Beste askok bezala, hartu nuen erabaki bat: gure militantzia politikoa zilegi da, eta inor ez da nor errepresio bidez hori gelditzeko. Jarraipenak eduki ditut, nik uste, oroimena dudanetik, saltoka edo». Eneko Villegasen hitzak dira (Atarrabia, Nafarroa), Espainiako Auzitegi Nazionalak epaituko dituen gazteetako batenak. Astelehenean eseriko dira akusatuen aulkian. Duela ia lau urte joan zitzaien bila Espainiako Polizia: 2010eko urriaren 22an eta 2010eko abenduaren 16an. Baina egun haiek baino lehen hasi zen 28 gazte auzipetuen istorioa. Beste hamaika lagunek bezala, gaztaro oso bat daramate polizien, torturen, epaileen, kartzelaren «mamuarekin». Jardun politiko aktiboan ari direnetik. Orain, seina urteko espetxe-zigor eskaera dute gainean; «konpromisoz» egin nahi diote aurre horri ere.
2007an hasita, eta, batez ere, 2009 eta 2011 artean, haien aurkakoa bezalako sarekada ugari egin zituen Espainiak ezker abertzaleko eta gazte mugimenduko militanteen aurka. «Estrategia errepresiboa gorenean zegoen», azaldu du Ikoitz Arresek (Santutxu, Bilbo): «Estatuak horrelako kolpeak ematen zituen, ezker abertzalea desegituratzen ari zela irudikatu nahi zuelako». 2009tik, jarraipenak nabari zituen Irati Tobarrek ere (Portugalete, Bizkaia). Zerrenda beltzetan zeuden: haien izenak irten ziren inkomunikazio aldiko deklarazioetan. Bazekiten edozein unetan beren aurka jo zezaketela, baina gazte mugimenduan lanean jarraitu zuten. Tobar: «Nahiz eta oso gogorra izan, proiektu batean sinesten baduzu, hori aurrera eraman nahi duzu».
Epaimahaiak ere onartu zuen absolbitutako 40 gazteen kasuan: akusazioen artean ez zegoen indarkeriazko ekintzarik. Hala da 28 gazteen kasuan ere, baina aspaldi izendatu zituzten «terrorista» prentsan eta arduradun politikoen ahotan. 2009ko azaroko sarekadako 40 lagun haien lanarekin jarraitzea egotzi zieten orduan. Eztabaida prozesuan zegoen ezker abertzalea, eta eginak zituen urrats batzuk. Gazte mugimenduak ere bai. «Hori errotik moztu nahi baduzu, kendu paretik hori aurrera eramango dutenak», dio Tobarrek. «Desaktibatu, isilarazi eta zatiketa eragin» nahi izan zutela diote.
Besteak beste, Zestoako Gazte Topaketak ditu gogoan Arresek. 2009ko azaroko sarekadarekin batera izan ziren, haiek polizien esku zeudela: «Hori gazte mugimenduak osorik egindako hautu bat izan zen, bai: berdin du, joko gaituzte, eramango gaituzte denak espetxera, baina berdin digu; egingo dugu». Horrela gauza asko egin zituztela dio: «Etxean ez ginen geratu. Ez zen gelditu, eta jarraitu du».
Ihesa, edo inkomunikazioa
Eta Espainiako Polizia joan zitzaien etxera, gauez, 2010eko urriaren 22an. Ostiral hartan atxilotu zuten Arrese, beste hamahiru lagunekin batera: «Nire bizitza zikloa aldatu egin zen, erabat: torturak pairatu, Sotora [Soto del Real espetxea, Madril] heldu, eta preso politiko nintzen. Espetxealdira ohitu behar duzu bortxaz, egun batetik bestera».
Egun haietarako, «itogarria» zen polizien jarraipena Tobarrentzat ere, baina lortu zuen ihes egitea, beste zazpi gaztek bezala. Lau hilabete inguru pasatu zituzten ezkutatuta, 2011ko otsailean Izpuran agertu ziren arte (Nafarroa Beherea). Inkomunikazioa saihestea eta bizitzen jarraitzea zen asmoa, militantziari segida emateko. Astebeteko itxialdia egin zuten, eta hautetsi, herritar eta eragile ugariren babesa jaso. «Euroaginduaren kontrakotasuna landua zegoen [Aurore Martin ezkutatua zegoen orduan], eta salto bat egin genuen: onartzea militantzia politikorako eskubidea, lan politiko hori egiteagatik ez zaituztela zertan atxilotu, torturatu eta espetxeratu».
Baina Frantziako Polizia ere denak atxilotzen hasi zen, astebeteko itxialdia amaituta. Tobarrek iraun zuen gehien, hautetsien eta herritarren babesarekin: hilabete geroago atzeman zuten, gose greban ari zela. «Orduan, ni sartu nintzen espetxera oso indartsu: torturak saihestu nituelako eta hilabete horretan lortu zirelako gauzak Ipar Euskal Herrian, guretzat ere onak izan zitezkeenak. Hegoaldean oso gogorra zen egoera, eta indarraldi bat izan zen».
Urriaren 22 hura «itogarria» izan zen Villegasentzat ere, baina ez zuten orduan atxilotu, handik bi hilabete eskasera baizik: 2010eko abenduaren 16ko sarekadan —beste bost gazte eta bi abokaturekin batera—. «Gogoratzen dut bost egun haiek infernu bat izan zirela. Ez diot inori opa. Ni izan nintzen kartzelara heldu nintzen mutil bakarra. Bakartuta nengoen. Gero, neskekin elkartu nintzen Soton, eta besarkada bat eman genion elkarri. Izugarri goxoa, betiko gogoratzen duzuna». Besarkada hura bezala, betiko izango dituzte inkomunikazio aldiko egun haietan pasatutakoen ondorioak ere, Villegasek azaldu duenez: «Batzuk ezin dira eseri bi lagunen artean auto batean, edo ateak itxiak badituzte oso gaizki jartzen dira. Hori latza da».
Berriz ere, Segi «berregituratzen» ari zirela esan zuten Poliziak eta komunikabideek: «Gogoan ditut [Espainiako Barne ministro Alfredo Perez] Rubalcabak esandako hitzak: 'Ez diegu utziko talde titularrera iristen'. Niretzat, euskal gazteriaren barruan antolatzea 'talde titularra' da».
Kartzelatik pasatuta, baldintzapean egon dira aske orain arte.«Norbere asmoa da bizitzen jarraitzea, baina badago aukera espetxera itzultzeko, eta horrek baldintzatzen du eguneroko bizimodu guztia», dio Arresek. Auziaren ondorioak ez dira soilik espetxealdi edo epaiketakoak: «Prozesua hasi zen gure aurkako errepresioa hasi zenean; ez urriaren 22an edo abenduaren 16an; askoz ere lehenago. Eta ez da bukatu». Gaztaroa baldintzatu diete, azken batean: eguneroko bizimodua, dena. Edo ia dena. Tobar: «Militantziarekin, borrokarekin jarraitu nahia. Hori ez dute baldintzatu».
Gaztaro oso bat mamuen aurka
Astelehenean hasiko da Segiko kide izatea egozten dieten 28 gazteen aurkako epaiketa. 2010ean izan ziren bi sarekadak, baina lehenago ere sumatu zituzten Poliziaren jarraipenak. Gaur arte «baldintzatu» diete egunerokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu