Jokoarekin zerikusia daukan patologiaren bat garatzen duten gazteak gizonak izan ohi dira, eta aldi berean jokoaren bi modalitateetan aritzen direnak dira —aurrez aurreko jokoan eta online aritzen direnak, alegia— patologia izateko arriskurik handiena dutenak: %12, 5.
Joan den astean atera ziren datuok argitara, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokoa arautzen duen erregelamendu berria indarrean sartzearekin batera. Lege berriaren arabera, gutxienez 150 metro egon beharko dira apustu etxeen eta ikastetxeen artean, eta joko aretoen publizitatea eta lokal horietarako sarrera mugatzen dituzten neurriak ere ezartzen ditu.
Ikusi gehiago: «Joko aretoek bizi baldintzak hobetzeko desira pribatizatu dute»
Kaleratutako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gazteen erdiak baino gehiago ez dira inoiz apustuetan edo bestelako ausazko jokoren batean aritu, baina, aldiz, lautik batek jokatu du azken urtean behin gutxienez. Bizitzan inoiz jokoan aritu direnen proportzioa, berriz, %47,5 da. Jokoaren Euskal Behatokiak kaleratutako Gazteak eta jokoa euskal autonomia erkidegoan izeneko txostenean ageri dira datuok, eta Jonatan Garcia ikertzailea da azterlanaren egileetako bat. «2020. urtean egindako ikerketak erakutsi zigun gazteak arreta jarri beharreko kolektibo bat zirela jokoari dagokionez, eta horregatik erabaki genuen gazteetan zentratutako bigarren ikerketa hau egitea», adierazi du ikertzaileak.
2020. urtean egindako ikerketa horrek biztanleria osoa hartzen zuen kontuan, eta datu adierazgarri batzuk atera zituen argitara: jokoarekin arazoak dituztenen kopuruak gora egiten du adinak behera egin ahala, eta, 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, 65 urte edo gehiagokoen artean baino bost aldiz handiagoa da —%4,5 eta %0,9, hurrenez hurren—. Horrez gain, Garciak dio beste ondorio garrantzitsu bat atera zutela lehen txosten horretako emaitzetatik: «Ikerketa horrek erakutsi zigun online jokoaren eta aurrez aurreko jokoaren artean gertatzen ziren adinen arteko dinamikak ezberdinak zirela, eta horren ondorioz erabaki genuen gazteek jokoarekin daukaten harremana ikertzea».
Ikerketak, harreman hori aztertzeaz gain, gazteek online jokoez egiten duten erabileraren inguruan dauden aurreiritziak gezurtatzeko ere balio izan du, ikertzaileen arabera: «750 galdetegi horiek egin ondoren, ikusi dugu zenbat eta gazteagoak izan orduan eta presentzia handiagoa dutela online jokoek, baina hala ere oraindik aurrez aurreko jokoek daukatela nagusitasuna». Izan ere, gazteen %10ek erantzun zuten online soilik jokatzen zuela, eta beste %20k zioten aurrez aurrekoetan eta Internet bidez aritzen zela. «Ehuneko hori ez da jokoan gazteen portaera aldatu dela esateko bezain handia. Denbora gehiago beharko dugu joera hori hobeto aztertzeko».
Ikusi gehiago: Legea «ez da nahikoa» Eragin plataformarentzat
Jokatzen duenaren inguruneak haren portaeran daukan eraginaz ere gako batzuk eman dituzte txostenean. «Gazteek jokoarekin dauzkaten lehenengo esperientzia horiek taldean gertatzen dira, kuadrilletan batez ere, baina baita familiartean ere». Izan ere, Garciak adierazi du jokoa «ohitura moduan errotuta» dagoela: «Jokoa gure euskal kulturaren parte da. Pentsa dezakegu Gabonetako loterian, estropadetan, herri kiroletan... Sozializazio esparru bat da, gizartearekin lotura estua duen elementu bat. Gazteen gurasoen %90ek baino gehiagok badakite beren seme-alabak jokoan aritzen direla. Ez dauka kutsu negatiborik». Hala ere, nabarmendu du azken urteetan bestelako joko batzuk azaleratzen hasi direla, eta horiek ez daudela horren ondo ikusiak: «Horregatik erabaki dute botere publikoek muga batzuk ezarri eta legedi berriak ezartzea».
Kontrako ertzetik begiratuta, jokoaren mendekotasunen bat izateak ere «ondorio asko» dauzka familiarteko eta lagunarteko harremanetan, Ana Retegi psikologoak azaldu duenez: «Gezurretan hasten dira, eta urduritasuna eta antsietatea eragiten dizkiete adikzio hori daukatenei. Harremanetan ez ezik, ikasketetan ere eragiten die, eta zorrak ere egiten dituzte». Ekintza Bibe Gipuzkoako ludopatia eta mendekotasun psikologikoen errehabilitazio elkarteko kidea da Retegi.
Arriskua eta generoa
Gazteen artean jokoak daukan arriskugarritasuna ere neurtu du da Jokoaren Euskal Behatokiak. Emaitzen arabera, jokoan aritzen ez ziren gazteen artean, hirutik bik pentsatzen dute arriskutsua dela (%66,2). Ehuneko hori, ordea, apaldu egiten da jokatzen dutenen artean (%46,9).
Joko adikzioa daukatenak %3,2 dira. «Pertsona batek joko adikzio bat daukala esan dezakegu kontrola galtzen duenean; badakienean egiten ari denak ondorio txarrak dauzkala, baina hori eten ezin duenean», dio Retegik.
Adikzioren bat daukatenen artean, generoa faktore garrantzitsu bat da. Gizonezkoen %4,6k izan dute halako gaixotasunen bat, baina ikerketan parte hartu duten emakumeen artean ez da horrelako patologiarik detektatu. Generoak eragina dauka gazteek jokoari dagokionez izaten duten portaeran ere; datuen batezbestekoak distortsionatuta ageri dira batzuetan. «Jokoa maskulinizatuta dago. Azken urtean jokoan aritu direnen gazteen artean, batezbestekoa %25 zen, baina %35 ziren gizonetan eta %15 emakumezkoetan». Horrez gain, gizonezkoak online eta aurrez aurre aritzen dira, baina emakumezkoen %84 «soilik aurrez aurre».
Joko aretoak
Gazteak, jokoaren erruletan
Gazte gehiago aritzen dira aurrez aurre jokoan, online baino. Gehienbat gizon gazteak dira jokoan aritzen direnak, baita jokoaren mendekotasunen bat dutenak ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu