Gazako genozidioa amaitzeko eskatu dute ikasleek eta sindikatuek, Gernika-Palestina plataformak deituta

Besteak beste, gatazkari irtenbidea emateko bide diplomatikoak ireki behar direla aldarrikatu dute. 19:00etan ere elkarretaratzeak eginen dituzte, Euskal Herriko 178 herritan.

Sindikatuek Bilbon egin duten elkarretaratzea, Gernika-Palestina plataformak deituta, eguerdian. ELA
Sindikatuek Bilbon egin duten elkarretaratzea, Gernika-Palestina ekimenak deituta, eguerdian. ELA
inaki rubio
2024ko urriaren 21a
15:00
Entzun

Gernika-Palestina plataformak zenbait mobilizaziotara deitu du gaurko, Palestinari elkartasuna adierazteko eta «berehalako» su etena aldarrikatzeko. Iaz Donostian egin zuten lehen mobilizazio nazionalaren urteurrenaren karira deitu du elkarretaratze horietara. Eguerdian, sindikatuek eta hezkuntza komunitateko kideek egin dituzte protestak, eta, 19:00etan, herri guztietan elkarretaratzeak egiteko deia zabaldu du plataformak; 178 herritan eginen dituzte, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Sindikatuek Euskal Herriko langile klaseari egindako deiari erantzunez, hamaika herritar bildu dira eguerdian Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Tuteran zein Donostian egin dituzten elkarretaratzeetan. Sindikatu ia guztiek egin dute bat: ELA, LAB, EAEko eta Nafarroako CCOO eta UGT, ESK, CGT, LKN, Steilas, Solidari, EHNE Nafarroa, Etxalde eta Hiru.

Besteak beste, salatu dute Israelek 42.000 palestinar baino gehiago hil dituela iazko sarraskia hasi zuenetik, eta Gazako azpiegituren %70 suntsitu: «Inoiz gertatu den genozidiorik krudelenetako baten lekuko gara, eta, halere, nazioarteko komunitateak ez du izugarrikeria hau amaitzea lortu». Halaber, Israelek Libanoren aurka hasitako oldarraldia ere gaitzetsi dute: «Israelek Libanori eraso eginda, milaka hildako eta suntsipen gehiago eragingo duen urratsa egin du; non eta nola amaituko den ez dakigun kiribila abiatu da».

«Palestinak gure elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi». Horregatik, bereziki, gatazkari konponbidea emateko bide diplomatikoak ireki behar direla azpimarratu dute: «Berehalako su etena eta kolonizazioaren zein okupazioaren amaiera lortzeko bide diplomatikoak ireki behar dira, baita eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko ere».

Israelekiko konplizitate oro amaitzea ere eskatu dute. «Langile klaseari eskatzen diogu presio neurri guztiak aktibatzen jarrai dezagun, Israelek Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak errespeta ditzan eta eskualdean bakea eta egonkortasuna lortu daitezen». Erakundeei ere bidali diete mezua: «Apartheidaren, gizartearen aurkako krimenen eta herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren konplize izateari utz diezaioten eskatzen diegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.