OME Osasunaren Mundu Erakundearen Europarako zuzendari Hans Klugerekin bilera egin ostean, Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek iragarri du aintzat hartuko duela OMEren eskaria, eta Gazako 29 ume hartuko dituztela, osasun arta emateko. 29 ume horietatik, hamabi Euskal Herrira ekarriko dituzte, eta Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) eta Donostiakoan artatuko dituzte.
Gaixotasun larriak dituzten umeak dira denak. Haietako batzuk minbiziak jota daude, eta beste zenbaitek traumatismo larriak dituzte, Israelek Gazaren kontra egindako erasoen ondorioz. Gaur egun Gazan daude, Turkiak han ezarritako erietxe batean. OME arduratuko da umeen eta haiekin bidaiatuko duten senideen dokumentazioa bideratzeaz eta Gazatik Kairora eramateaz (Egipto), eta handik Madrilera bidaliko dituzte. Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bere gain hartuko du umeen eta haien laguntzaileen egonaldiaren gastua; osasun artarena, berriz, Osasun Ministerioaren bizkar joango da. Ume bakoitzarekin gutxienez senide batek bidaiatuko du.
Espainiako Atzerri Ministerioak koordinatuko du operazioa, eta datozen asteetan egitea espero da. Sanchezek adierazi duenez, horrekin «haurtzaro osasuntsu eta itxaropentsua» eman nahi diete ume horiei, «horixe baita edozein umek merezi duena, jaio den lekuan jaio delarik ere».