Gazan zauritutako pazienteak iritsi dira Euskal Herrira, ospitalean arta ditzaten

Urriaren 7tik hona larri zauritutako hamar adingabe eta emakume bat artatuko dituzte. Aurrez Egiptoko ospitaleetan izan dira, eta gaur arratsaldean iritsi dira Euskal Herrira. Beste adingabe bat gaur Nafarroara iristea espero zen.

Mediku bat Gazan zauritutako ume bat artatzen. PALESTINAKO ILARGIERDI GORRIA
Mediku bat Gazan zauritutako ume bat artatzen. PALESTINAKO ILARGIERDI GORRIA
inaut matauko rada
2024ko uztailaren 25a
12:00
Entzun

Osakidetzaren Gurutzetako ospitaleak (Barakaldo, Bizkaia) eta Donostiako ospitaleak Gazan larriki zauritutako hamar pertsona hartu dituzte gaur. Beste adingabe bat Osasunbidearen Nafarroako ospitaleetan artatzea espero zen. Accem gobernuz kanpoko erakundea arduratu da haiekin lehen hartu-emana izateaz, eta dena espero moduan joan dela adierazi dute. Balorazio orokor baten ostean, bihar hasiko dira ziurrenik tratamenduekin.

Itziar Astigarragak, Gurutzetako ospitaleko pediatria saileko buruak, Radio Euskadin azaldu du ospitaleetara iritsiko diren pazienteak Egiptoko osasun zentroetan artatuak izan direla, eta, beraz, zauri sakonenak egonkortuak dituztela. Antzekoa nabarmendu du Miren Leizaga Accem gobernuz kanpoko erakundeko kideak ere, azaldu baitu pazienteek ez dutela «inongo larrialdirik»; horregatik ez dute inor urgentziaz eraman ospitale batera. Azaldu du ez dituztela tratamenduak presaka hasi nahi izan, batez ere ume horiei estres handiagorik ez sortzeko.

Gurutzetako ospitalean bost adingabe hartuko dituzte; Donostiakoan, lau adingabe eta emakume bat; eta espero zen beste haur bat Nafarroako ospitalera eramatea. 2 eta 14 urte artean dituzte adingabeek, eta familiakoekin batera egongo dira Euskal Herrian dauden bitartean. Gehienak Israelgo armadak Gazan botatako bonben ondorioz daude zaurituta, eta hezurrak, begiak eta burmuina dituzte kaltetuta, erredurez gain. Pazienteetako batek minbizia du, eta beste batek bihotzeko arazoak. Gorputz adarren bat anputatu diotenik ere bada. Tratatuko duten heldu bakarra zauritutako umeetako baten ama da; arazo neurologikoak ditu.

datuak

5

Gurutzetako ospitalea. Bost izango dira Gurutzetako ospitaleak hartuko dituen zaurituak.

4

Donostiako ospitalea. Hego Euskal Herriko ospitaleetan sendagileek artatuko dituzten 11 pazienteen artean, lau Donostiako ospitaleak hartuko ditu.

Elkarteen laguntza

Irabazi asmorik gabeko elkarteek kudeatuko dute haurren eta haien senideen egonaldia: ostatua, harrera zerbitzuak, elikadura, atentzioa, informazioa, itzulpengintza, eta behar duten edozer. Espainiako Gobernuak azaldutakoaren arabera, behin-behineko 90 eguneko bisa izango dute artatuek eta haien familiako kideek; izan ere, kalkulatu dute Gazatik datozenei arta emateko proiektu horrek hiru hilabete inguru iraungo duela.

Euskal Herriko ospitaleetan zainduko dituzten pazienteak atzo iritsi ziren Madrilgo Torrejon de Ardoz aireportu militarrera, beste lau zauriturekin batera, medikalizatutako hegazkin militar batean; gainontzeko lau zauritu horiek beste ospitale batzuetan artatuko dituzte, Asturiasen, Madrilen eta Gaztela-Mantxan, Espainian. Hegazkina arratsaldean iritsi zen Madrilera, eta Gazan zauritutakoek Espainiako lau ministro zituzten zain: Elma Saiz Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroa, Monica Garcia Osasun ministroa, Margarita Robles Defentsa ministroa eta Sira Rego Haurtzaro eta Gazteria ministroa, eta haiekin batera izan ziren Migrazioen Zuzendaritza Nagusiko funtzionarioak, Osasun Ministerioko sendagileak eta itzultzaile batzuk.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak X sare sozialean nabarmendu zuen hartutako hamabost zaurituekin Espainiak OME Osasunaren Mundu Erakundearekin hartutako konpromisoa bete duela: «Horrela erantzun diogu OMErekin hartutako konpromisoari, tratamendu seguru bat eskainiz eta ume orok merezi duena emanez, jaio den lekuan jaio dela: osasunez eta itxaropenez betetako haurtzaro bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.