Gazteek pairatuko dituzte klima krisiaren ondorio latzenak, eta, beraz, horiek rol garrantzitsua izango dute hondamendia leuntzeko egitekoan. Bat datoz ideia horretan Anne Rodriguez, Hodei Rodriguez eta Gorka Laurnaga. Hirurak gazteak dira, eta hirurak ekologismoaren bueltan ari dira azken urteotan.
Ikusi gehiago:Krisi ekosozialari begira (I). Mugimendu ekologista: Sistemaren kontraesanak, ageriago
«Gazteen artean klima larrialdiaren gaineko kezka orokortuago dago, haren ondorioak datozenean gutako gehienak bizirik egongo garelako», dio Hodei Rodriguezek. Hain zuzen, etorkizunak, edo etorkizunik ezak, artegatzen ditu gazteak, Anne Rodriguezen esanetan: «Zaila da etorkizun bat imajinatzea. Ez dakigu hemendik hamar urtera non egongo garen; Espainiaren %70 desertifikazio arriskuan dago, eta agian lekuz mugitu beharko dugu». Laurnagak argi dauka, «gehien pairatuko dutenak» gazteak izango direnez, «subjektu erabakigarriak» izan beharko dute gazteek horri aurre egiteko orduan ere.
Laurnagak beti sentitu izan du lotura naturarekin: «Baserrian sortzeak eragin didala uste dut. Normalean natura hurbil izan dugun pertsonok errazago ematen dugu ingurumenaren zaintzarako pausoa». Baztandarra da, eta bertako talde ekosozialarekin izan zuen gaiaren inguruan aktibismoa egiteko aukera; orain, ordea, Ekotopaketen antolatzaileetako bat da. «Gaur egun, nire bizitzako ardatzetako bat da ekologia ekosoziala».
Anne Rodriguezek berriz, Donostiarra izan arren, Burgosen igaro ohi zituen udak gazteagoa zenean, eta bertan ikusten zituen frackingaren aurkako protestek piztu zioten jakin-mina: «Gurasoek eta irakasleek esaten zidaten lasai egoteko, klima larrialdiaren kontua hemendik 100 urtera etorriko zela eta niri ez zidala eragingo. Baina bat-batean Greta Thunberg izeneko nire adineko neskato bat hasi zen hedabideetan agertzen, eta esaten zuen hau ez zela etorkizuneko kontua, bertan zegoela». Egonezin horrek bultzatuta, Fridays for Future taldearekin biltzen hasi zen, eta Donostian ostiralero egiten zituen protestetan parte hartzen. Thunbergen figurak bereziki eragin zion, eta aitortu du «inspirazio handi bat» izan zela: «Hura agertu izan ez balitz, ez ginen mugituko».
Hodei Rodriguez ere txikitatik batu zen ingurumena babesteko mugimenduetara: getxoztarra da, eta Tosuko landa deituriko eremuan udalak egin nahi zuen hirigintza planaren aurkako protestetan gogoratzen du bere burua 12 urte zituela. Proiektu hori gelditzea lortu zuten, baina, geroago, eremu horretan bertan aparkaleku bat eta metro geltoki bat ere egin nahi izan zituzten. Hirigintza eredu horren aurka antolatu ziren herritar batzuk, eta bertan gogoratzen ditu bere lehen pausoak aktibismo ekologistan. Sukar Horia talde ekologista sortu zuten gerora: «Gure txikitasunetik gizartean aldaketa sakonak nola egin ditzakegun pentsatzeko».
Ikusi gehiago:Energia berriztagarriak: non eta nola?
Rodriguezek argi dauka zein den arazoaren muina: «Sistema kapitalista ez da gai krisi ekologikoari aurre egiteko. Bere hazkunde etengabearen logikak berak talka egiten du munduaren muga biofisikoekin». «Beste antolatzeko era bat» aldarrikatu du, pertsonen beharrak «lehen lerroan» jarriko dituena: «Garrantzitsua da ekoizten dugun hori era planifikatu batean murrizten hastea».
Beste arazo batzuk ere azaleratu ditu Laurnagak: «Lautik hiru gaztek ekoantsietatea daukate, eta lautik hiru haurrek ere aire zabalean denbora gutxiago igarotzen dute preso daudenek baino. Horrek esan nahi du plastikozko kaiola batean bizi garela». Azaldu du kontsumo eredu jakin bati jarraitzearekin batera naturatik aldenduta daudela gazteak, eta horrek buru osasuneko arazoak ekartzen dizkiela. Horrez gain, helduenganako konfiantzarik eza ere nabarmendu du: «Klimari buruzko hogeita zazpi goi bilera egin dira, eta isuriek gorantza jarraitzen dute. Helduen bizi eredua lurraren txikizioarena da, epe motzeko begirada bat. Haien lanpostuak eta erosotasunak mantendu ahal izateko, etorkizuneko pertsonon bizitzak sakrifikatzen dituzte».
Anne Rodriguezek azaldu du Fridays for Future mugimenduan adin guztietako jendea zegoela hasieran, baina gazteen irudia lehenetsi zutela: «Oso boteretsua da ume batzuek sistemaren aurka egitea eta politikariei esatea: badakigu zer egiten ari zareten, eta gaizki zabiltzate». Bide horretatik, azaldu du hainbat ekintza egin dituztela erregai fosilen aurka, esaterako: «Manifestazioak, sinadurak biltzea, performanceak...». Izan ere, hasieran klima krisiaren gaineko «norberaren ardurari buruz» asko hitz egiten bazen ere, uste du «molestatzea» dela gaur egun egin daitekeen «ekintza handiena»: «Administrazioak egin behar ditu aldaketak, eta, aldaketa horiek egiten baditu, gure bizitzak ere aldatuko dira». Horregatik, norberaren kontsumo ohiturak pixkanaka aldatu behar direla uste du.
Iritzi berekoa da Laurnaga ere: «Nik bakarrik haragia kontsumitzeari utzi beharrean, administrazioari eskatu beharko diot haragiaren iragarkiak erregulatu edo kentzeko».
Ikusi gehiago: Maria Jose Sanz:.«Zientziak ez du emango konponbidea, baizik eta konponbidearen parte batzuk»
Hodei Rodriguezek iritzi dio «ikuspegi neoliberalak jarritako tranpa bat» dela erantzukizuna jarrera indibidualetan jartzea, eta azaldu du ideia horren jatorria petrolioaren industriatik datorrela: «Esaterako, Irish Petroleum enpresak norberaren CO2 isurketak neurtzeko aplikazio bat sortu zuen 2005ean». Halere, kontrako ikuspuntuari ere kritika egin dio: «Ezkerretik batez ere, entzuten da enpresa gutxi batzuek isurtzen dutela karbono gehien, eta norbanakook hor ez daukagula zereginik. Baina enpresa horiek erregai fosilak ekoizten dituzte, eta gero guk horiek erabiltzen ditugu». Eredua aldatu beharra dagoela argi dauka, baina azpimarratu du hori egiteak eragina izango duela kontsumo indibidualean: «Ekoizpena askoz txikiagoa izango da, eta guk ere gutxiago kontsumitu beharko dugu». Laurnaga bat dator: «Eraldaketa sistematiko bat gertatzen bada, horrek esan nahi du gure bizi estiloa aldatuko dela, baina ez du esan nahi arreta soilik norbanakoetan jarri behar dugunik».
Horretarako, erabaki «sakonak» hartzeko beharra dago, ordea, Laurnagaren arabera: «Erabaki horiek botere gehien duten instantziek hartzen dituzte, ekonomikoek eta politikoek. Guk hartu behar ditugu posizio horiek, eta hortik gauza asko egin daitezke». Botere hori hartzeko «masa mugimenduak» sortzearen beharra ere azpimarratu du: «Ekologismoa erdigunean jartzea behar dugu».
Era berean, Anne Rodriguezek hizpidera ekarri du «diskurtso distopikoetan» erortzeko arriskua: «Gelditu egiten gaituzte, eta distopia hori onartzen dugu. Utopietan pentsatu behar da benetan bide bat sortzeko». Horretan dabil Laurnaga: «etorkizuna ez da iluna; uste dut geroz eta argiagoa dela». Esan du gazteek bi aukera dituztela orain: «Bata grisa, eta bestea berdea».
SERIEA Krisi ekosozialari begira (II). Gazteak.
Gazteak: berdera bidean giltzarri
Klima larrialdiaren ondorioak ez dira etorkizuneko kontua; nabaritzen hasi dira jada. Zientzialariek diote geroz eta larriagoak izango direla, eta gazteek pairatuko dituzte horiek modu latzenean. Hari aurre egiten saiatzen ari diren hiru euskal gazterekin hitz egin du BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu