Gazteak elkarrekin, erabakiak lurrera jaisten

Gazteak Together egitasmoa martxan da: bihar irtengo da plazara lehenengoz, Garapen Kontseiluari buruzko hitzaldi batekin. Sentsibilitate eta esparru ugaritako gazteak elkartu dira proiektuan, demokrazia parte hartzaileaz eta erabaki eskubideaz elkarrekin aritu, eta gazteen artean ere eztabaida pizteko.

BERRIA.
Hodei Iruretagoiena
Baiona
2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Iazko azaroan, 23 gazte elkartu ziren Loiuko (Bizkaia) aireportuan. Genevara zihoazen, Demokraziaren espazioa zabaltzen: gazteen zeregina erabaki publikoetan izeneko konferentziara. Gehienek ez zuten elkar ezagutzen. «Justuki, abiapuntu horrek ere bermatu du anitz. 'Hau izan behar da hangoa', pentsatzen zenuen, eta batere! Aurreiritzi horrekin hautsi du. Anitz egin du bidaia horrek», oroitu du Pauline Guellek. Gazteak Together proiektuaren abiapuntuaz ari da. «Badago inozentzia puntu bat, zentzu onean», dio Lander Iruinek. «'Ez dut inor ezagutzen, baina animatuko naiz, parte hartuko dut'. Gune hau sortu dugu elkarrekin egoteko».

Euskal Herri osoko gazteak ziren hegazkinaren zain zeudenak, sentsibilitate politiko eta idelogiko askotarikoak, eta esparru ugaritan arituak: politika munduan, unibertsitatean, herri dinamiketan... Bidaian, eta handik bueltako bileretan elkarrekin hausnartzen hasi, eta bi oinarri ezarri dizkiote Gazteak Together proiektuari. Bat, Euskal Herria erabakitzeko eskubidea duen nazio gisa aitortzea. Iruin: «Identitate propio hori ulertzeko modu ezberdina dauka bakoitzak, baina onartzen da nazio izaera hori». Eta bigarrena, demokrazia parte hartzailean sakontzeko beharra.

Loiun elkartu aurretik, bazuten kezka hori batzuek, Guellek azaldu duenez: «Ikusten genuen ez zela sobera hausnarketarik egiten, gazteen esparruan, parte hartzeari buruz». Demokraziaren, parte hartzearen eta erabakitzeko eskubidearen eztabaida indarra hartzen ari da Euskal Herrian ere, baina baditu zailtasun batzuk. Gazteen ikuspegitik gaia aztertuta, kezka hori dute Gazteak Together taldekoek, Iruinen hitzetan: «Ikusten duguna da gai hori gazteek identifikatzen dutela elitearekin-edo, ez dutela bere egiten, akademian lantzen dela... Nahi dugu gune bat sortu eztabaida hori lurrera jaisteko, herritar eta gazteengana».

Gazteen parte hartzeaz aritu ziren Genevako konferentziako hizlariak. «Oso aukera zabala» topatu zuten han, Guelleren hitzetan. «Bi alderdi zeuden: instituzioetako parte hartzea, eta bestelako prozesuetakoa». Han entzundakoetatik, hausnarketa bat nabarmendu dute Gazteok Together proiektuko kideek: askotan hartzen direla gazteei buruzko erabakiak, baina gazterik gabe; helduzentrismoa kontzeptua aipatu zuen hizlarietako batek.

«Gazteak aktiboak dira»

Hala, Iruinen iritziz, ez da zuzena gazteei inplikazio falta leporatzea: «Oro har, gazteak aktiboak dira, eta parte hartu nahi dute. Baina ezjakintasun handia dago horretarako tresnen inguruan, ez zaizkie eskura jartzen. Hor, sekulako distantzia sortzen da erakundeen eta gazteen artean».

Historiak berak erakusten du, Iruinen hitzetan, Euskal Herriko gazteak inplikatu izan direla, garairik garai, gai politikoetan, sozialetan, kulturan, euskalgintzan... «Gai honetan, zergatik ez? Helburu horrekin sortu genuen taldea. Mundu mailan izaten ari den eztabaida da hau: demokraziaren oinarriak kolokan bezala daude denbora guztian».

Euskal Herrian, bilerak eginez eman diote jarraipena Genevan egosten hasitakoari. Bost bat aldiz elkartu dira azarotik hona; egitasmoaren oinarriak finkatu zituzten hasieran, eta dinamikak eta ekintza zehatzak pentsatzen aritu dira gero. Iruin: «Taldetxotan banatu gara, bakoitzak bere bidea egin dezan, bere saretze lana». Lau lantalde dituzte oraingoz: prestakuntza, komunikazioa, instituzioak eta eragile sozialak. Bide orri bana prestatzen ari da talde bakoitza, eta asteon dute bilera horiei buruz aritzeko.

Genevakoaren ondoren, Bruselan ere izan ziren taldeko kide batzuk; tartean, Iruin. «Hor, nahiz izan genuen gaia zehaztu erabakitzeko eskubidean». Autodeterminazioa Europako Batasunean. Erabakitzeko eskubidea izeneko jardunaldiak egin zituzten urtarrilean Europako Parlamentuan, eta, besteak bete, Gure Esku Dago-ko Angel Oiarbidek eta Juanjo Alvarez EHUko katedradunak hartu zuten parte.

«Hor ikusi genuen erabakitzeko eskubidearen inguruan zein den Europako errealitatea: fokua Eskozian eta Katalunian zentratzen da, argi eta garbi. Bigarren plano batean gaude euskal herritarrak», aitortu du Iruinek.

Iparraldean, modu propioan

Erabaki orokorrak Euskal Herri osoko gazteen artean hartu arren, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan modu propioan ari dira antolatzen, Guellek azaldu duenez. «Jakinez jende gutxiago dela, lurralde txikiagoa dela, eta parte hartzen dutenak beste gauza askotan ere ari direla, guk, prozesua bera parte hartzailea egin dugu. Bilkura publikoak antolatzen ditugu eta gero elkartzen gara talde txikietan, baina prozesua bera irekia da».

Euskal Elkargoa sortzen ari diren honetan, une berezian dira Ipar Euskal Herrian, eta Gazteak Together egitasmokoek «tresna bat» sortu nahi dute gazteentzat. «Gazteentzat, eta gazteen artean», zehaztu du Guellek: «Agian, instituzioekin mintzatzeko manera bat. Prozesuak berak zehaztuko du hori».

«Garapen Kontseilua sortua izan zen elkargo horren sortzeko», oroitarazi du Guellek. Orain, ikusi nahi dute nola geratuko diren egituratuta bi erakundeak. «Elkargo berriarekin, aukera bat badugu sartzeko, baina ez dugu nolanahika egin nahi. Baldin bada gazte komisio bat, jakin nahi dugu nola egin ez instituzioen menpe izateko, gure autonomia bermatzeko eta komunikazio tresna bat izateko hautetsiekin eta elkargo berri horrekin».

Eraikitzeko dagoen arren, Euskal Herriaren egituratzean urrats bat izan da Euskal Elkargoa. Hego Euskal Herriko gazteek Iparraldeko erakunde egiturari buruzko ezagutza handirik ez dutela-eta, Garapen Kontseiluari buruzko hitzaldia antolatu du Gazteak Together taldeak biharko. Prestakuntza ziklo bateko lehenengoa izango da; beste hiru saio ere aurreikusi dituzte, hiriburu banatan, gazteen parte hartzearen inguruan.

Iruinek aurreratu duenez, Garapen Kontseiluak nola funtzionatzen duen, gazteek zer parte hartze duten eta zer prozesu jarraitu dituzten aztertuko dute biharko hitzaldian, besteak beste. Paxkal Indok eta Caroline Phillipsek gidatuko dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko saioa. Iruin: «Prestakuntza guretzat ere bada, taldearentzat. Ez dugu pentsatzen 'jendea formatu behar dugu'. Guk ere behar dugu prestakuntza».

Izan ere, muga administratiboak eragina du elkarren ezagutzan eta harremanetan. Orain arteko lanean lortu dute distantziak zertxobait murriztea. Guelle: «[Genevan] Biziki hurbil egon ginen nafarrekin. Lotura gutxi dugu, Nafarroa Beherean salbu, dantzarako-eta... Hori ere ondo dago, baina erran nahi dut politikoki sekula ez dugula elkarlan sakonik egin». Horretan ere lagundu nahi du Gazteak Togetherrek, elkarrekin aritzen. Egitasmoa lurralde bakoitzera egokitu arren, ekintza askotan batera arituko dira. «Jakin beharko dugu errealitate ezberdinak uztartzen».

Loiuko aireportuan elkartu zirenean, ez zuten elkar ezagutzen, baina ari dira. Sentsibilitate, eremu eta historia ugaritako gazteak. Aurreiritziak baino, aurrera jotzeko gogoa dute. Guelle: «Elkarrekin lan egitea ez da hain zaila. Euskal Herrian garai ezberdinak bizi izan ditugu, baina gu belaunaldi berria gara, ikusten dugu zer egiten ahal dugun. Badugu aukera gauzak aldatzeko. Ene ustez, gaztetasunak hori ekartzen du: beti aldatzen ahal dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.