EUSKAL HERRIA

Gazta zati baten inguruan erabakitzen

Idiazabalgo herritar batzuk Eskozian egindako "deskubrimendua" biltzen duen ‘Gazta zati bat’ filma hilaren 30ean emango dute Bilbon, Arriaga antzokian. Etorkizunari buruz lasai hitz egin eta erabakitze eskubidea "naturaltasunez" gauza daitekeela da "aurkikuntza".

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko azaroaren 17a
22:54
Entzun

Ilusioa sentitzeko beharra dute euskal herritarrek, Jon Maia bertsolari, idazle eta 'Gazta zati bat' filmaren zuzendariaren ustez. "Beharra" dela azpimarratzen du. Eta horixe asetzera datorren dokumentalak, emanaldiz emanaldi, "poztasuna" eragiten jarraitzen duela dio harro. "Hunkigarria da jendeak zein gogoz hartzen duen ikustea. Sesio terapeutiko batetik bezala irtetzen da". Ilusioz, eta lanerako gogoz.

"Gizarte sanoago, justuago bat sortzea posible dela erakusten du filmak, eta horretarako, ez dela inoren zain egon behar. Gure esku dagoela". Horixe "zinema sozial" honek erakusten duena. Norberak erabaki behar dituela nork bere kontuak. Posible dela, eta hala behar duela gainera. "Frustrazioa sortzen du zure bizia ez dagoela zure eskuetan sentitzeak. Zure eskuetan dagoela pentsatzeak, autoestima handitzen du".

Erabakitze eskubideari buruz ari da dokumentala. Herriek eta herrietako pertsona bakoitzak "berezko" duen eskubideari buruz. Norbanakoen etorkizuna erabakitzekoa bezala, herriena ere berezkoa da Maiaren hitzetan; "naturala", politika bera baino lehenagokoa: "Pre-politikotzat dugu erabakitze eskubidea".

Eskozian "deskubritu" zuen hori Idiazabalko herritar talde batek, "kasualitatez", eta han girotua dago filma. Eskozian erabakitze eskubidea "naturaltasunez" hartzen dela ikusi zuten bidaia batean bere gaztagatik ezaguna den lurreko herritarrek; ez dagoela "gaiztotua". Independentziaren aurka daudenek ere ez dute eskubide hori ukatzen; ez zaie bururatu ere egiten: "Nola ez dute ba herritarrek erabakiko zer nahi duten?", pentsatzen dute kontserbadoreenek ere, Maiaren hitzetan.

"Haize berriarekin" etorri ziren goierritar horiek Eskoziatik, eta Euskal Herrian zabaltzeari ekin zioten. Gazta zati bat dokumentalean jasoa geratu da «jende arruntaren historioa», irakaspen eta guzti: "Talde politikoen menpekotasunetik atera, eta herritik posible da aurrera egitea". Horretarako deia da dokumentala, filmeko protagonista baten hausnarketak laburbiltzen duena: "Erabakitze eskubidea gatazkaren lokatzetatik atera behar dugu eta naturaltasunez eztabaidatzea lortu, erabakitzea".

Horretan ari da taldea, eta horretan lagundu nahi du Gazta zati bat-ek. Alderdi politiko eta gizarte eragile askotako kideak biltzea lortu du. Horren lekuko, Bilbon egingo duen emanaldiaren aurkezpean batutakoak. Bertan izan dira, besteak beste, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea, Iñaki Zarraoa EAJkoa, Tontxu Campos EAkoa, Diana Urrea Alternatibakoa, zein kultura eta gizarte arloko ordezkaritza zabala.

PP eta PSEko ordezkaririk hurbiltzea ez dute lortu sustatzaileek. "Zoritxarrez", dio Maiak. Baina hori ere lortuko dela seguru dago. Ideologia guztietako herritarrek lasai hitz egingo dutela bakoitzak garatu nahi duen proiektuari buruz eta guztien artean erabakiko dutela etorkizuna. Laster iritsiko dela dio, gainera: "Erabakitze eskubidea hortxe dagoen zerbait da. Ez da utopia. Gure eskuekin ukitu daiteke. Denon artean lan eginda, ez da denbora asko beharko, eta denok izango gara zoriontsuago".

Hilaren 30ean emango dute dagoeneko 180 emanalditan 120.000 herritarrek ikusi duten filma Bilboko Arriaga Antzokian. 20:00etan izango da emanaldia, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Kafe Antzokian, Kalderapekon, eta BBKren kutxa automatikoetan, zortzi euroren truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.