Fitness hitzak sasoi betean egotea esan nahi du. Garai bateko gimnastikaren parekoa da, alegia. Malgutasuna, artikulazioen mugikortasuna, erresistentzia, indarra, bizkortasuna, oreka eta koordinazioa lantzen dira jarduera fisikoaren diziplina horietan. Kirola egiteko ohitura oso errotuta dago Euskal Herrian, baina, azken boladan, fitnessaren barruko diziplinak daude pil-pilean; horietan aritzeko gimnasioak ugaltzen ari dira. Nerabeak eta gazteak bete-betean murgildu dira praktika mota horietan.
Gimnasioak, egungo diskotekak eta halako izenburuak ikus daitezke. Inkesta batzuen arabera, ohiturak aldatzen ari dira, eta gazteek nahiago dute gimnasiora joan lagunekin, diskoteketara eta tabernetara baino. Inguruan nerabeak eta gazteak dituztenei galdetuta, bat datoz baieztapen horrekin.
Sare sozialak ere badira neurgailua, eta, Youtube eta Tiktok sareetako edukien itsasoan barneratuz gero, hamaika bideo aurki daitezke kirol influencer-en entrenamenduenak. Jumping, crossfit, barrefit, pilates eta spinning hitzak eguneroko ogi bihurtu dira askorentzat.
«Oso albiste ona da», diote galdetutako adituek. Aukeran jarrita, ez dute zalantza izpirik ere: gimnasiora joatea hobea da tabernetan edo etxean sakelakoari edo telebistari begira egotea baino. Hortxe argiak. Baina itzal batzuk ere sumatzen dituzte: norberaren irudiaren inguruko kezka obsesio bihurtzeko arriskua, emaitzak behar baino bizkorrago lortu nahi izateak sor dezakeen frustrazioa, edo nork bere kabuz, gainbegiratzerik gabe, ariketak egiteagatik izan daitezkeen lesioak. Edonola ere, ondorio nagusia da gazteen bizimoduaren parte garrantzitsu bilakatu den jarduera fisiko mota hori ona dela.
Horrela uste dute Karen eta Leire Juanesek. Bi ahizpek gimnasio bat ireki zuten 2022an, Hernanin (Gipuzkoa), eta gazte ugari dituzte bezeroen artean. Haien esanetan, osasunaren inguruko kezka eta kirolaren aldeko jarrera nabarmen zabaldu dira; pandemiatik hona, bereziki. Boom horrek baditu oinarri sendoak, Juanes ahizpen iritziz. «Jendeak argi ikusi du kirolak zer onura dituen: adin guztientzat dela ona, eta, sasoi hobeto egoteko ez ezik, autoestimua hobetzeko, gorputza indartzeko, deskonektatzeko eta sozializatzeko ere balio duela».

Biek ala biek kirola pasio izan dute txikitatik. Karen Juanesek dantzan egin du ibilbidea —balletean aritu da urte luzez—, eta Leire ahizpa, berriz, futbolean hasi zen, eta ondoren trebatu zen fitness arloan. Bien eskarmentua batuta, eta gimnasioen aldeko haizea lagun, 2022an sortu zuten dantza akademia eta gimnasioa. Bitan Bat izena jarri zioten, «betidanik elkarrekin egon baikara, eta oso harreman estua baitugu».
3 urtekoekin hasi eta «adin mugarik gabe» lan egiten dute. Bezero gazte ugari dauzkate. «17 urtetik aurrekoak dira gehienak, baina 14 eta 16 urte bitarteko batzuk ere baditugu». Gazteenak dantzan aritzen dira, eta 17 urtetik gorakoak, entrenamendu funtzionalean, jumping-ean, bungee fitness-ean, pilatesean, crossfit-ean...
Emakume eta gizonen proportzioari dagokionez, Bitan Bateko bezeroen %90 emakumezkoak dira. «Ni kirolean hasi nintzenean, gimnasioetako entrenatzaile gehienak gizonak ziren, baina, orain, zorionez, gero eta emakume gehiago gara», gogoratu du Leire Juanesek. Uste dute bi entrenatzaileak emakumeak izateak eragina duela. «Gure gimnasioa gune seguru gisa ikusten dute emakumeek, eta konfiantzaz etortzen dira probatzera», diote.
%46Zenbat neska eta emakume gaztek egiten duten jarduera fisikoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, ehunekotan. EAEko Gazteen Euskal Behatokiak plazaratutako azken datuen arabera (2023), 15 eta 29 urte bitarteko emakumeen %45,9k egiten dute kirola astean hirutan edo gehiagotan. 2012an, %29,6koa zen ehunekoa. Hamar urte pasatxoan, 16 puntuko igoera egon da.
Bitan Bateko erabiltzaile gehienak emakumeak izan arren, gizonak ere badituzte. «Batzuek mantentze gimnastika egin nahi dute, eta hemen, lehiarik gabe, eroso sentitzen dira. Beharbada beste mota bateko gimnasioetan aurkitzen ez duten giroa dago hemen», iritzi dio Leire Juanesek.
«Futbolean aritzen den batek eta inoiz kirolik egin ez duen beste batek ezin dituzte ariketa berberak egin»
KAREN JUANESDantza irakaslea
Kirola egiten hasi berri direnentzako urrezko araua eman dute bi entrenatzaileek: lasai har dezatela. Gazteei begirako mezua da, bereziki, «pazientzia gutxixeago» izaten dutelako. «Gure gizartean, azkar lortu nahi dugu dena, baina kirolean pixkanaka aritu behar da, eta batzuetan irudituko zaizu ez atzera ez aurrera egongo zarela, baina, konturatu gabe, egindako lanaren fruitua etorriko zaizu», adierazi du Leire Juanesek.
Nor bere erritmoan
Kirol jarduera eta intentsitatea aukeratzeko orduan, kontuan hartu behar dira norberaren gorputzaren ezaugarriak, ohartarazi dutenez. «Futbolean edo eskubaloian aritzen den norbaitek eta inoiz kirolik egin ez duen batek ezin dituzte ariketa berberak egin», erantsi du Karen ahizpak. Lehen urratsak egiten ari direnei komeni zaie inpaktu txikiagoko modalitateekin hastea, pilatesarekin edo barrefit-arekin, eta, teknika landu eta konfiantza hartu ahala, beste diziplina batzuetan has daitezke.
Bakoitzaren ezaugarrien arabera moldatzen dituzte ariketak. Karen Juanesek adibide bat eman du: «Pilatesen 13 urteko neska bat eta 70 urteko emakume bat baldin badauzkat, ariketa bera proposatzen dut, baina bakoitzak bere gaitasunen arabera egingo du. Batek belauna gehiago igoko du besteak baino, baina berdin osa dezakete ariketa».
Epe laburreko helburuak jartzea baino garrantzitsuagoa da erregularra izatea, eta epe luzerako emaitzei erreparatzea. «Orain hasi eta udarako gorputz bikaina lortuko dudala pentsatzea ez da erreala», nabarmendu dute. Garrantzitsuagoa da egunerokoan indartsu eta malgu egotea. «Kutxa bat arazorik gabe hartu ahal izatea, aldapa bat igotzerakoan arnasa ez estutzea...». Eguneroko zereginak egiteko indarra eta erraztasuna edukitzea da xedea. Horretarako, gomendatu dute gutxienez astean bitan kirola egitea, hirutan hobe.
Bestalde, ahizpek esan dute gimnasioak sozializatzeko leku egokiak ere badirela. «Batzuk lagunekin etortzen dira». Taldean etorrita ere, norberak jakin behar du zer gaitasun eta zer muga dituen, eta ariketak ganoraz egin. Harropuzkeria ez da bidaide ona kirolean. «Ondokoak egiten badu, nik ere bai. Gimnasioan niri begira dauden ala ez pentsatuz entrenatzea ez da egokia, ezta ariketa fisikoa egoak gidatuta egitea ere», iritzi diote.
«Gimnasioan niri begira dauden ala ez pentsatuz entrenatzea ez da egokia, ezta ariketa fisikoa egoak gidatuta egitea ere»
LEIRE JUANESFitness entrenatzailea
Ariketak gaizki egitearen kalteez ohartarazi du Leire Juanesek. «Ariketak egitean teknika kontuan hartu ezean, baliteke min hartzea». Ahizpak erantsi duenez, gainbegiratzerik gabe —adibidez, bideoei begira— egiteak ere baditu arriskuak. «Youtuben edonork jar dezake edozer, eta, batzuetan, baliteke ariketa batzuk egokiak ez izatea norberarentzat».
Horregatik, entrenatzaile batekin aritzea gomendatzen dute. «Hilabete batzuetan teknika ondo ikasi, eta gero, nahi baduzu, zeure kabuz egin», diote biek. «Behin ariketak gaizki egiten ohituta, oso zaila da ohitura txarrak kentzea», argudiatu dute.

