EAJk adierazi du haren «egoskorkeriari» esker iritsiko dela «Europari lotzeko AHTa»

EH Bilduk hitzeman du ez duela austeritate politiken alde egiten duen hautagairik babestuko batzorderako. Sozialistek eskatu dute «alderdi kontserbadoreak» alboratzeko, PP barne.

Ortuzar, Agirregoitia, Molina eta Molinuevo, Amurrion (Araba). EAJ
Ortuzar, Agirregoitia, Molina eta Molinuevo, Amurrion (Araba). EAJ
aitor biain
2024ko maiatzaren 29a
17:25
Entzun

Ekainaren 9ko Europako Parlamenturako hauteskundeen kanpaina hasi zenetik astebete igaro den honetan, nork bere eredua defendatu du, besteenaren aurka. Hautagaiek ahotan izan zituzten, besteak beste, industriari, lehen sektoreari eta migrazioari lotutako gaiak.

EAJ: Politika egiteko eta ulertzeko eredu propioaz harro

Jeltzaleek politika ulertzeko eta egiteko duten eredu «bereizgarria» defendatu du EAJko presidente Andoni Ortuzarrek gaur, Amurrion (Araba) egindako ekitaldian. Espainiako alderdi nagusiei kritika egin die Ortuzarrek, eta esan du haiek «espektakulua» eta «lohia» lehenesten dituztela, eta EAJk, berriz, «benetako politika» egiten duela.

Eta eredu horren adibidetzat jarri du abiadura handiko trena. Izan ere, atzo Javier Zarzalejos popularren zerrendakideak salatu zuen AHTaren egoera «surrealista» dela, eta errua jeltzaleena eta sozialistena dela. «Azala behar da gero hori esateko», kritikatu du Ortuzarrek, eta gogorarazi eskumena Espainiako Gobernuarena dela, eta PPk eta PSOEk ez dutela ezer egin. Bada, esan du lanak EAJri esker amaituko direla: «Berandu, baina EAJren egoskorkeriari esker izango da Euskadi Europara lotuko duen AHTa».

Oihane Agirregoitia EAJren zerrendaburuak, bestalde, industriaren garrantzia azpimarratu du, eta beharrezkotzat jo du «berrindustrializazioren alde» egitea. Hitzeman du Europako ekonomiaren eraldaketa bultzatzen jarraituko duela, deskarbonizazioa eta digitalizazioa ipar hartuta. Alde horretatik, Europak subiranotasun estrategikoa izateko beharra defendatu du: «Guk made in Europe eredua defendatzen dugu». Eta gogorarazi du bihar dela posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna.

Goizean, berriz, «prestakuntzarik onena duen belaunaldiaren» lan eta bizi baldintzak hobetzeko hiru proposamenak plazaratu ditu Aitana Agirre zerrendakideak: gazteen laneratzea sustatzeko Europako berme sistema indartzea, nazioarteko truke programak sustatzea eta goi mailako tituluen homologazioa azkartzea.

EH Bildu: Austeritatearen murru

EH Bildu

Austeritatearen aurkako mezua zabaldu du Pernando Barrena EH Bilduren hautagaiak gaur, Altsasun (Nafarroa). Ziurtatu du koalizio subiranistak emandako hitza betetzen duela, eta, beraz, ez duela «inola ere» austeritate politikak agintzen dituen hautagairik babestuko Europako Batzordeko lehendakaritzarako. Horien artean dago Ursula von der Leyen, hain zuzen ere; «austeritatearen erregina», Barrenaren hitzetan.

Barrenak bere hitzaldia baliatu du EAJri kritika egiteko; izan ere, gogorarazi du duela bost urte haren aldeko botoa eman zuela jeltzaleen europarlamentari zen Izaskun Bilbaok, PSOEk eta PPk bezalaxe. Bada, eskuineko indarrak gelditzeko ezkerreko botoen beharra dagoela esan du Nafarroako parlamentari Laura Aznalek: «Guk ez badugu egiten, haiek egingo dute».

