Gazteak eragile, herria eraikitzeko

Dozenaka gazte elkartu dira Hazparnen Gazte Egunean parte hartzeko. Goizeko mahai inguruan, arlo anitzetan ari diren eragileen lekukotasunak entzun dituzte.

(ID_13396938) (Guillaume Fauveau) Gazte Eguna, Hazparne, 2023ko abenduaren 2an
Goizean izandako mahai inguruetako bat. GUILLAUMEA FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Hazparne
2023ko abenduaren 2a
18:30
Entzun

Lizeoan zela sortu zitzaion kontzientzia ekologista Gael Vincenti. Oraindik gogoan ditu 2018ko eta 2019ko mobilizazio handiak. «Eko-arrangura» sentimendua du Bizi-ko kideak. Zientzia politikoetako ikasketak egin eta kazetaritzan aritu ondotik, Kattin Xilibolostek gurasoen etxaldea hartu zuen, artalde batekin. Dantzaria da Ihintza Irungarai. Kulturgileak herriko biziaren eragile direla dio, eta kultur sorkuntzak herri kontzientzia garatu dezakeela defendatu du. Joana Gale LAB sindikatuan ari da lanean. Erretreten erreformaren kontrako mugimendu «historikoa» eta ondoren izandako porrota kontatu ditu. «Poliki-poliki, eskubide sozialak galtzen ari gara».  

Gaur goizean elkartu dira lau gazteak Hazparneko (Lapurdi) FabLab elkartearen egoitzan, Xuti Gazte mugimenduak antolatutako Gazte Egunaren harira, Gazteok Euskal Herria eraikitzera izeneko mahai inguruan. «Gazteok arlo anitzetan inplikatuak gara. Sektore anitzetatik ari gara Euskal Herria eraikitzen», esplikatu du hasi aitzin Aitzol Gil de San Vicente Xuti Gazte taldeko kideak. Adin guzietako 30 pertsona inguru joan dira gazteen lekukotasunak entzutera.

Vincentek defendatu du ekintza indibidualez gain kolektiboak ere sustatu behar direla. «Uste baino gehiago gara, elkarrekin pisu gehiago dugu». Hala, aukerak ikusi ditu Ipar Euskal Herritik «gauzak aldatzeko». Bizi mugimendua hartu du eredutzat: «Desobedientzia ekintzak egiteaz gain, alternatiba zehatzak proposatzen ditu». Abenduaren 9rako bortizkeriarik gabeko ekintzako egiten ikasteko antolatu duten trebakuntzara joateko gomita egin die bertaratutakoei. 

Izan duen bilakaera kontatu du Xilibolostek. Etxalde batean sortu zen, eta kezka zuen lur horiek laborantzarako geldituko ziren. «Pausua ematea da; ohartzea lehenik, eta ardura hartzea». Hainbat egituraren laguntza izan zuela kontatu du, besteak beste, Euskal Herriko Laborantza Ganberarena. «Hori posible da bere garaian laborari batzuek sortu zituztelako egiturak bizirik irauteko». Baina abisua ere eman du: laborari gazte gutxi dira gaur egun; %70ek 60 urtetik gora dutela erran du. «Elikadura burujabetza nahi badugu, lurra landu behar dugu, borrokatu behar dugu».

«Hau abiapuntu bat da. Nahiko genukeena da gaur sortzen diren harreman eta konplizitateak etorkizunerako palanka bat izatea, gazte mugimenduan elkarrekin aritzeko».

AITZOL GIL DE SAN VICENTE Xuti Gazte

Herri kulturaz duen ikuspegia eman du Irungaraik: «Taldean lan egitea, herri guzia mobilizatzea; ez da hierarkiarik, denen boza entzuten da...». Euskarari ere gero eta leku gehiago ematen zaiola aipatu du: «Hori saihestu nahi dutenak hiltzen ari dira». Haren hitzetan, Euskal Herria ezagutzen ez zuen jendea kulturaren bidez hurbildu izan da, eta herri kontzientzia garatu du. 90eko hamarkadan izan zen haustura esplikatu du, batzuek kultura «herri gisa» eta besteek «folkloretik» hartu zutela. Bigarrena «hiltzen» ari da, haren hitzetan, «ez baitu zentzurik». 

Gazteek ere borroka sindikalaz arduratu behar dutela adierazi du Galek. «Aski kezkagarria da: nire aitatxik 60 urterekin hartu du erretreta, nik baino eskubide hobeekin». Borroka feministaren garrantzia ere azpimarratu du, ostegunean izan zen greba orokorrari erreferentzia eginez: «Gure rola da zaintzaren ikuspegia aldatzea, etxe barnean eta etxetik kanpo». 

Besta giroan

Dozenaka gazte elkartu dira gaur Lapurdiko hirian, Xuti Gazte eta Bagira prozesuak elkarlanean antolatutako Gazte Egunean. Besta giroan iragaten ari da eguna, bazkari, poteo eta kontzertuekin. «Hau abiapuntu bat da. Nahiko genukeena da gaur sortzen diren harreman eta konplizitateak etorkizunerako palanka bat izatea, gazte mugimenduan elkarrekin aritzeko», adierazi du Gil de San Vicentek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.