Gazteak, aukerak eta arriskuak

Immigrazioari eta integrazioari buruzko jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, eta oraingoan gazteengan jarri dute arreta; gazte migratzaileak «moldatzeko eta kontrolatzeko nahia» nabarmendu dute adituek.

Arkaitz Fullaondo eta Miren Bilbao, atzo, Bilboko jardunaldietan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Immigrazioari eta Integrazioari buruzko XIII. Jardunaldiak egiten ari dira Bilbon, Ikuspegi behatokiak antolatuta; atzo hasi ziren, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren parte hartzearekin, eta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendari Xabier Legarretak amaituko ditu gaur. Oraingoan, gazte migratzaileengan jarri dute arreta, eta haien bizipenak, gizartean duten parte hartzea, emantzipaziorako dituzten zailtasunak eta antzekoak aztertu dituzte.

Raul Hernandez Villasol historialari, antropologo eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikerlariak zenbait zertzelada eman zituen gaia kokatzeko. Esan zuenez, migratzeari ekiten dioten gazteak mundu osoan ugaritu dira: 1990ean, 15 eta 24 urte bitarteko migratzaileak 22 milioi inguru ziren, eta 2020an ia 32 milioi ziren, hots, migratzaile guztien %11,3.

Hainbat arrazoi daude horren atzean, eta demografia ez da munta txikienekoa: «Gaur egun, kapitalismo globalaren erdiguneko herrialdeen eta periferiako herrialde pobreen arteko arrakala demografikoa inoizko handiena da», azaldu zuen. Lehenengoetan, biztanleria gero eta zaharragoa da, eta azkenengoetan, aldiz, kontrakoa gertatzen ari da. Bereziki nabarmentzekoa da Afrikako kasua: 2050ean, mundu osoko gazteen %25 afrikarrak izango dira.

Horrek baditu ondorio nabarmenak, baita ekonomiaren eta kulturaren arloan ere: Hernandezek gogorarazi zuen AEBetan gazteen multzoa asko handitu zenean horrek gazteei zuzendutako zinemaren, musikaren eta bestelako industria kulturalen gorakada ekarri zuela. «Pentsatzekoa da gazte afrikarren emendatzearekin haien adierazpide kulturalek ere lekua irabaziko dutela eta, esaterako, musika afrikarrak indarra hartuko duela gazteen artean».

Aldaketa aro betean sarturik dago mundua, eta horrek gazteei ere eragiten die. Gazte izatearen pertzepzio soziala ere aldatu da: «Frankismoaren garaian inori ez zitzaion bururatuko 30 urteko pertsona bat gaztetzat hartzea; gaur egun, aldiz, kategoria hori asko malgutu da». Sare sozialek ere ekarri dute aldaketa: «Interneten bidez, mundu osoko gazteak elkarrekin bizi dira leku bakar batean estreinako aldiz historian».

Aldaketak aldaketa, gazteen inguruko begiradak bere horretan dirau: Hernandezen arabera, nerabe eta gazteak «kontrolatu beharreko arriskutzat» edo «babestu beharreko jende xalotzat» hartzen ditu gizarteak, eta ikuspegi hori areagotu egiten da gazte migratzaileen kasuan. Hernandezek esan zuenez, gazte migratzaileek «aukera» gisa bizi ohi dute migrazio prozesua, baina harrera egiten dieten herrialdeetan, berriz, «arrisku» gisa ikusten dituzte maiz.

Gazte migratzaileentzako baliabide eta azpiegituretan islatzen da ikuspegi hori. Alor hori asko ikertu du Hernandezek, eta ondorioztatu du gazte horiei bideratutako aisialdirako bitartekoetan gazte migratzaileak «moldatzeko» eta «kontrolatzeko» nahia nagusitzen dela.

Egoera, datuen arabera

Gazteen Euskal Behatokiko Miren Bilbaok eta Ikuspegiko Arkaitz Fullaondok hainbat datu eman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren gazte migratzaileen egoera hobeto azaltzeko. Bilbaok esan zuenez, kanpoan jaiotako 44.500 gazte inguru bizi dira hiru herrialde horietan gaur egun, 15 eta 29 urte bitartekoak.

Gazte horien iritzi eta pertzepzioei ere erreparatu zien Bilbaok. Esan zuenez, hamarreko eskala batean, hiru herrialdeetan jaiotako gazteek zazpiko puntuazioa ematen diote euren bizimoduari; kanpoan jaiotakoen kasuan, berriz, txikiagoa da puntuazio hori: 6,4.

Lanean, etxebizitzaren arloan, harreman afektiboetan eta beste zenbait esparrutan asebeterik ote dauden galdetu diete gazteei: «Inkestetan, gazte migratzaileek adierazten dute asegabeago daudela esparru ia guztietan». Salbuespen bat dago: norberaren osasuna baloratzerakoan, baikorragoak dira kanpoan jaiotako gazteak besteak baino.

Ikuspegiko Arkaitz Fullaondok EABI Etorkin Atzerritarrei Buruzko Inkestaren datuak aletu zituen. Besteak beste, aisialdiaz galdetu diete gazteei, eta, askotan kontrakoa pentsatzen den arren, gazte etorkinek adierazi dute beren jatorri bereko gazteekin ez ezik mota guztietako lagunekin ere elkartzen direla: «Gazte migratzaileen harremanak gero eta askotarikoagoak dira», azaldu zuen Fullaondok; «hor badago datuek ezeztatzen duten uste oker bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.