Luzea, gogorra eta bortitza izan dute bidea, baina iritsi dira: gay eta lesbianentzako ezkontza eskubidearen alde kokatu da Frantziako Parlamentua. 331 diputatu agertu dira alde, eta 225 aurka. «Berdintasuna! Berdintasuna!» oihukatuz, aldekoek txalo artean hartu zituzten bozketaren emaitzak, eskuineko diputatuak laster atera zirelarik legebiltzarretik. Prozedura legegilea bururaturik, azken bozka egiteko hitzordua zuten atzo 17:00etan. Herritar anitz ziren emaitzen beha, eta, izan aldekoak zein aurkakoak, azken asteetan militatzen egondako hamarnaka aurpegi ezagun ziren legebiltzarrean. Ondo bidean, ekainetik aurrera izango dute ezkontzeko aukera gay eta lesbianek.
Alderdi Sozialistari doakionez, 281 agertu ziren alde, lau aurka, batek ez zuen bozkatu eta lau abstenitu ziren. UMP alderdiko 183 agertu ziren aurka, sei alde eta bost abstenitu ziren. UMPtik, Franck Riester, Benoist Apparu, Alain Chretien, Marianne Dubois, Luc Chatel eta Henri Guaino aurkari sutsua ziren aldekoen artean. Baina Riesterek eta Apparuk zuten soilik nahitara egin, besteek botoiz tronpatu zirela zehaztu zuten. Europe Ecologie Berdeak taldea bakarrik kokatu zen, osoki, alde.
«Poz handia sendi dut, egun historikoa da; aurrerapen handia dakarren eta begi bistakoa izan behar lukeen lege hori lortzeko pairatu zailtasun guztiak ikusirik, une honetan zinez uros naiz!», esan zion BERRIAri Colette Capdevielle diputatuak. Ezin argiagoa da lehen artikulua: «Sexu ezberdineko edo berdineko bi pertsonaren arteko kontratua da ezkontza». Artikulu horrek dakar, beraz, adopzio eskubidea, Frantziako legediak adopzio eskubidea onartzen dielako bikote ezkonduei. 1999an lortu zuten Pacs edo elkartasun itun zibila baino segurtasun gehiago dakarkie lege honek gay eta lesbianek osatu bikoteei: guraso aginpidea bientzat, bikotearen heriotzaren kasuan oinordekotasunaren eskuratzea edota pentsioa lortzea...
Lau kapitulutan banaturiko 23 artikuluko testua da. Ezkontza eskubidea jorratzen du lehen kapituluak, eta bigarrenak, adopzioarena. Aita eta ama-ren ordez guraso, edota senar-emazte-ren ordez esposak hitzei buruzko zehaztasunak emanak dira hirugarren zatian. Legedia aitzin beste herri batean ezkonduriko bikoteei begira da azken zatia, eta ezkontza kontratua transkribatua izaten ahalko zaiela dio.
Aurkariak ez dira amore ematekotan. Atzo berean jo zuten Konstituzio Batzordearengana UMP eta UDI zentroko senatariek. Diotenaz, gay eta lesbianentzako ezkontza eskubidea ahalbidetzeko konstituzioa aldatzea ezinbestekoa da: «Errepublikako legeek aitortzen duten ezinbesteko printzipioa da ezkontza, eta horren definizioa ezin da lege sinple baten bidez aldatu». Adopzio eskubidea ezeztatzea ere helburu argitzat dute. Bozketa ezeztatu ezinean, ahal bezainbat atzeratu nahian aritu dira hiru hilabetean: hitza etengabe hartuz, 5.000 zuzenketez gora pausatuz eta axolarik gabe haien gogoeta homofoboak argitaratuz. Ezkontza eskubidea sexu berdineko pertsonei zabaltzeak azkenean intzestuari, pedofiliari edota poligamiari ateak irekitzea dakarrela salatu dute zuzenketetan. Legebiltzarrean bizitakoaz harriturik da Capdevielle: «Ikaragarriak dira aurkarien adierazpenak; homofobia sinestezin batek errimatu ditu eztabaidak».
Ugalketa lagundurik ez
Hastapenean hala beharra baldin bazen ere, azkenean legeak ez die ugalketa lagunduaren aukera lesbianei zabalduko. Nahiz legearen inportantzia ez txikitu, haren hitza bete ez izana leporatzen diote François Hollande presidenteari lesbiana, gay, bisexual eta transexualen eskubideen alde dabiltzanek. «Ezkontza eskubidean oinarrituko gara aldarri hori eramateko orduan, ezin onartuzkoa delako bikoteen artean ezberdintasunak egotea eta azpi-mailako ezkontzak izatea», ohartarazi du Beñat Gachen Aukeratzeko Eskubidearen Aldeko Kolektiboko kideak. Capdevielle ere «penaturik» agertu da. «Ondoko borroka izanen da ugalketa lagundua lortzearena».
Ororen buru, Etikari buruzko Frantziako Aholku Batzarraren eskuetan utzi du gaia gobernuak, eta horren iritzia plazaratu ondoan dute familiari buruzko legedian sartzekoa neurria. Urte bukaera baino lehen egon behar luke legebiltzarrean. «Bi iritzien arteko talka bi aldiz biziarazi ordez, askoz hobe eginen zuten guztia lege bakarrean sartzea», Gachenen iritziz. Eskubide hori lortzea «oso zaila» izanen dela aitortzen du.
Gay eta lesbianak ezkontzeko legea. Bozketa Parisen
Gay eta lesbianei ezkontzeko aukera onartu die Frantziako Parlamentuak
Sexu bereko bi pertsonaren arteko ezkontza eskubidearen alde agertu dira parlamentuko 331 diputatu; 225ek, berriz, aurka egin duteKonstituzio Batzordean jarri dute helegitea UMP eta UDI alderdietako senatariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu