Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Jean Grenet. Alderdi Erradikaleko hautagaia

«Gauza ona da ETAk ordezkaritza izendatu izana»

Alderdi Erradikalaren izenean aurkeztu da bosgarren barrutian Jean Grenet diputatua; zentrista dela dio, nahiz gero Legebiltzarrean UMP taldean kokatu.

JENOFA BERHOKOIRIGOIN.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaz zuen iritzia aldatu du Jean Grenetek (Baiona, 1939). Lehen, erabat aurka zen; orain, berriz, euskal departamendua aldarrikatzen du, «gaur egungo egoerara etortzeko ordez departamendua sortzeko aukera nahiago» duelako. Euskal Lurralde Elkargoaren inguruan proposamen bat adostuko balitz Frantziako Legebiltzarrean alde bozkatuko lukeela dio.

Aspalditik ezagutzen duzu Frantziako Legebiltzarra. 1993 eta 1997 artean Alain Lamassoure ordezkatu zenuen, eta 2002az geroztik diputatuzara. Zer da diputatuaren ardura?

Diputatu bat lurralde baten nazional mailako ordezkaria da; legeak egiten dituen Legebiltzarrean dago, Frantzia kudeatzen duen gobernuaren ondoan. Legeak egiteaz gain, lurraldearen eta bertako hautetsien erreleboa da, egitasmoak aitzinarazteko ardura du. Hori egiten saiatu naiz diputatu naizenetik, batez ere azken legegintzaldian, esperientziarekin hobeki dakigulako nola doan mundu hori. Zeren Legebiltzarra mundu bat da; ez da hain sinple ulertzea.

Aurkeztu aitzin zundaketa bat egin zenuen. Zergatik?

Ez dut nik egin. Azterketak egiteko hauteskunde barruti gisa kontsideratua da bosgarren barrutia. Banekien egina izanen zela eta zeinek eginen zuen, eta emaitzak ere ikusi nituen.

Zeure burua zentroan kokatzen duzu. Alta, UMPren barnean kokatua zara Legebiltzarrean.

UMP hor da, askotariko sentsibilitateak dituela. Diputatu batzuk eskuin popularrean dira, Le Pen eta besteen artean. Liberalak ere badira. Eta besteak humanistak dira. Ni azken horietakoa naiz. Talde hori sortu genuen eskuin popularraren ondoan beste zerbait badela erakusteko eta UMP berriz orekatzeko. Zentroa zatikatua dago, hori badakigu. Ni Alderdi Erradikalekoa naiz, zentroko alderdi zaharrenekoa. Zentrista naiz, bai, eskuinaren ezkerreko zatikoa.

Zure barrutian ere Alderdi Sozialista atera zen garaile azken hauteskundeetan. Ez zaitu beldurtzen?

Biriketako minbiziaz operatua izan naiz eta bizi naiz... Hori ezaguturik, nola beldur ukan nezake hauteskundeez? Hauteskunde horiek oso politikoak dira. Bai, lurralde hau ere arrosa dela erakutsi digute azken hauteskundeek. Zein da ezkerrak irabazi duen zatia eta atera den hautagaiaren aurkako mezuak duen zatia? Ez dakit. Ikusi dudanean oso zaila izanen dela, pentsatu dut ezin naizela joan gabe gelditu. Badakit oso zaila izanen dela oraingo hauteskundeetan, baina hori ez da izan behar ez joateko arrazoi bat.

Urtarrilean, euskal presoak hurbiltzearen aldeko mezua plazaratu zenuen Frantziako Legebiltzarrean. Egoera ez da aldatu. Mezu hori berriz plazaratuko zenuke, diputatu bazina?

Justizia ministroa Legebiltzarrean izaki, Euskal Herriko egoera aipatzeko baliatu nuen. Ez genuen erantzun zehatzik ukan, baina ministroak entzun zuen. Mezu hori eskuineko gobernu bat zegoenean eraman nuen. Beraz, eraman nezake ezkerreko gobernu batekin ere. Euskal Herriak orain duen bakeak gauzak anitz aldatu ditu, eta uste dut lasaitze keinu bat litzatekeela hurbilketa, presoei eta bereziki familiei buruz. Sakabanaketa familiarentzat zigor bikoitza da. Gaur egungo testuingurua ikusiz, ongi etorriak lirateke hurbilketak; lasaitze keinu bat lirateke.

Keinu hori ez da sendi. Egingo dutela uste duzu?

Ezin dut gobernuaren ordez mintzatu, ez dakit. Baina nik mezu hori eramanen dut, arazorik gabe. Humanismo kontu bat da: ez zaie zigorrari eta penari oraindik onargarria ez den egoera bat gehitu behar.

ETAk ordezkaritza bat izendatu du Frantziako eta Espainiako gobernuekin elkarrizketak abiatzeko. Zer diozu horretaz?

Elkarrizketa abiarazteko lehen zedarria finkatu dute. Gauza ona da ETAk ordezkaritza bat izendatu izana, elkarrizketak prestatzen hasteko, lehenik Espainiarekin eta ondotik Frantziarekin.

Baina Espainiako Gobernuak elkarrizketa eskaera errefusatu du. Zer diozu horretaz?

Beste herrien politikari buruz ez dut iritzirik ematen.

Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren eztabaidan, euskal departamenduaren alde kokatu zara. Ez ote da eskaera hori zaharkitua?

Lurralde elkargoa galdatzea handinahia izatea da, eskumenenen, ahalen eta kudeaketaren gaiak adostu behar direlako. Dena egitekoa da, ez da irabazia, oso pisua da. Gobernuak onartuko ote du? Eskualdea eta departamendua ados izanen al dira? Ez dakigu. Beraz, posible ez balitz, gaur egungo egoerara etortzeko ordez, departamendua sortzeko aukera nahiagoko nuke. Sinpleagoa litzateke: departamendua bitan zatitzea aski litzateke. Pays egitura baino, departamendua nahiago dut, izate bat dugulako eta Bordelera, Parisera eta Bruselara euskal departamendu gisa joanen garelako gure proiektuen defenditzera. Nortasunaren ezagupena bada horretan.

Euskal Lurralde Elkargoaren aldarriari buruz adostasuna lortuko balitz eta lege proposamen bat egingo balitz, Lebegiltzarrera eramango zenuke?

Proposamen bat adosten badugu, ez nau batere trabatzen hori beste hautetsiekin batera Parisera eramateak eta, bozkatu behar balitz, alde bozkatzeak. Lurralde elkargoari buruz den gogoeta aitzina eraman behar dugu. Ez gara orain gelditu behar.

Urteak joan arau, iritzia aldatu duzu.

Testuinguru berria dugu; gaur egun Euskal Herria bakean da. Eta ez balitz horrela, ez nukeen urratsa sostengatuko. Inguruan gertatzen denari begiratu behar zaio; ezin gara gure ziurtasunetan blokeaturik egon. Ez naiz inoren aurka: Bilduko Donostiako alkateari harrera egin diot; EAJko Bilbokoari ere bai; Iruñekoa, UPNkoa bera, laster etorriko da... errespetua behar da. Departamenduari begiratuz gero, orain arte Biarnoren eta Euskal Herriaren arteko oreka zen; gaur egun, berriz, sozialistek izpiritu askoz politikoagoa, alderdikoiagoa dute. Horrek ez nau pozten. Horrek ere eragin du iritzi aldaketan.

Uste duzu Hautetsien Kontseiluan adostasun orokorra lortuko dela?

Bai, posible da. Ez guztien adostasuna, baina gehiengoa lukeen adostasun batera irits gaitezke, bai. UMPren barnean ere gauzak aldatzen ari dira. Gero, pertsona batzuk aurka dira. Alderdi Sozialistan batzuk alde dira, baina beste batzuk erabat aurka. Jakobinoak dira erabat, emmanuelistak dira.

UMPn ere badaude jakobinoak. Michele Alliot-Marie aurka da...

Ez da arrunt ados, baina aurka dela ez du argiki erran. Ez da kokatu argiki. Itxaroten ari da, zer gertatuko den begira.

Euskararen ofizialtasunaren alde ote zara?

Horri begira, nik nuen lehen aldikoz Konstituzioaren aldaketa eskatu. Bi lege proposamen egin nituen. Tokiko hizkuntzen ezagupena Konstituzioaren bigarren artikuluan ezartzeko proposamena egin nuen, Marc Le Fur diputatu bretoiarekin batera. «Hizkuntza ofiziala frantsesa da, eta ezagutzen eta sostengatzen ditugu hizkuntza gutxituak», genioen. Baina bietan galdu genuen, eskuin eta ezker muturreko diputatuek aurka egin zutelako; ezberdintasun politikoak ahantziz eta jakobinismoari segituz, elkartu egin ziren.

Konstituzioaren aldaketa horrek ofizialtasuna ekarriko zukeen?

Egoera desblokeatuko zen; bai, hizkuntza gutxituen ezagupena Konstituzioan sartuko zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.