Mikel Irizar. Euskal Herria Batera-ko kidea

«Gauzak batera egiteak komunitatea indartzen du»

Konfinamenduak ezarritako oztopoak «aukera» bilakatu eta Aberri Eguna modu bateratuan eta ekintza sinbolikoen bidez ospatzeko «proposamen xumea» egin dute Euskal Herriko zenbait eragilek.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Herritar talde batek, Euskal Herria Batera izenpean, aurtengo Aberri Eguna modu bateratuan eta balkoi eta leihoetatik ospatzeko deialdia egin du. Horien artean dago Mikel Irizar (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1954), euskalgintzako kide ezaguna eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi ohia.

Zer dela eta erabaki duzue Aberri Egunerako proposamen hau plazaratzea?

Euskal nazioa sentitzen duten zenbait herritarrengan aspalditik dagoen desio bat da: Aberri Eguna izan dadila nazioa modu bateratuan ospatzeko eguna. Aspaldiko urteetan ez da horretarako aukerarik izan, eta aurtengo egoera berezi honetan konturatu ginen Aberri Eguna ezingo zela ohiko moduan ospatu, eta horrek agian aukera ematen zuela gauzak beste era batera egiteko. Proposamen xume bat egitea pentsatu genuen, ea gizarteak erantzuten duen.

Hortaz, oztopoak aukera bilakatu nahi izan dituzue.

Hala da. Krisi honi erantzuteko moduan ikusten da asmo komunitario bat: jendea bakarka edo familiarekin etxeratuta egotera behartuta dago, baina balkoira irten eta zaintzen ari zaizkigunei beste batzuekin batera txalo jotzeak, kantatzeak, zerbait elkarri eskaintzeak ematen die indarra. Harreman horrek, igurtzi bisual horrek, besterik ez bada ere, indartu egiten gaitu, babesa ematen digu, komunitate baten kide sentitzeko aukera ematen digu.

Eta hori nola lotzen da Aberri Egunarekin?

Aberri Egunaren oinarria da nazio edo komunitate baten parte sentitzea, eta horren aldarrikapena egitea, desio bat adieraztea. Iruditzen zitzaigun bi gauza horiek oso ondo lotzen zirela, eta pentsatu genuen Aberri Egunean bestela ere egiten duguna egitea, baina Euskal Herri osoan eta denok batera, horrek indar sinboliko handia emango liokeelako.

Plazaratu duzuen bideoan diozue proposamenaren asmoetako bat dela «besarkada kolektiboa» ematea senideren bat galdu dutenei, sufritzen ari direnei eta izurriaren kontra eta zaintza lanetan dihardutenei.

Hori da ideia. Denok ere gure mugimenduak mugatuta dauzkagu, eta horrek arazoak sortzen dizkigu, baina batzuk ari dira bereziki sufritzen. Komunitate hori indartu nahi baldin badugu, gehien sufritzen ari direnak ezin ditugu ahaztu: alderantziz, gogoratu egin behar ditugu. Oso bihotz txarreko jendea izango ginateke ospakizun hutsa planteatuko bagenu, kontuan izan gabe gure kideen sufrimendua, eta haiei doluzko eta maitasunezko keinu bat egin gabe. Horiei, eta askotan bizia arriskatuz sekulako ahalegina egiten ari direnei.

«Lankidetza» aipatu zenuten joan den larunbatean plazaratutako agirian. Zer esan nahi zenuten horrekin?

Herri baten etorkizuna herri horrek dauzkan indar guztiak biltzetik dator. Zatiketak komunitatea ahuldu egiten du, eta gauzak batera egiteak indartzen du.

Lankidetzak ez du esan nahi denok onak garela eta hemen ez dagoela arazorik; agirian, eztabaida demokratikoan oinarritutako lankidetza bat proposatzen dugu. Ahots eta ikuspegi diferenteak, gizarte guztietan bezala: helburua da horien artean eztabaida demokratikoa sustatzea. Hor egongo da konfrontaziorako behar adina tarte, eta, aldi berean,lankidetzarako ahal den tarte guztia, horrek indartzen duelako komunitatea eta jartzen duelako gero eta anbizio handiagoko helburuen atzean.

Zuen proposamena abertzale sentitzen diren herritarrei zuzenduta dago?

Ez horiei bakarrik. Nik gogoan dut batera egin zen azken Aberri Egunean [1978an] PSE ere egon zela, eta independentistak ez ziren indarrak ere egon zirela. Guk jomuga bateratu bat jartzen dugu, erabakimena, alegia: komunitate garatu batek bere kideen zaintza eta bizitza duina bermatzeko erabakimena behar duela. Gero, erabakimen horrekin zer egiten den, hor proiektu politikoak sartzen dira, eta beste esparru bat da. Gu, herritar gisa, nolabait esateko alderdien politikoen atarian jartzen gara, elementu komunen bila. Gure adierazpenaren filosofia da zoru komun bat, abertzale ez direnentzat ere erakargarria izan daitekeena.

Ekinbide zehatzak proposatu dituzue; esaterako, mapa bat osatzea. Hori zertan gauzatzen da?

Kontua da egoera honek ahalbidetzen dituen aukerak baliatzea. Horietako bat da sare sozialetan norbanakoen atxikimendua jasotzea: bakoitzak bere etxean argazkia egin dezake, sare sozialen bitartez bidali, eta argazki horiek guztiak txertatzen joango dira Euskal Herriaren mapa batean. Irudi bat osatu nahiko genuke, bakoitzak beretik ekarpena eginez, biltzen gaituen proiektu horren maparen inguruan. Webgunea jarri dugu abian horretarako.

Ikurrina eta Nafarroako ikurra jartzeko deia ere egin duzue.

Nik uste dut bi ikur horiek ordezkatzen gaituztela Aberri Eguna ospatzeko prest egon gaitezkeen guztiak. Nahi duenak bata jar dezala, nahi duenak bestea, nahi duenak biak, baina ideia da giro berezia sortzea.

Azkenik, 12:30ean isilunea egitera eta Txoria txori kantua abestera dei egin duzue. Zergatik Txoria txori?

Bide luzea egin duen abesti bat delako, eta, adibidez, itxialdi honetan zenbait momentutan kantatu delako. Ekitaldi hau denbora gutxian egindako ekinbidea da, talde txiki bat gara, ez dugu atzean inolako makineriarik, eta seguru asko proposamena moldatzen joango gara; ea gauza garen seinale bat emateko euskal irratien bitartez, eta seinale horretan egongo lirateke isilunerako musika apropos bat, Txoria txori eta, beharbada, hain malenkoniatsu ez bukatzeko, beste abestiren bat. Hori guztia webgunearen bitartez jakinaraziko dugu.

Iganderako deialdi berezirik egingo duzue sare sozialei begira?

Iganderako, eta aurreko egunetarako ere bai, uste dugulako garrantzitsua dela jendeak ikustea mugimendu gero eta indartsuagoa sortzen ari dela Aberri Egunaren inguruan. Traol pare bat proposatu dugu, #EuskalHerriaBatera eta #AberriEguna2020, eta nahiko genuke jendeak normalean sare sozialetan egiten duena bateratzea. Ekinbide hau xumea da, baina asmoa da euskal gizarteak, hala nahi baldin badu, erabil dezala elkar sentitzeko eta horretatik indarra ateratzeko.

Bola jarri dugu martxan, baina orain bola horren tamaina eta balioa izango da jendearen atxikimenduaren araberakoa. Jendea animatu nahiko genuke: egin argazkiak, egin kartelak, nork bere desioak azal ditzala horietan, ikurrinik ez dutenek etxean margotu edo egin ditzatela... Izan dadila eraikuntza kolektiboko prozesu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.