Helduen begietara, gazteen errealitatea beti izan da arriskutsua eta mehatxagarria. Gazteak managaitzak omen dira, burugabeak, ez dute autoritatea errespetatzen, eta nekez egokitzen dira helduen mundura. Uste hori belaunaldiz belaunaldi igaro da. Baina egia da frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren hastapenetan hainbat faktore soziopolitikok eta demografikok bat egin zutela, eta makarrismoa, ganberrismoa eta kaleko delinkuentzia gertaera sozial bilakatu zirela. Fenomenoak isla izan zuen garai hartako kulturan, adibidez, zinema kinki izenekoaren arrakastaren bidez, eta hedabideek ere luze eta zabal jorratu zuten gaia, askotan alarmismotik eta sentsazionalismotik jorratu ere.
Alvaro Heras-Groh idazleak (Bilbo, 1972) gaiari heldu dio bere azken liburuan: A tope! Cuadrillas, gamberrismo y delincuencia juvenil en el Gran Bilbao 1955-1990 (Topera! Kuadrillak, ganberrismoa eta gazte delinkuentzia Bilbo aldean 1955-1990). Liburuaren hitzaurrean dioenez, bere asmoa ez da izan «ikerketa» lan bat egitea, ezpada «hurbiltze informal bat» eta «testigantza, albiste eta irudi bilduma bat, gaur egun ahaztuta dagoen Bilbo bat erakusten duena». Hala ere, liburuan zenbait adituren ekarpenak ere agertzen dira, fenomenoaren sustraiak eta arrazoiak hobeto azaltzeko.
Heras-Grohk Lluvia, hierro y rock-and-roll (Euria, burdina eta rock-and-rolla) liburua argitaratu zuen 2008an, Bilbo inguruko rockaren historiari buruz, eta liburu hartarako testigantzak biltzen ari zelarik piztu zitzaion gaiaren inguruko interesa: «60etako eta 70etako hamarkadetako zenbait musikari elkarrizketatu nituen, eta haietako batzuek hitz egin zidaten garai hartan txitxarrillo edo erromerietan kuadrillen artean sortzen ziren liskarrez, El Coyote, El Malashierbas, El Cicatrices eta antzeko pertsonaiez, edo Errekaldeko, Otxarkoagako, Iralako eta Santutxuko lagunarteak haien artean borrokatzeko diskoteka eta landetan lotzen zireneko garaiez. Orduan konturatu nintzen gaian sakondu nahi nuela».
«Auzoen diseinua eraikuntza enpresen eta inbertsio taldeen esku utzi zen, eta espekulazioa zuten irizpide nagusi».
ALVARO HERAS-GROHIdazlea
Iñigo Lopez Simon (Basauri, Bizkaia, 1984) Historian doktorea da, eta doktore tesian gazte delinkuentziaren eta hiri marjinalitatearen arteko harremana aztertu zuen. Bilboko etxola batean txabolismoari buruzko azterlana ere argitaratu zuen 2021ean. Haren esanetan, lardaskerian aritzea beti izan da nerabe eta gaztetxoen ezaugarria: «Ez da oraingo kontua. Txorakeriak denok egin ditugu gaztetan. Gaztearentzat bada arauak noraino iristen diren probatzeko modu bat». Hala ere, garai haietako gazteen jokabideak bazituen ezaugarri berezi batzuk, eta horren atzean zeuden arrazoiak askotarikoak ziren.
Belaunaldien haustura
Dudarik gabe, orduko gizarteak izandako aldaketa handiek zerikusia izan zuten fenomenoaren garapenean: «Bilboko itsasadarrean sekulako hazkunde ekonomikoa egon zen, baina, hori gerta zedin, beharrezkoa zen eskulan ugari eta merkea, eta Espainiako landa guneetatik jende asko etorri zen Bilbora», azaldu du Lopezek. «Hor bi belaunaldiren arteko haustura bat egon zen: migratzaile haien mundua eta haien seme-alabena erabat desberdinak ziren. Ingurune urbano horietan, arauak eta helduen zaintza laxoagoak ziren: eskoletan ez zegoen denentzako tokirik, lanean hasi arteko urteetan ez zegoen zeregin handirik, eta gazteek ez zuten euren burua ikusten lantegi batean sartuta, gurasoen antzera».
Aldaketa sozial horiek hirigintzan ere izan zuten eragina, Heras-Grohk azaldu duenez: «Auzoen diseinua zenbait eraikuntza enpresa eta inbertsio talderen eskuetan utzi zen, eta horien irizpide nagusia espekulazio hutsa zen. Horren emaitza izan zen hirigintza kaotiko eta itogarria, berdegunerik eta oinarrizko zerbitzurik gabe; batez ere, alderik apalenetan».
Bilboko Otxarkoaga auzoa izan daiteke horren adibidea. 1960-61ean eraiki zuten, oso azkar eta material merkeak erabiliz, eraitsitako txabola auzoetako biztanleak hara eramateko, eta haren gabeziak oso handiak ziren, Lopezek Bilboko etxola batean liburuan nabarmendu zuenez: «Otxarkoaga, Errekalde eta periferiako beste zenbait auzo hiritik urrun daude; urrun geografikoki, eta baita zentzu askotan ere. Hiriak ez ditu gazte horiek nahi. Auzoan, aldiz, eroso daude, eta, horregatik, auzoko kide izatearen sentimendu eta harrotasuna garatzen dute. Lurraldea identitate ezaugarri bat bezala hartzea eta taldea kohesionatzeko erabiltzea ez da gauza berria».
«Haustura bat egon zen: migratzaile haien mundua eta haien seme-alabena erabat desberdinak ziren».
IÑIGO LOPEZ SIMONHistorialaria
Egoera politiko eta ekonomikoa ere aintzat hartu behar da fenomenoa ulertzeko. Heras-Grohk gogorarazi duenez, frankismoa amaitutakoan ohiturak aldatu ziren, askatasun egarria eta gauza berriak probatzeko gogoa indarrez azaldu ziren, eta horrek bat egin zuen «kontsumo gizartearen hedatzearekin». Beste aldetik, krisi ekonomikoak eta langabeziak gogor astindu zuen orduko gazteria. Horri hazkunde demografikoa eta 60ko hamarkadako baby boom-ak ekarritako gazteen ugaltzea gehitu behar zaio.
Faktore horien guztien ondorioz, Bilbo eta Euskal Herriko gainerako gune urbanoak helduek ezarritako arauak apurtzeko prest zeuden makarrez bete ziren. Haien balentriak jaso ditu Heras-Grohk bere liburuan, garaiko prentsa eta testigantzak oinarritzat hartuta.
Heroina agertu zen
Baina heroina barra-barra hedatzeak dena aldatu zuen, Lopezek azaldu duenez: «Heroinak sekulako sarraskia egin zuen; oso droga indibidualista da, eta, hasieran, auzoetako lagunarteak desegin zituen, eta, gero, jende askoren heriotza ekarri zuen. Horren ondorioz, auzoko ganberro eta makarra horietako zenbait delinkuentzian murgildu ziren. Heroina asko hedatu zen, itsasadarraren eskuineko aldera ere bai; Negurin edo Areetan [Getxo] uste baino gehiago dira heroinak edo hiesak hildako senitarteko bat duten familiak».
Emakumeek delinkuentzian zuten rola ere aldatu zen heroinarekin. Lopez: «1970eko hamarkadan haien rola zen neska laguna izatea edo amuarena egitea; heroinarekin, drogaren menpe erortzen ziren emakumeak lapurtzen eta lehenago egiten ez zituzten gauzak egiten hasi ziren».
Heras-Grohren liburua 1990eraino iristen da. Hark dioenez, ezin da esan urte hartan fenomenoa amaitu zenik, baina egia da hamarkada hartan gauzak aldatu egin zirela: «Heroinazale ziren delitugile askok espetxean amaitu zuten, edo hilda, gaindosien eta hiesaren ondorioz, baina beste faktore batzuk ere egon ziren: 80etako amaieran Eusko Legebiltzarrean onartutako gizarte laguntzak, ekonomiaren hazkundea, metadona bidezko programen hedatzea eta abar».
‘Zinema kinkia’
Fenomenoak kulturan ere izan zuen isla. Espainian arrakasta handia izan zuen zinema kinkia izenekoak. Jose Antonio de la Lomak, Eloy de la Iglesiak eta beste batzuek zuzendutako filmetan, askotan benetako delitugileak ziren aktore protagonistak, eta El Vaquilla, El Torete, El Jaro eta beste zenbait oso ezagun bilakatu ziren. Olatua Euskal Herrira ere iritsi zen: De la Iglesia zarauztarra zen, Bilbon eta inguruetan grabatu zuen El pico film ezaguna (1983), eta aditu askok sailkapen horretan sartzen dute Montxo Armendarizek Donostian grabatutako 27 ordu filma (1986).
«Kinkien azpikultura bat egon zen, auzo izaerarekin oso lotuta», esan du Lopezek. «Eta azpikultura hori kontrakultura ere izan zen, Espainiako 70etako mugimendu kontrakulturaletan kinkiak begi onez ikusten zituztelako, barrikadaren alde berekoak zirelakoan. Zinema kinkia-k azpikultura hori izugarri hedatu zuen; estatuak, berriz, azpikultura hori erabili zuen alarma soziala pizteko eta errepresioa justifikatzeko».
Azken urteetan ugaldu egin dira fenomeno horren inguruko erakusketak, liburuak, dokumentalak... Ba al dago garai hura mitifikatzeko arriskurik? Lopez baiezkoan dago: «Fenomenoaren mitifikazio eta erromantizazio handia egon da. Eraikitako iragan baten nostalgia da. Baina kinkien mitifikazioa egiten dutenek, benetan, garai hartara itzuli nahiko lukete? 80etako langile auzoetan bizi edo El Vaquilla-ren lagunartekoa izan? Hori erromantizatu ordez, egin behar dena da aztertu eta salatu egitura soziopolitikoek eta inguruak zelan baldintzatu zuten gazte horien bizitza».
Urte haietan, Euskal Herrian errealitate propio bat zegoela erantsi du Lopezek: «Bazegoen nazio askapen mugimendu bat, hausturaren aldeko hautuari indar handiagoz eutsi zitzaion, eta gazte askok bazeukaten beste irtenbide bat delinkuentziaren eta heroinaren aurrean. Desilusioak eta nihilismoak bazuten indarra, baina bazegoen beste giro bat ere».
Bat dator Heras-Groh: «Garrantzitsua da nabarmentzea 80ko eta 90eko hamarkadetan gazteriaren zati handi bat beste fenomeno soziokultural eta politiko batzuetara hurbildu zela: elkarte ekologista, feminista eta antimilitaristak, gaztetxeak, irrati libreak, fanzineak, rock musika eta abar. Uste dut horrek gazte asko urrundu zituela delinkuentziaren bideetatik».