Ertzaintzaren jaurtigai batez zauritu eta gero, ospitalera eraman zuten bart gazte bat, eta hantxe dago oraindik ere. Tolosako (Gipuzkoa) alde zaharrean gertatu zen, eta herriko alkate Andu Martinezek eman du horren berri, X sare sozialaren bidez. Haren erranetan, gaztea «larri» zaurituta dago. Naiz hedabideak jakinarazi duenez, 16 urte ditu gazteak eta Villabonakoa (Gipuzkoa) da. Ertzaintzak, berriz, erran du istiluen kontrako materiala erabili zutela «ordena publikoa berrezartzeko».
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du ikerketa bat abian jarri duela: «Prebentziozko neurri gisa, Ertzaintzak ofizioz ikerketa eginbide espezifikoak ireki ditu gertakari horretarako, eta dagokion epaitegiari eskatu dio auzitegiko mediku batek esku hartzeko, ospitaleratutako gaztea ebaluatzeko eta lesioen izaera zehazteko. Aldi berean, Ertzaintzak barne ikerketa hasi du polizia jarduketarekin lotutako xehetasun guztiak aztertzeko». Jaurlaritzaren erranetan, neurri horiek hartu dituzte «erabat argitzeko» zer gertatu den, eta polizien jardunaren «gardentasun konpromisoari» erantzuteko.
Azaldu dute istiluak taberna batean hasi zirela atzo goizaldean, eta alde zaharrean jarraitu gero. Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu zituen, objektu batzuk kendu eta bi gazte atxilotu, ohar batean zabaldu dutenez. Atxilotu horietako bati, behintzat, «erabiltzea debekatua dagoen materiala» eramatea egotzi diote: borra zabalgarri bat. Gazte bat ere zauritu zuten istilu horietan, ukabilkadak eman baitzizkioten, eta elkarri «era guztietako objektuak» bota.
Ertzaintzak berak emandako azalpenen arabera, agenteek istiluen kontrako materiala atera zuten liskar horietan, eta orduan zauritu zen beste gaztea. Ospitalera eraman zuten, eta gaur arratsaldean artean ere han zegoen.
Egoera ikusita, alkateak gertatutakoa «argitzeko» eskatu du, inguru hura jendez beteta baitzegoen.
Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak, berriz, gertatutakoaren bideoak zabaldu ditu sare sozialetan: «Irmoki salatzen dugu egon zen jazarpen poliziala, eta zaurituei gure elkartasuna adierazten diegu».
Adi!
— Kontseilu Sozialista Tolosaldea (@Kontseilua_Tol) February 12, 2024
Bart gauean Tolosan Ertzaintzaren kargak egon ziren. Jaurtigailuekin tiroak bota zituzten bertan zeudenen aurka modu ez bereizian apuntatuz. Horren ondorioz, gazte bat larri zurituta dago. pic.twitter.com/SsRiZhxMhk