Goizean, berriz, egungo NPB Nekazaritza Politika Bateratua aldatzea proposatu du Itxaso Etxebarria zerrendakideak, iritzita ekoizle handiei mesede egiten diela, eta txikiei kalte: «Nekazaritza Politika Bateratua aldatu nahi dugu eraginkorra izan dadin, eta ustiategi txikiak, familiarrak, babesteko eta iraunarazteko balio dezan». Elikadura subiranotasuna lortzeko, lehen sektorea «estrategikoa» dela gogorarazi zuen. Burokrazia arintzeko eta merkatu libreko akordioak berrikusteko eskatu du koalizio subiranistak, Etxebarriak adierazi duenez. Eta kanpotik etorritako produktuei bertakoei ezartzen zaizkien baldintzak eta kontrolak ezartzea ere exijituko du. 

PSOE: Europa gehiago, eskuin gutxiago

PSE-EE

Europako Batasunaren proiektuan sakontzeko eta aurrera egiteko beharraz jardun du Idoia Mendia sozialisten zerrendakideak. Eta adierazi du «alderdi kontserbadoreak» alboratu egin behar direla horretarako, PP barne, iraganera itzuli nahi dutenei «ateak zabaldu» dizkielako. Mendiaren hitzetan, EBk ezin du orain arte lortutakoa galdu, eta «demokraziari, justizia sozialari eta merkatu bakarrari» eustea eskatu du: «Europak aurrerabiderako funtsezko motorra izan behar du, eta eragina izan behar du jokaleku geopolitiko berrian».

Mendiaren ustez, hori dago jokoan ekainaren 9ko bozetan. Baina gogorarazi du zein den hartu beharreko norabidea: «Europa gehiago». Adierazi du Europako Parlamentuan gehiengo aurrerakoi bat izanda soilik lor daitekeela hori, eta hori bermatuko duen bakarra Alderdi Sozialista dela. Bilbon egindako ekitaldian alboan izan ditu, hain justu ere, Joaquin Almunia Europako Batzordeko presidente ohia eta Ramon Jauregi europarlamentaria.

Popularren aurkako mezua izan du ahotan Elena Sancho zerrendakideak ere. Nafarroako hautagaiak salatu du eskuineko indarren ingurumen politiketan «interes ekonomikoak» nagusitzen direla, herritarren ongizatearen eta osasunaren aurretik. Eta autogintzaren elektrifikazioa «zalantzan» jarri izana egotzi dio. «PPk ez du jasangarritasun politiketan sinisten: gelditzen ez baditugu, planeta suntsituko dute», ohartarazi du Sanchok.

Sumar: Militarismoaren aurka

Sumarren zerrendaburu Estrella Galan Gernikan (Bizkaia) izan da gaur, alderdikideekin eta Andeka Larrea zerrendakidearekin batera. Bakearen Museoa bisitatu ostean, bakea, giza eskubideak eta elkartasuna aldarrikatu ditu Gazarako, Sahararako eta Ukrainarako. Galanek adierazi du herriek defendatzeko eskubidea dutela, baina militarismoa ezin dela lehentasuna izan: «Gastu militarra handitzea ezin da izan Europako ezein gobernuren lehentasuna». Eta kritikatu egin du Ukrainara armak bidaltzeko Espainiako Gobernuak asteon sinatu duen akordioa. Larreak, berriz, ohartarazi du eskuin muturraren diskurtsoek arriskuan jartzen dituztela bakea eta elkarbizitza.

PP: Migrazio politika berri baten eske

Alderdi Popularrak Getxora (Bizkaia) eraman du kanpaina, elkartasuna adierazteko joan den asteburuan labana sartuta hil zuten gaztearen senideei, eta eskatzeko migrazio politika errotik aldatu dadila. Carlos Iturgaiz zerrendakideak ohartarazi du segurtasuna «arriskuan» jartzen duen «legez kanpoko migrazioan» esku hartu behar dela, egoera «jasanezina» delako. Esan du EBren «erronka nagusia» dela legez kanpoko migrazioa geldiarazteko «presazko neurriak» hartzea, Europako mugak «mafien» kontrolpean daudelako gaur egun.

UPN: «Nahi duzuenaren alde bozkatu»

UPNren boto paperik ez da izango ekainaren 9ko bozetan, PPk uko egin baitzion UPNko ordezkariak zerrendan sartzeari. Hala, Cristina Ibarrolak nahi dutenaren alde bozkatzeko askatasuna eman die hautesleei: «Arrazoizkoena da askatasuna ematea eta gure oinarriekin eta balioekin bat egiten duen aukeraren alde egitea». Nafarrak, espainiarrak eta europarrak direla gogorarazi du, eta «sektarismoen, nazionalismoen eta populismoen aurka» daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.