«Nekatuta baina pozik ateratzen zara»
Maria Isasa eta Amaia Altuna Bitan Bat gimnasioan aritzen dira zentroa zabaldu zenetik. Entrenamendu funtzionala egiten dute biek, astean bitan. «Crossfit-aren antzekoa da. Kardioa eta indarra lantzeko ariketak egiten ditugu gorputzeko hainbat ataletan», azaldu du Isasak.
«Txikitan euskal dantzetan eta eskola kirolean aritu nintzen, eta, gero, biak utzi». Maria Isasaren hitzak dira. Sara Baceiredo moda eta kirol arloko influencer gasteiztarrak gerturatu zuen berriro kirolera. «Aspalditik naiz haren jarraitzailea, eta jartzen dituen bideoak ikusten ditut. Hark bultzatuta hasi nintzen crossfit-ean», esan du 23 urteko hernaniarrak. Urtebetez aritu ondoren, kiroletik aldendu zen tarte batean. «Noizean behin, ahizparekin batera korrika egiten nuen. Hura oso kirolaria da, eta kosta egiten zitzaidan erritmoari jarraitzea».
Bitan Bat zabaldu zutenean, berriro kirola egitera animatu zen, eta gustura aritzen da orain, aitortu duenez: «Niretzat beharrezkoa bihurtu da». Motibazioari dagokionez, itxura fisikoa hobetzea izan zen hasteko arrazoietako bat. «Ondo jatea ez da nahikoa: jarduera fisikoa ere egin behar da ondo egoteko. Eta lortu dut: gihar landuak ditut orain, erresistentzia hobetu dut, eta ariketak egiten hasieran baino askoz gutxiago sufritzen dut», azaldu du Isasak.
Amaia Altunak (25 urte) ere antzeko esperientzia izan du. Txikitatik izan du harremana kirolarekin, baina denbora tarte batean albo batera utzi zuen. «Arraunean hasi nintzen 11 edo 12 urte inguru nituela. Lagunekin batera aritu ginen bolada batean, eta, lauzpabost urte igarota, utzi egin nuen». Orduz geroztik, ez du kirol askorik egin. Baina, duela hiru bat urte, «jakin nuenean Leirek gimnasioa irekiko zuela, animatu nintzen». Leire Juanes, hain zuzen, entrenatzaile izana zuen eskola kirolean. «Entrenamendu funtzionala nahiko modan dagoenez, probatu nahi nuen», adierazi du. «Hasi nintzenean, gorputza hobetzea zen nire helburua, indarra lantzea, eta, oro har, hobeto egotea», dio.
Eta lortu ere egin du. «Hasieran kosta egiten zitzaidan, ez nekien nola egin ariketak, zenbateko pisua hartu... baina asko hobetu dut. Indarra, erresistentzia eta teknika nabarmen hobetu ditut». Horrekin batera, aldartea hobetzen ere laguntzen dio, esan duenez. «Egun batzuetan, ez zaude aldarte onean eta ez daukazu etortzeko gogorik, baina hemen hain gustura egonda, nekatuta baina pozik ateratzen zara». Antzeko irudipena du Maria Isasak. Haren esanetan, kirolak izugarri laguntzen dio psikologikoki ere: «Egun txarra baldin badaukat, hona etortzen naiz: nekatuago baina umore onean irteten naiz».
«Ondo jatea ez da nahikoa: jarduera fisikoa ere egin behar da ondo egoteko. Eta lortu dut: gihar landuak ditut orain, erresistentzia hobetu dut, ariketak egiten hasieran baino askoz gutxiago sufritzen dut...»
MARIA ISASAGimnasioaren erabiltzailea
Gimnasioa sozializatzeko leku egokia dela berretsi dute biek. Amaia Altuna lagun batzuekin batera hasi zen, baina, orain ordutegi desberdinak dituztenez, bakoitza bere aldetik ibiltzen da. «Hasieran lotsa-edo ematen dizu bakarrik hasteak, baina leku lasai eta seguru bat aurkitu dugu». Asko estimatzen du norberaren erritmoa errespetatzea: «Bakoitzak ahal duen neurrian egiten ditu ariketak».
Maria Isasaren iritziz, gustuko giroa aurkitu du gimnasioan, «kirolaz gain, laguntasuna ere bai baitago tartean». Hasieran, bakarrik etorri zen, ez zuen inor ezagutzen, baina orain taldekideen artean lagun giroa sortu da, azaldu duenez. «Iaz afari bat egin genuen. Orain nire lagun batzuk ere animatu dira etortzera».
Ikusi gehiago