Europako Parlamenturako hauteskundeak martxan dira jada. Euskal Herrian hautetsontziak igandean zabalduko badituzte ere, Herbehereetan gaur hasi dira botoa ematen, eta bihar bozkatuko dute Irlandan eta Txekiako Errepublikan. Estonia izango da boto elektronikoa onartzen duen batasuneko herrialde bakarra, eta astelehenetik da martxan. Emaitzak, halere, igandean jakinaraziko dituzte denek, EBko hautesleku guztiak itxi ostean, alegia.
Bien bitartean, botoa eskatzeko azken orduak ari dira baliatzen alderdiak. Zalantzan daudenak erakartzeko ahaleginak egin dituzte hautagaiek kanpainako gaurko ekitaldietan.
EH Bildu: Gazteen geroa jokoan
EH Bilduk gazteekin egin du ekitaldia Eibarren (Gipuzkoa), eta igandeko hauteskundeetan parte hartzeko deia egin dute. Nayua Jatri Aduh koalizio subiranistako zerrendakideak nabarmendu du Europa «bidegurutze batean» dagoela, eta mundua, berriz, «noraezean». Eta gerrak dira, hain justu, horren isla, haren esanetan. Bada, gerrarik gabeko eta eskuin muturrak lekurik ez duen mundu baten alde lan egitea aldarrikatu du: «Gazteok ez dugu mundu honetan, ez modu honetan bizi nahi. Horregatik, argi eta ozen esan nahi dugu beste mundu baten aldeko borrokara atxikitzen garela».
Horretarako, baina, ezinbestekotzat jo dute ezker subiranistaren aldeko botoa ematea; Edurne Benito del Valle legebiltzarkideak ohartarazi du hala egin ezean eskuin muturrak ekar dezakeela eskubideetan «atzera» egitea: «Euskal gazteok ez dugu onartuko faxista, arrazista, matxista eta homofobo talde batek gure oraina eta, are gutxiago, etorkizuna baldintzatzea».
Benitok adierazi du gazteek koalizio subiranistari emango diotela botoa; besteak beste, faxistei «min handien» egiten dien botoa delako, eta gazteen etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen alde lan egingo duenaren bermea delako. EH Bilduren aldeko botoa feminista eta euskalduna den «bakarra» dela ere azpimarratu dute.
Era berean, ultraeskuin onik edo txarrik ez dagoela gogorarazi du Nekane Zinkunegi zerrendakideak arratsaldean, Getarian (Gipuzkoa). Eta azpimarratu du igandean justizia sozialaren eta gutxiengo elite baten pribilegioen artean bozkatu beharko dutela herritarrek. Bruselan «euskal ahotsa» Pernando Barrenarena izan dadin ziurtatzeko eskatu die herritarrei Arnaldo Otegik.
EAJ: Gizarte jasangarri eta inklusiboa oinarri
Andoni Ortuzar EBBko presidentearen hitzetan ere, igandean bi aukera baino ez daude: «Aurrera edo atzera egitea». Horren aurrean, euskal herritarren mezua argia eta ozena izan behar dela defendatu du: «Guk demokraziarekin eta askatasunarekin egon behar dugu. Beti aurrera».
Oihane Agirregoitia EAJren zerrendaburuak, bestalde, egoera zaurgarrienean daudenak babestuko dituen nahiz oparotasuna aukera berdintasun bilakatuko duen Europa aldarrikatu du goizean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa eredu dira horretan, haren hitzetan; besteak beste, «garapen jasangarri eta inklusiboa» sustatzen dutelako eta ekonomiaren garapena eta gizartearen aurrerabidea bateratzen dituztelako. DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta da horren adibiderik nabarmena, hain zuzen ere. Bada, eredu horretan sakondu nahi dute jeltzaleek, hala Euskal Herrian nola Bruselan, Agirregoitiak hitzeman duenez: «Konpromisoa hartzen dugu eredu sozial iraunkor eta onuragarri bat bermatzen eta hobetzen jarraitzeko, eredu hori suntsitu nahi duten eskuineko eta ezkerreko muturren aurrean».
Alderdi Sozialista: kudeaketaren berme
Europako erabakiak eta proiektuak euskal erakundeetara eramateko Alderdi Sozialistak duen gaitasuna nabarmendu du Idoia Mendia hautagaiak. Zumarragan (Gipuzkoa) egindako ekitaldian, Mendiak adierazi du sozialistek badakitela ezberdinen artean lan egiten eta adosten, eta azpimarratu du hori erakunde guztietan erakutsi dutela. Bada, aurrerantzean, euskal herritarren interesak Bruselan defendatuko dituela hitzeman du. Era berean, ohartarazi du eskuin muturreko eta eskuineko indarrek Europako ongizate sistemarekin amaitu nahi dutela, eta adierazi du hori geldiarazteko berme bakarra Alderdi Sozialista dela.
Sumar: Sozialistak erakarri nahian
Hain justu ere, Sumarrek Alderdi Sozialistari aurpegiratu dio mugimendu feministaren eta LGTBI kolektiboaren eskubideen aurka daudenekin bat egitea. Europako migrazio ituna Voxekin eta eskuin muturreko beste alderdiekin batera onartu izana da horren adibide, Andeka Larrea zerrendakidearen esanetan. Bada, boto emaile sozialistei eskatu die Sumarren alde bozkatzeko igandean, Europako Parlamentuan ultraeskuinari aurre egingo diotelako.
PP: Migrazioaz kexu
Alderdi Popularrak Gipuzkoako eta Lapurdiko mugara eraman du kanpaina. Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen zubian egindako ekitaldian, migrazioa izan du hizpide Javier Zarzalejos hautagaiak. Salatu du ez dela onargarria Frantziak muga horretan egiten duena, Schengengo Ituna urratu eta migratzaileak atzeman ahala Espainiara itzultzen baititu. Bada, Zarzalejosek azaldu du gutun bat bidali diotela Bruselari gertatzen ari denaren berri emateko, eta esku har dezala eskatzeko. Javier de Andres popularren buruzagiak, berriz, PSE-EEri aurpegiratu dio Sanchezi kanpaina estrategia erosi eta instituzioen eta hedabideen zilegitasuna zalantzan jarri izana.