealitatearen argazkia guztiz bestelakoa da. Euskaraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldia da gurea, baina aurrera egin nahi duena ere bai».
Gazte Euskaltzaleen Sarearen iritziz, beharrezkoa da «herri bultzada indartsu bat» eta erasoaldiari «herri erantzun sendo bat» ematea, eta horretan gazteek zeregin berezia dutelakoan daude: «Gure belaunaldiak ere ardura hartu behar du euskarak aurrera egin dezan, eta bide horretan gazteok konpromiso argia adierazi nahi dugu».
Konpromiso horren adierazlea da gazteek manifestazioan bloke bat eratzea, azaroaren 4an Bilboko Jesusen Bihotza plazatik abiatuko dena, 17:00etan, Euskaldunon aurkako erasopen aurrean, gazteok tinko. Euskara aurrera lelopean.