Ehunka gazte Palestinaren alde kanpatu dira Donostian, GKSk deituta

Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» salatzeko ekin diote kanpaldiari GKSkoek. Gaur arratsaldean mobilizazio bat egingo dute, eta bihar bukatuko dute kanpaldia.

Palestinaren aldeko kanpaldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Palestinaren aldeko kanpaldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko ekainaren 6a
09:15
Entzun

Ehunka gazte Donostiako Artzain Onaren katedralaren inguruan kanpatu dira, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak deituta, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» salatzeko. Atzo arratsaldean ekin zioten kanpaldiari, eta bihar iluntzean bukatuko dute. Eguerdian, katedral ingurua kanpalekuz beteta zegoen, eta Palestinako bandera ugariz. Bi arrazoirengatik kanpatu dira, gaur eguerdian egindako agerraldian azaldu dutenez: «Europako Batasunak, NATOren aginduei jarraituz, Palestinako herriaren sarraskian duen konplizitatea seinalatzeko, eta behingoz Israelgo Estatuaren aurkako neurriak har ditzatela exijitzeko».

GKSk nabarmendu du herritarren mobilizazioak ugarituta eta «hainbat frontetatik» presioa eginez baino ez dutela lortuko EB Europako Batasunak Israelen aurkako neurriak hartzea. «Horren adibideak dira Europako Batasunaren eta NATOren aurkako mobilizazioak, eta Palestinaren alde Euskal Herrian egiten ari diren hamaika ekinbide eta mobilizazio. Egun hauetakoa ekarpen bat gehiago da bide horretan», azaldu du GKSk.

Ildo horretatik, gaur arratsaldean mobilizazio bat egingo dute, Artzain Onaren katedraletik 19:00etan abiatuta. Kanpaldiarekin bihar arte segituko dute, eta dei egin dute Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak biharko deitua duen mobilizazioan parte hartzera; EBren eta NATOren aurkakoa izango da. 19:00etan hastekoa den mobilizazio hori amaitzean bukatuko dute kanpaldia, bihar.

Gogorarazi dute azken hilabeteetan Israel Palestinan egiten ari dena «basakeria» dela: «Dozenaka mila hildako, milioika desplazatu, Gazako zerrendako etxebizitzaren eta oinarrizko baliabideen suntsipen erabatekoa, atxilotu eta torturatuak, errefuxiatu esparruen eta ospitaleen bonbardaketak, gosea erabiltzea gerra arma gisa...». Testuingurua ere eman diote: «Sionismoa urritik hona egiten ari den erabateko ofentsiba urteetan luzatu den kolonizazio eta garbiketa etniko prozesu luze baten beste urrats bat da, gelditu ezean errepikatzen jarraituko duen prozesu batena».

Nabarmendu dute elkartasuna eta salaketa «alferrikakoak» direla «gertuen dauzkagun erantzuleak» seinalatzen ez badituzte, eta, horregatik, Israelgo Estatua egiten ari den «sarraskian» EBk duen «konplizitatea» ere salatu nahi dute: «Europako gobernuek, NATOren aginduei jarraikiz, Israel armaz hornitzen, diplomatikoki sostengatzen eta harekin harreman komertzial estuak izaten jarraitzen dute, berau ekonomikoki bideragarri eginez».

«Hipokrisia»

Ildo horretatik, Mendebaldeko gobernuen eta alderdi politikoen «hipokrisia» salatu dute: «Konponbide baten eta bakearen alde mintzo diren bitartean, Israelgo Estatu genozida hainbat modutan sostengatzen dute».

Igandean egingo dituzte Europako Parlamenturako hauteskundeak, eta horiek ere hizpide izan dituzte GKSkoek: «Hauteskundeen aurretik, alderdi eta gobernuak Palestinaren aldeko keinu sinbolikoak egiten ari dira. Keinu horiekin, alde batetik, palestinarren borrokaren aldeko mugimendua bozak irabazteko baliatu nahi dute, eta, beste alde batetik, sarraskian duten konplizitate zuzena ezkutatu».

Horren adibide moduan jarri dute Espainiak, Norvegiak eta Irlandak Palestinako Estatua aitortu izana: «Onarpen formal horrek ez du Palestinako herriaren egoera inolaz aldatuko; are gehiago, Israelgo Estatu genozida legitimatzeko balio du. Nola onar daiteke Palestinako Estatua aldi berean estatu hori bideraezin bihurtzen duen Israelgo Estatu genozida bultzatzen baldin bada?».

Erantzun diote galdera erretorikoari: «Europako herrialdeek eta alderdi politikoek benetan genozidio hau amaitu nahi badute, Israeli ematen dioten sostengua bertan behera utzi behar dute. Horrek, ordea, NATOren eta Europako Batasunaren agenda estrategikoa haustea eskatuko luke, eta badakigu ez daudela horretarako prest».

Horrez gain, GKSk babesa adierazi dio Palestinako erresistentziari, «Palestinarren benetako askatasuna Israelgo Estatu faxista eta koloniala suntsituz solik etorriko baita». Ildo horretatik, berretsi dute Mendebaldeko gobernu eta enpresek Israelekin harremanak eteteko borrokan jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.