Kulturatik egitasmoko kide Igor Otxoak balorazio «gazi-gozoa» egin du atzo Donostian Gazaren «genozidio basatia» salatzeko egindako ekitaldi ikusgarriaren inguruan. «Uste baino hobeto atera zen. Gauza berriak proposatu ditugu, eta zalantza batzuk bazeuden, baina helburuak bete baino gehiago egin dira».
Gozoari dagokionez, antolatzaileek badute zer aipatu Gazari elkartasuna adierazteko ekitaldiari loturik, «nazioartean lortu baitu halako oihartzuna». Otxoak dio «mundura» helarazi nahi zutela «hemengo ahots txikia» Gazaren alde, eta hori lortu dutela, «gaur ere kanpoko hedabideak baititugu irudien eskean». Besteak beste, Reuters, AP, Frace Press eta TVE aipatu ditu Oreka TXko kideak.
Baina alde gazian ere badira arrazoiak egoera azaltzen denean. «Gazako egoerak berriro errealitatera eramaten gaitu. Etsigarria da: gaur bertan beste ehun pertsona hilko ditu Israelek; gaur bertan haurrak hilko dira». Muturreko egoera hori gerarazteko alea jarri nahian, «artistek dena eman zuten atzo». Izan ere, Euskal Herriaren «gehiengo soziopolitikoa» ordezkaturik zegoen Donostiako ekitaldian, Otxoak uste duenez: «Horrek esaten digu gure gizartea ez dagoela lokartuta. Tinko eta ekintza gehiago egiten jarraitu behar dugu, dagoeneko hitzek ez baitute balio. Rafahra sartuko direla esaten ari da Netanyahu... eromen hutsa da hau».
Haizearen Orraziko irudia
Euskal Herriko 250 kulturgilek baino gehiagok egin zuten bat Kulturatik genozidioari stop egitasmoarekin atzo, baita hainbat alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimenduk ere. Alderdi Ederretik abiatu zen manifestazioa, eta Haizearen Orrazian amaitu. Dozenaka esku hartze artistiko ere izan ziren, formatu txikian, kaleko artisten gisa ia-ia, eta martxaren bukaeran giza irudi erraldoi bat osatu zuten pertsona ugarik lurrean etzanda, Haizearen Orrazitik Ondarretaraino, Gazan hildakoak irudikatzeko.
«Kulturaren sektoreak erantzun du, baina gure gizartearen isla bat izan da, eta espero dugu gizartearen beste alde batzuek ere ekitaldi gehiago egitea».
IGOR OTXOAKulturatik egitasmoko kidea
«Kulturaren sektoreak erantzun du, baina gure gizartearen isla bat izan da, eta espero dugu gizartearen beste alde batzuek ere ekitaldi gehiago egitea. Egonezina oso handia da», dio Otxoak. Kulturatik egitasmoko kideek ez dute tarterik izan oraindik atzoko ekitaldiaren inguruan hausnartzeko, baina Otxoak ez du baztertu aurrerantzean ere ekitaldi gehiago antolatzea Gazaren alde. «Lehenik balorazio partekatu bat egin behar dugu, eta gero ikusi bide bat zabaldu ote dugun, egitasmo gehiago egiteko».