Gazta osoa jateko bidea

Euskararen arnasguneen eta Nafarroako D ereduaren erronkak aztertu dituzte Lakuntzan. Gakoak: «autokritika», integraziorako baliabideak eta «berritzea»

Iñigo Orella, Nora Salbotx, Agurne Gaubeka eta Josu Reparaz, atzo, Lakuntzan egindako Eman arnasa gureari jardunaldietan solasean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Tubia.
Lakuntza
2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Nafarroan, Haur Hezkuntzan, ikasleen %28 inguruk ikasten dute D ereduan. Azken urteetan, %29ra ezin iritsi dabil, goia jo izan balu bezala. Kezka horretatik abiatuta, herrialde horretan D ereduak dituen erronkez aritu ziren atzo, Lakuntzan (Nafarroa), Sakanako Mankomunitateak eta Nafarroa Oinez-ek antolatutako jardunaldian: Eman arnasa geureari. Hitzaldietako batean, Nafarroan D eredua «biziberritzeko» gakoak ematen saiatu ziren adituak: migranteak eta familia zaurgarriak erakartzeko zailtasunak, legeen mugak, eta euskal curriculuma «berritzeko» eta orain arte egindako bideari «autokritikaz» erreparatzeko beharra aipatu zituzten. Hau da, gaztatxoaren herena izateari utzi eta osoa jateko bidea marrazten saiatu ziren.

Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendaria, Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria eta Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria aritu ziren solasean, Iñigo Orella Andra Mari ikastolako zuzendari pedagogikoak gidatuta. Salbotxek Aitor Etxarte Iruñeko Hegoalde ikastolako zuzendari izandakoaren hitzak ekarri zituen gogora: «Gure anbizioa baldin bazen Nafarroaren gasnatxoen soziologia horren herenaren bueltan ibiltzea, hori lortu dugu. Baina hark zioen gu ez ginela honetarako sortu, baizik eta euskara bazter eta plaza guztietara zabaltzeko». Miguel Sanz Nafarroako lehendakari ohiarena da gaztatxoaren teoria: horren arabera, lurraldearen herena dira euskal abertzaleak.

Etorkinei buruz aritzean, Salbotxek esan zuen «autokritika» egiteko «tarte zabal samarra» dutela euskaltzaleek: «Zergatik ez gara ailegatzen nahi eta behar adina?». Reparazek uste du eremu mistoan eta ez-euskaldunean etorkinak euskara ez duen eredura joatea dela «joerarik naturalena». «Planifikazioa eta elkarlana behar ditugu». Haren aburuz, lehen belaunaldiko etorkinek «nahikoa» buruhauste izaten dute, baina badute bigarren belaunaldiari «zer eskaini» eta «zer landu». «D ereduaren aukerak saltzen ez dugu jakin. Euskara integraziorako tresna garrantzitsua da; ateak zabaltzen ditu».

Gaubekak erakundeetan paratu zuen arreta: «Esaten da etorkinek ez dutela D eredua aukeratzen, baina esango nuke ukatzen zaiela». Salatu zuen administrazioak, gizarte zerbitzuek eta harrera protokoloek oztopoak paratzen dituztela etorkinen seme-alabak D ereduan matrikulatzeko, «arazoak» edo «gainkostua» ekarriko dizkiela esaten baitiete. Reparazen aburuz, gaur egun «asimilazioa» egiten da ikastetxeetan. «Benetako integrazioa beste gauza bat da, eta baliabideak jarri behar dira horretarako».

Beste bide batzuetatik

Intersekzionalitatea aipatu zuen Salbotxek. Esan zuenez, Azkoiengo baratzeetan borrokan aritu zirenetako askok D ereduan sartu zituzten seme-alabak. Magrebtarrak ziren gehienak, eta LAB sindikatuaren bidez aritu ziren borrokan. «Euskarara ailegatu daitezke anitzetan arras materialak diren gauzekin lotura duten bertze bide batzuetatik».

A ereduaz ere aritu ziren, etsai edo bidelagun ote zen galdetuta. «G eredua desagerrarazteko tresna bat da A eredua», esan zuen Salbotxek. Nafarroako egoera politikoa ikusita, «aurrerapausotzat» jo zuen Reparazek: «Horrek bermatzen du ikasle guztiek gutxienez kontaktua izango dutela euskararekin». Hala ere, euskara ikasteko egokiena D eredua dela esan zuen: «Baina gaitasuna ez da bakarrik ezagutza».

Zonifikazioaren mugak eta herri batzuetan D eredua lortzeko dituzten zailtasunak salatu zituzten hizlariek. «Euskararen irakaskuntza ez da bakarrik familia batzuen ardura; komunitate osoarena da», esan zuen Gaubekak. Are, udalek ere posizionatu behar dutela aldarrikatu zuen.

Aurrera begira, Reparazek beharrezkotzat jo zuen curriculum «propioa». Tresnarik «behinena» izanagatik ere, Salbotxek ñabardura bat gehitu zuen: «Uste dut curriculumak zaharberritze premia duela, gaurkoa ez baita lehengo Euskal Herria». Feminismoa, krisi ekosoziala, zaintza eta teknologia kritikoa kontuan hartu beharko lituzke. Beste proposamen bat ere egin zuen: «Herri hezitzaileen sarea azkartzea dagokigu Nafarroan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.