'Gazako egunerokoa' euskarazko liburua aurkeztu Abu Saifek

Atef Abu Saifek Gazako erasoaldia hasi zeneko kontakizunaren euskarazko bertsioa aurkeztu du, Martin Ugalde Kultur Parkean. Arratsaldean, jendaurreko elkarrizketa eginen diote Amagoia Mujikak eta Arantxa Elizegik Atef Abu Saif egileari.

Atef Abu Saif idazle eta politikaria BERRIAko zuzendari Amagoia Mujikarekin, atzo. FOKU.
BERRIA
Donostia
2024ko urriaren 3a
09:43
Entzun

Gaur aurkeztu dute Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiaren Gazako egunerokoa liburua MArtin Ugalde Kultur Parkean. Zuzenean eman du BERRIAk, 10:30ean, eta streaming bidez. Gazako egunerokoaren euskarazko bertsioa Aleka bilduman argitaratu da —BERRIAk, Elkarrek eta Jakinek elkarlanean sortutako bilduma da Aleka—.

Halaber, Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak eta Arantxa Elizegi Munduko gaietako editoreak jendaurreko elkarrizketa bat eginen diote egileari Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Solasaldia grabatu eginen du BERRIAk, eta ikusgai jarriko du.

Sarraskiaren lekuko

Iazko udazkenetik Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren lekuko eta narratzaile izan da Atef Abu Saif idazle eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia (Jabalia, Palestina, 1973); berrogei egunez Gazako egunerokoa argitaratu zuen BERRIAn, eta, hala, palestinarrak bizitzen ari ziren genozidioaren testigantza eman egunez egun. 85 egun igaro zituen zerrendan, harik eta abenduaren 29an ihes egitea lortu zuen arte. Bizipen horietatik abiatuz ondu du Gazako egunerokoa Atef Abu Saifek.

'Gazako egunerokoa'. Alekaren bildumako hamabosgarren liburua.
Gazako egunerokoa, Alekaren bildumako hamabosgarren liburua.

Liburua BERRIA dendan dago salgai, eta BERRIAlagunek merkeago eskura dezakete. Irene Arrarats Lizeagak eta Maialen Berasategi Catalanek euskaratu dute, eta azala Idoia Beratarbide ilustratzaileak diseinatu du. Etekinak irabazi asmorik gabeko Medical Aid for Palestinians, Middle East Children's Alliance eta Shefield Palestine Solidarity Campaign (Khan Younis Emergency Relief) gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteei emango dizkiete.

Munduaren luze-zabalean jada izan dute aukera Atef Abu Saifen liburua irakurtzeko, hamahiru hizkuntzatan. Ingelesez, gaztelaniaz, katalanez, islandieraz, indonesieraz, japonieraz, italieraz, portugesez, koreeraz eta turkieraz argitaratu dute liburua, besteak beste.

Idazle eta politikari

Abu Saif Jabaliako iheslari esparruan jaio zen, Gazako zerrendan, 1973an. Birzeiteko Unibertsitatean lizentziatu zen, eta maisutza ere egin zuen Bradfordeko Unibertsitatean. Politika eta Gizarte Zientzietako doktoretza egin zuen Florentzian, Europako Institutu Unibertsitarioan. Bost nobela idatzi ditu: Itzalak memorian (1997), Uzta gauaren ipuina (1999), Elur bola (2000), Paradisuko mahats gazia (2003, 2006) eta Bizi bat airean (2014), zeina Arabierazko Fikzioaren Nazioarteko Sarirako hautatu baitzuten 2015ean. Bi ipuin liburu ere argitaratu ditu: Dena normal dago (2004) eta Bizitza oraindik: Gazako garai baten istorioak (2013).

Politikari buruzko liburu batzuk ere idatziak ditu. Kolaboratzaile aritzen da zenbait egunkari eta aldizkari palestinar eta arabiarretan. 2014an, Gazako liburua editatu zuen, Comma Press-en Hiria Irakurri sailaren parte zen liburu bat, Gazako zerrendako hamar idazle garaikideren ipuinak bildu zituena. 2015ean, Arabierazko Fikzioaren Nazioarteko Sarirako hautatu zuten. 2018an, eleberri arabiarrik onenaren Katari saria irabazi zuen, idazle gazteen kategorian. 2015ean, Gazako 2014ko gerrako bere egunerokoak argitaratu zituen: Droneak nirekin batera jaten du: Gazako eguneroko bat (Comma Press). Molly Crabapplek honela deskribatu zuen liburua: «Gerra literaturako klasiko moderno bat». Arabieraz eta ingelesez idazten du.

2019an, Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro izendatu zuten. Zisjordanian bizi da orain, baina erasoa hasi zenean Gazako zerrendan zegoen, familia bisitatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.