Dimisioaren egun berean aurkeztu zuen, hain zuzen, herritartasunari lotu konstituzioa aldatzeko legea Manuel Valls Frantziako lehen ministroak. Testuak ez du zehazki izendatzen nazionalitate bikoitzeko herritarrik. «Pertsonak» ditu aipatzen. Pertsona horri «kenduko zaio Frantziako nazionalitatea, edo horri lotu eskubideak, nazioaren biziari larriki kalte egiten dioten delitu eta krimenengatik kondenatua bada». Eskubideak, hau da, bozkatzeko eskubidea edo beste, delituei zabaltzen dutena, beraz.
2012tik zen Justizia ministro Taubira. Hollande Frantziako presidente bozkatua izan eta osatu lehen gobernutik. Aitzin, kasik 20 urtez izana da Guyanako diputatu, 1993tik 2012ra. 41 urte zela aurkeztu zen lehen aldiz, eta orduan zuela lehen aldiz bozkatu ere azaldua izana du geroztik, lehen aldiz eta bere buruarentzat. 70eko hamarkada bukaeran Guyanaren deskolonizazioaren aldeko mugimenduan parte hartu zuen. Geroztik, Guyanako Walwari alderdia sortua du. Ibilbide politiko luze bezain aniztuna izan du. Horren adibidetzat, horra beste bi datu: 2002an Frantziako presidentetzarako hautagai aurkeztu zen ezkerreko alderdi erradikalaren etiketarekin. 2008an, berriz, Nicolas Sarkozy presidente zela, haren kargupean misio bat onartu zuen.
ERREFORMA PENALA
Herren jaiotako erreforma
Taubirak eraman erreforma nagusia erreforma penalarena izan du, 2014an. Urte bat eta erdi berantago, erreformak Baionako auzitegira ez duela hobekuntzarik ekarri segurtatu du Sebastien Binet Baionako abokatuak. Poztu da delituak errepikatzen dituztenentzako gutxieneko zigorrak ezabatu izana, baina, haatik, damutu da erreformak sortu «zigor murriztua» erdibidean gelditu izana. Presondegira bidali beharrean, delitugileak ez dezan berriz deliturik egin sustatzeko debeku batzuk eta betebehar batzuk ezartzea zen zigor berri horren ideia, gizarteratzen laguntzeko. «Iraultza» gisa aurkeztu zena. Baionan horrelako zigor izugarri gutxi jartzen direla dio Binetek. Pertsonalki bi ditu gogoan. Delitu orori aplikatu ahal balitz agian eraginkorrago litzatekeela deritzo. Hori egitekoa zen, 2017tik. Baina Binetek ez du pentsatzen gauzatuko denik, 2017an presidentetzarako hauteskundeak direnetz. «Justizia instituzioak segitzen du ahantzia izaten. Magistratuek beren arkatz propioak ekarri behar dituzte lanera», horrela laburbiltzen du egoera Binetk. Nahiz eta Taubirak defendatu duen justiziaren aurrekontuak goititu izana, egunerokoan Baionakoak «zailtasun ekonomiko larriak» dituela berretsi du Binetek. Presoen kopuruak ere segitzen duela goregi damutzen da abokatua. Taubira engaiatu zela presoei ziega indibidualen eskubidea bermatzera, azkenean gibelarazi du eskubide horren obratzea. Presondegiak beteegiak direla seinale, Binetek beti. Taubirak atzeratu du baita adin gutxituen justiziaren erreforma, hau ere hitzemana alta. «Justizia horri hezkuntza helburu bat» ematea zuen xede. Taubira «hitzetan da, eta ez ekintzetan», borobildu du Binetek.
HIZKUNTZA GUTXITUEN EUROITUNA
Frantziako Gobernuaren «itxurakeriaren aktore»
2012an Frantziako presidente izateko hautagai zela François Hollandek hartu zuen engaiamenduetako bat zen Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berres- tea. Christiane Taubirak aurkeztu zuen, joan den uztailaren 31n, Euroituna berretsi ahal izateko konstituzio lege proposamena. Aitzina eginez gero, Euroituneko 98 proposamenetatik 39 onartuko zituen Frantziak. Baina Senatuan eztabaida gibelera botatzeko mozioa onartu ondotik, bertan behera gelditu zen berrespena.
Hur Gorostiaga Seaskako zuzendari eta Euskal Konfederazioko kideak argi du «hauteskundeei begirako ekimen bat baizik» ez zela izan. Biziki kritiko mintzatu da Justizia ministro ohiaren kontra: «Taubiraren bilana fite egina da, ez baitu deus egin hizkuntzen alde, ez bada alderdi sozialistaren itxurakeriaren aktore bat gehiago izan dela». Salatu du ezezkoa jaso ondotik ez zuela neholako iniziatibarik hartu, eta berriki alderdi sozialistaren trikimailu baten ondotik, Paul Molac diputatu bretainiarraren lege proposamena gibelera bota dutenean ere, isilik gelditu dela. Gorostiagak aitortu du ez dutela sekula esperantza gehiegirik izan Taubirarekiko: «Anitzetan aipatu izan da ikuspuntu irekia duela Frantziaren menpe diren populu zapalduen aldarrikapenei begira. Egia erran, momentu batean harritu gintuen: orain arte, Hezkuntza eta Kultura ministroak izan dira hizkuntzaren gaia eraman dutenak, Justiziakoak bere gain hartu zuenean kuriositatea sortu zigun. Baina, funtsean, bere irudia erabili zuten —kreola mintzo du— sinesgarritasuna emateko arrunt elektorala zen gobernuaren ekimen bati. Beste ministro anitz bezala, pasatu da, eta ez du ezer egin».
Euskalgintzak errana du Euroitunaren testua zaharkitua dela, eta zinezko aitzinamendu bat izateko Frantziako Gobernuaren lege proiektu bat beharrezkoa dela. Taubiraren lekua hartuko duen Jean Jacques Urvoas hizkuntza gutxituen alde agertu izan da. 2008an, lege proposamena ere egin zuen. «Bere buruarekin logikoa eta kontsekuentea bada, lege proiektu bat beharko genuke laster Frantziako Asanblean», Gorostiagaren arabera: «Baina, maleruski, gobernu honek azken urteetan egindako antzerkiaren aktore bat gehiago baizik ez dela izanen pentsa dezakegu. Ez dugu bereganako esperantzarik, aldarrikapenak bakarrik».
SEXU BEREKOEN EZKONTZA
Lege osoaren faltan, duintasuna
Sexu berekoen ezkontza ahalbidetu izanak Frantzia kontserbadorearen erasoen jopuntu bilakatu zuen Taubira; ikono bat. Mota guzietako irain sexista eta arrazistak pairatu zituen; eskuin muturreko Minute aldizkariak zimino batekin parekatu zuen aldizkariko azalean. LGBT mugimenduak beti kritikatu izan du legea ez zela bururaino eramana izan eta salatu, medikuntza bidez lagundu haur sortzeak ez baimendu izana. Hala ere, Beñat Gachen Les Bascos elkarteko presidentea esker oneko agertu da: «Mundu guzia guri irainka ari zen bitartean, Hollandek berak auzapezei 'kontzientzia askatasunez' aritzea baimentzen zienean, defendatu eta duintasuna eman zigun». Gachenek argi du aldarrikatzen segituko dutela, baina presidentetza hauteskundeentzat urte eta erdi falta dela, Gobernu sozialistan ez du gehiago esperantzarik.