Gazteak, politikari galdezka

Gazteek politikan interesik ez dutela askotan aipatu den arren, bada interes hori indartzen ari dela adierazten duenik. Politika zientzien ikasketetan matrikulazio kopurua igo egin da, esaterako, azken urteetan. Unibertsitate mundura hurbildu da BERRIA, joeraren zergatien bila.

Alderdi politikoen arteko mahaingurua, EHUren Bizkaiko campusean, iazko abenduan, Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Esaerak dio: gazteentzat da plaza. Baina plaza publikoa, jardun politikoa, gazteen interesekoa denik zalantzan jarri dute askok; hain justu, alderdien, politikarien eta gizarte ereduaren sinesgarritasuna krisian den honetan. Kontrako joera nabaritu da, ordea, unibertsitate esparruan. Politika zientziari lotutako ikasketen matrikula kopuruak gora egin du EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta, ondorioz, igo egin da gutxieneko nota eskakizuna ere. Hala, 2013an, Politika eta Administrazio Zientzien gradurako gutxieneko sarrera nota 5,63 izan bazen, aurten, 6,40 izan da.

Jone Martinez (Bilbo, 1985) EHUko irakasle eta aipatu graduko koordinatzailearen iritziz, gazteen politikarekiko interes faltaz hitz egiten denean, ez dira kontuan hartzen gazteek parte hartzeko dituzten moduak. «Gazteen parte hartzea, ekintzak, epaiak eta balioak desegokia den perspektibatik aztertzen dira: helduzentrismotik».

Politikarekiko interesa handitu denaren adierazgarri da matrikula kopuruaren gorakada, Martinezen ustez. «Hainbat faktorek eragin dute, baina agerikoenak dira [2011ko] maiatzaren 15aren ostean sortu ziren prozesu politiko berritzaileen eztanda eta, haren eraginez, gazteen politizaziorako ireki ziren aukerak». Martinezen esanetan, «demokraziaren krisiak» diskurtso politiko «berritzaileagoak» sortzeko aukera eman zuen. «Jende askok orduan jaso zuen lehenengo sozializazio politikoa».

Horrez gain, M-15aren ondoren, telebistak eztabaida politikoei tarte handiagoa eskaintzen hasi zirela ere azpimarratu du irakasleak. Analista politikoen eta politika zientzietan aditu direnen proiekzio mediatikoa handiagoa izan da, ondorioz. Ez,ordea, telebistako eztabaidetan bakarrik. «Alderdi politiko berriek gidaritzan dituzten pertsonak politika zientzian trebatutakoak dira. Figura horrek ere eragiten duela esango nuke. Politikaren intelektualizazioa ematen ari da».

NUPek ez du politika zientzia gradurik, baina politikari lotutako zenbait irakasgai eta kurtso eskaintzen ditu. Ricardo Feliu (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1972) soziologoaren arabera, «gazteek politikari muzin egiten diotela pentsa daiteke, baina urruntasun hori ez da politikarekiko, alderdi politiko, gobernu eta klase politikoarekiko baizik». Hala, hauteskunde emaitzen analisiak gazteen arteko abstentzio maila altua adierazten badu ere, bozetan parte ez hartzeko erabakia ez da utzikeria jarrera gisa ulertu behar, Feliuren esanetan; egoera politikoaren aurrean, kritiko agertzeko hautu gisa, baizik.

Ikasleen artean, herri mugimenduekin edo alderdi politikoekin lotura duten gazteak aurkitzea ohikoa dela azaldu du Feliuk. Azken aldian, baina, «profil berria» duten ikasleak atzeman dituela nabarmendu du. «Krisiak agerian utzi du politikak zenbaterainoko eragin zuzena duen jendearen egunerokoan. Kontu abstraktu bat baino, egunerokoari hertsiki lotua dagoen gaia dela frogatu du. Egunerokoan aurkitzen dituzten galderei erantzuna emateko gerturatu da ikasle asko irakasgai hauetara».

Gazteen esperientzia pertsonalak berebiziko garrantzia du Braulio Gomez (Ourense, Galizia, 1970) Deustuko Unibertsitateko irakaslearen iritziz ere. Filosofia, Ekonomia eta Politika graduko irakaslea da Gomez. Aurten eskaini du lehenengoz gradu hori Deustuko Unibertsitateak. Gomezek adierazi du gazteak direla, hain justu, krisi ekonomikoak gehien er dituen gizarte sektorea. «Lehenengoz, gazteek ikusi dute ez direla haien gurasoak bezala biziko, gehienek bizi baldintza horiek galduko dituztela, statu quoan ez dagoela haien arazoentzako erantzunik». Gomezek azaldu duenez, norbanakoen arazoek jatorri estrukturalagoa dutela uste dute ikasleek eta erantzunak bilatu nahi dituzte. «Bat-batean, gazteen bizitza baldintzatzen ari diren gakoak zein diren ikusteko interes handia dago».

Errealitate politikoan eragin eta aldaketak bultzatzeko nahia dute ikasleek, Martinezek argitu duenez. «Gazte kopuru garrantzitsu batek haien iritzi eta hausnarketak plazaratzeko interesa dute. Analista politikoak izan nahi dute». Badira alderdi politikoetan jarduteko asmoz politika zientzietara hurbiltzen direnak ere. «Horiei hasieratik esaten diegu horretarako ez dela beharrezkoa politika zientziak ikastea». Ikerketan jarduteko nahia adierazten dute beste zenbaitek, eta gutxienak dira administrazio publikoan lan egiteko asmoa agertzen dutenak. «Horietan, profila, bereziki emakumezkoena da, nire esperientziaren arabera», zehaztu du Martinezek.

Demokrazia kezka iturri

Ikasleek adierazten dituzten kezken artean «denetarik dago», Martinezen hitzetan. «Emakumeak kezkatuta daude beren parte hartzearekin, emakumeen interesak espazio publikoan agertzen diren moduarekin, feminismoarekin». Ohiko beste interesgune bat gatazkak izaten direla azaldu du. «Gatazkak oro har. Euskal gatazka eta nazioartekoak. Bake prozesuak». Beste zenbaitek administrazio publikoaren funtzionamenduari erreparatzen diote gehien, eta politika publiko egokiak nola sortu galdetzen diete haien buruari. «Nola hala, denak daude kezkatuta demokraziarekin eta demokraziaren kalitatearekin».

Teknologia berriek eragin handia izan dutela deritzo Gomezek. Ez soilik, informazio agenda pertsonalizatua osatzeko eta iritziak plazaratzeko aukera ematen dutelako, baita sustatu dituen balioengatik ere. «[Internetek] espazio publiko berria sortu du. Zuzeneko parte hartzea, horizontala, partekatua, eta gardentasunezkoa lotzen zaio». Gomezen esanetan, gazteek sistema politikoari eskatzen dioten ereduarekin bat datozen balioak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.