Gazte gehienak izan dira erasotzaile eta biktima bikote harremanetan

Indarkeria erabili dute aurrez aurreko harremanetan eta sare sozialetakoetan. EHUko talde batek egin du ikerketa, 17 eta 24 urte bitarteko gazteen artean.

Gazte batzuk eskuko telefonoekin. GUILLAUME FAUVEAU
jakes goikoetxea
2024ko ekainaren 26a
17:00
Entzun

17 eta 24 urte arteko hamar gaztetik zortzik (%80,4) erabili dute indarkeria bikotekidearekin aurrez aurreko harremanetan; erdiek baino gehiagok (%55) sare sozialetako harremanetan. Erasotzaile izan dira, beraz. Baita biktima ere: hamarretik zazpik (%73,3) erantzun dute bikotekidearen indarkeriaren biktima izan direla aurrez aurreko harremanetan; erdiak (%51,6) sare sozialetako harremanetan.

Ondorio horiek atera ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Psides ikerketa taldeak. Bilboko Hezkuntza Fakultateko ikerketa taldea da. 17 eta 24 urte bitarteko 341 gazteren jokabideak aztertu dituzte, inkesten bidez. Berez, Psides ikerketa taldeak bikotekide gazteen arteko sareetako indarkeria ikertzen du. «Berria da fenomeno hori, eta hura hobeto ezagutzea du helburu, ondoren prebentziorako estrategia egokiak diseinatu ahal izateko», EHUren arabera.

«Kezkatzeko modukoa da ikustea gazte askok ez dutela uste kontrola biolentzia denik. Ez dira ohartzen arrisku erreala dagoela eraso mota horietatik ekintza bortitzagoetara pasatzeko».

JOANA JAUREGIZAREHUko ikertzailea

Ikerketa honetan aurrez aurreko indarkeria eta sareetakoa aztertu dituzte, bakoitza zenbat eta nola gauzatzen den aztertzeko eta alderatzeko. Ikerketa taldearen hipotesia bete egin da: «Gure susmoa zen sareetan eragiten den biolentziak ez diela patroi berberei jarraitzen eta, ikerketaren arabera, zuzen genbiltzan. Topatu ditugun kopuruak, jokabide motak, erasotzaile eta biktimen soslai psikologikoak… desberdinak dira». Joana Jauregizar Psikologian doktore eta ikerketaren arduradunak eman du ondorioen berri.

Kopuruak oso handiak dira. Handiagoak aurrez aurreko bikote harremanetan, «baina bi kasuetan emaitzak izugarriak dira». Inkesten bidez jaso dute informazioa, eta posible da horrek eragina izatea emaitzetan. «Kontuan hartu behar da, gainera, halako galdetegietan normalean jendeak ez duela egia osoa esaten eta, beraz, litekeena da benetako kopuruak handiagoak izatea eta, hortaz, egoera are kezkagarriagoa».

Indarkeria motak ez dira berberak aurrez aurre edo sareetan: aurrez aurreko harremanetan ahozko erasoak eta eraso emozionalak nagusitu dira (iraintzea, umiliatzea, jeloskor jartzeko moduak bilatzea…); sarean, berriz, kontrola da gailentzen den indarkeriazko jokabidea. Horren adibide dira, esaterako, bikotekideari geolokalizazioa eskatzea lagunekin dagoenean, eskuko telefonora bidalitako mezuak irakurri arren erantzuten ez duelako azalpenak eskatzea….

Indarkeria fisikoa ere bai

Sareetako indarkeriari buruzko ohartarazpen bat egin du Jauregizarrek: «Kasu honetan, kezkatzeko modukoa da ikustea gazte askok ez dutela uste kontrola biolentzia denik. Zalantzan jartzen dute hori, eta ez dira ohartzen arrisku erreala dagoela eraso mota horietatik ekintza bortitzagoetara pasatzeko». Ez da hain ohikoa indarkeria fisikoa erabiltzea, baina indarkeria fisikoa ere erabiltzen dute: hamar gaztetik batek (%11) onartu du erabili izan duela.

Indarkeria motak ezberdinak dira aurrez aurre eta sare sozialetan. Erasotzaileen eta biktimen soslaiak ere bai, batez ere biktimena: aurrez aurreko biolentzia jasan dutenei dagokienez, autoestimu apala ezaugarri esanguratsua dela ikusi dute; indarkeria sareetan jasan dutenengan, berriz, ez da hain nabarmena. Ikerketaren egileen ustez, horren atzean dagoen arrazoietako bat izan daiteke biolentzia presentziala gogorragoa izatea.

Eraso horien ondorioei dagokienez, ikusi dute Internet bidezko indarkeriaren biktimek zailtasun handiagoak dituztela emozioak kudeatzeko. «Aurrez aurreko biolentzia jasan dutenek baino gaitasun txikiagoa daukate egoera emozional negatiboak eteteko eta positiboak luzatzeko», azaldu du Jauregizarrek. Zergatik izan daiteke? «Agian, sareetako biolentzia edonoiz eta edonon gertatzen delako. Ondorioz, zailagoa da gelditzea. Eta, beraz, etengabekoa da emozioak erregulatzeko gaitasun falta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.