«Eremu partekatuetara» abiatzea, «desberdinen arteko topaketak ahalbidetuko dituzten guneak» sortzea. Horixe da bakegintzan eta bizikidetzan aurrera egiteko erronka garrantzitsuenetako bat, Gazteak eta Bakea: iraganari buruzko hausnarketak, orainaldiko aukerak, etorkizunerako erronkak liburuan jasotzen denez. Horixe bultzatu du EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak, eta horixe praktikan jartzen aritu dira 250 bat gazte. Horien guztien gogoetak bildu, eta proposamenak ere egin dituzte. Atzo aurkeztu zuten emaitza Donostiako San Telmo museoan.
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandezek eta EGK-ko presidente Maialen Olabek hartu zuten parte aurkezpenean, proiektuan parte hartu duten hainbat gazterekin batera.
Jonan Fernandez Jaurlaritzako bizikidetza idazkariak EGK-k egindako lanaren garrantzia nabarmendu zuen: «Bizikidetzaren eraikuntza erronka berria zen. Hor gazteriarekin lan partekatua egitea giltzarria zen, eta lan garrantzitsua egin da. Plan berrian estrategiko gisa definitu dugu, indartzeko asmoz». Gazteriaren Kontseiluan «gauzak elkarrekin egiteko aukera eta jarrera» atzeman dituela azpimarratu zuen Fernandezek, eta batzuk hortik «ikasi» beharko luketela. Maialen Olabe EGK-ko presidenteak esan zuen gazteek «ilusioa» dutela gertatu den aldaketarekin, «gizarte inklusiboago bat» nahi dutela, «gizarte justuago bat».
2014ko ekainetik, ekinbide ugari sustatu dituzte EGK-koek, Bakeahots proiektuaren barruan: Bake Ibilbideak, Bakehizketak topaketak, tailerrak... Helburuak: «Gazteak aldaketaren subjektu izatea», eta erakundeek eta espazio publikoak «gazteek bake prozesua eraikitzeko egindako ekarpena» aitortzea. 2015ean sortu zuten EGK-ko Bakezaleak lantaldea, eta iazko azarora arte aritu dira. Denera, 250 bat gaztek hartu dute parte; batez besteko adina 25 urte izan da, eta Gipuzkoa eta Bizkaikoak izan dira gehienak.
Maiz entzun ohi den ondorio bat aipatu dute, baina zehaztapenekin: «Bakeari eta bizikidetzari lotutako gaiak ez daude gazteen lehentasunen artean, baina horrek ez du esan nahi haien interesa eta jakin-mina pizten ez dutenik». Horretarako, «gune seguru, eroso eta intimoak» izatea beharrezko dela diote, eta hori bilatu dute beren jardunean.
Lau ataletan banatu dute liburuaren mamia: Bakeahots proiektuko ekintzak eta gogoetak bildu dituzte lehenengoan; gazteekin egindako galdetegi bateko emaitzak bigarrengoan; aldaketarako proposamenak gero; eta ondorioak, azkenengo atalean.
Hainbat proposamen
Gune partekatuak sortzea da lehenengo proposamena: «Gune bakoitza hedatze-uhin bat bezalakoa da: nukleo txikietan jaiotzen da, (kuadrillak, komunitateak) eta handitzen doa». Horretarako, egileen esanetan, erakundetu gabeak izan behar dira eremu horiek, norbanakoentzako pentsatuak, eta formatu askotakoak. Dei berezia egin diete horunibertsitateei eta hedabideei.
Hizkuntzaren erabilera «normalizatzeko» beharrean ere jarri dute arreta gazteek: «Zer egin, hizkuntzak berez dakarren karga ideologikoa arintzeko?». Kontzeptu «kutsatuenei» buruzko gogoeta egitea proposatu dute, esaterako, muralen bidez.
Gazteen artekoa ez ezik, belaunaldien arteko elkarrizketa sustatzea ere garrantzitsua dela uste dute. «Zaharrenek iraganarekin eta orainaldiko bere ikuspuntuarekin konektatu, eta geuri transmititu behar digute; gazteok, gure aldetik, jarrera aktiboa izan behar dugu». Horretarako, «gai gatazkatsuak jorratzen ikasteko» tailerrak antolatzera deitu dituzte astialdi taldeak, hezkuntza zentroak eta auzo elkarteak, eta gai horiek lantzeko udalekuak antolatzea ere proposatu dute. Eskari zuzena egin diete erakundeei ere: «Ezinbestekotzat dugu gazteak ordezkatuta egotea lantaldeetan eta batzordeetan».
Garrantzizko deritzote identitate pluraltasunari buruz hausnartu, alderdiek, elkarteek eta segurtasun indarrek iraganaren berrikuste kritikoa egin, «lubaki ideologikoak» gainditu eta «bakearen arloko erreferenteak»bistaratzeari —Eraikiz eta Glencree, besteak beste—.
Hedabideen zeregina eta heziketaren garrantzia ere nabarmendu dituzte, «desberdintasunak modu barneratzailean kudeatu, gatazkak era eraikitzailean konpondu eta trebetasun emozional eta sozialak garatzeko».
Gazteak bakegintzako subjektu
'Gazteak eta bakea' liburua eta dokumentala aurkeztu ditu EGK-k, 250 gazteren ekarpenak jasota. «Desberdinak topatzeko guneak» sortu eta bultzatu beharra nabarmendu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu