EHUko errektorea

Eva Ferreira: «Gauza bat da gardentasuna, eta bestea burokrazia gehiegizkoa»

Udazkenean egingo dira EHUn errektorea hautatzeko bozak; atarian, urteotan egindako lanaren balorazioa egin du Ferreirak, eta jarraitzeko asmoa duela berretsi du.

Eva Ferreira EHUren Bizkaia aretoan eserita. Oskar Matxin Edesa / FOKU
Eva Ferreira EHUren Bizkaia aretoan eserita. Oskar Matxin Edesa / FOKU
arantxa iraola
2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Maiz nabarmentzen du Eva Ferreirak (Barakaldo, Bizkaia, 1963) EHUren ezaugarri behinenetakoa: publikotasuna. Bere esperientzia gogora ekarrita, gustatzen zaio azaltzea publikotasun horrexek eman ziola berari Matematika ikasketak egiteko era, karrera akademiko bat abiarazi eta osatzekoa. 2020ko azaroan egindako bozetan hautatu zuten errektore, eta datozen lau urteetarako ere hautagaitza aurkezteko asmoa du. Errektoretza hartu berritan, euskara gaitasuna hobetzeko asmoa agerian utzi zuen, eta ahalegintzen jarraitzen du. Ordubeteko elkarrizketa batean adierazi ditu hemen jasotakoak: euskaraz. Sarri bidea «gogorra» dela onartu du, hitzak ez direla beti nahi bezain bizkor loratzen ezpainetan, baina baduela onetik: «Ilusioz, gero eta hobeto». Astelehenean hartu zuen tarte bat elkarrizketa honetarako, EHUren IV. Berdintasun Plana aurkeztu ostean.

Esaldi bakan batzuetan nola laburbildu urteotan errektoretzak egindako lana?

Guretzat pertsonak izan dira lehentasuna, eta kontratu egonkorrak bultzatzeko neurri asko hartu ditugu: hori izan da gure lehentasuna. Adibidez, lanpostu administratiboetan egonkortasuna lortzeko. Hor, egonkortasuna %20 baino txikiagoa zen hasieran, eta aurten %92 baino handiagoa da. Lan eskaintza publikoen bidez urteotan egin ditugun aldaketetako bat hori izan da, eta harro gaude. Irakasleei dagokienez, egonkortasunean asko aurreratu dugu; normalean, unibertsitatean irakasle gisa sartzeko bidea izaten da irakasle-laguntzaile doktore gisara sartzea, eta gero agregatu lanpostu bat lortzea, edo titularra... Horiek lortzeko denbora asko pasatu behar zen lehen; oso zaila zen lanpostu berriak sortzea, baina hiru urte hauetan, agregatuen eta titularren artean, bostehun lanpostu egonkor berri baino gehiago egin ditugu. Kuantitatiboki asko dira, baina kualitatiboki ere bai, zeren eta lanpostu egonkorra lortu dute urte gutxiagoan. Irakasle-laguntzaile doktoreen kopurua, berriz, bikoiztu egin dugu, eta azken bi urteotan, ia hirukoiztu.

Baina kritikak ere hor daude. Ordezko irakasleen egoera salatu da ozenen. Izan ere, LOSU Espainiako Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak kontratu partzialetara bideratzen ditu langile horiek eta, ondorioz, lan egoera aski prekarioetara, 800 euroko soldatekin-eta. Horren harira, behar adina ez egitea egotzi zaizue, legearen interpretazio hertsiegia egitea. Ezin da, bada, besterik egin?

LOSUren ondorioetako bat da hori, baina ondorio hori apaltzeko gure jarrera eta helburua ordezko irakasleen kopurua gutxitzea izan da. Pertsona bat ordezkatzeko orduan ez denez posible kontratu osoak egitea, egiten ari garena da ez leku horiek sortzea, baizik eta postu bete gabeak; izan ere, horietan bai, postu bete gabeak ordezkatzean era egoten da kontratu osoak egiteko. Eta, zera, momentu honetan kontratu partzialekin dauden langileen kopurua da, gutxi gorabehera, LOSU ezarri aurrekoa: 200 baino gutxiago dira. Inportanteak dira, noski, eta gu behin eta berriro eskatzen ari gara legea alda dezatela ordezko irakasleei kontratu osoak egiteko aukera berriro irekitzeko.

«Gu behin eta berriro eskatzen ari gara legea alda dezatela ordezko irakasleei kontratu osoak egiteko aukera berriro irekitzeko»

Eta legea aldatzen ez den bitartean ez da zirrikiturik ordezko irakasle horiekin beste jokabide bat izateko? Unibertsitate Estatu Idazkariak maiatzean egindako adierazpenak gogora ekarri izan dituzte langileen ordezkariek hainbatetan, esan baitzuen EHU borondate eskasa erakusten ari dela auziari soluzio azkar bat emateko. Zer diozue?

Batzuetan ez da erraza azaltzen postuen artean dagoen ezberdintasuna, eta Espainiako Estatu idazkariarekin ere hitz egin nuen horri buruz, berak pixka bat nahastu egin baitzuen. Desberdintasuna, ordezkatzeko lekuei dagokienez, zera da: bete gabeko toki bat bada, ez dago arazorik kontratu osoen bidez hori betetzeko, baina gaixoaldi batean-edo dagoen pertsona bat ordezkatzeko, eta legean argi eta garbi esaten da hori, ez da posible ikerketa ordezkatzea, eta orduan kontratu partzialak dira, dedikazio partzial batekin. Horregatik, esaten ari garena da ahal bada ordezkoen figura hori ez dela erabili behar, baizik eta beste bat: postu bete gabeak sortu behar dira. Departamentuekin antolatzen ari gara horretarako.

Finantzaketa. Askotan esan izan duzu handitu egin behar dela. LOSUn ere jartzen du: BPGaren %1 unibertsitate publikoetara bideratu behar da. Zer bide egin behar da hor?

Nik ere ez dakit nola egingo duten. Ematen du erkidegoekin hitz egingo dutela, eta batzorde bat egingo dutela helburu hori lortzeko. Guretzat funtsezkoa da finantzaketa. Lanpostuak garrantzitsuak direlako, baina baita ikerketarako ere, luzera begira. Beharrezkoak dira eraikin eta azpiegitura berriak. Eta lanpostu administratiboetan ere bultzada bat egin behar dugu. Jakina da EB Europako Batasuneko finantzaketarekin burokrazia lan handia egin behar izaten dela ikerketa gastuak-eta justifikatzeko. Adibidez, Next Generation finantzaketarekin burokrazia lan handia etorri da, eta kuantitatiboki ikerketa gehiago egiten badugu, orduan eta laguntza handiagoa behar dugu hori kudeatzeko, eta lanpostu administratiboak ugaritu egin behar ditugu, ezinbestean.

Malgutasuna ere eskatu izan duzu finantzaketara begira, eta alor pribaturako ateak zabaltzeko jarrera ona erakutsi izan duzu. Zer-nola egin behar da hori? Mugak non jarrita?

Bai, finantzaketa pribatua handitu behar da, baina guk badaukagu kode etiko bat. Enpresek nahi badute ikerketa bultzatzea, eztabaida bat egiten da jakiteko zer nahi duten, eta horrekin zer jasotzen dugun, eta zer jasotzen duten gure ikasleek: hori guretzat oso-oso inportantea da. Gero, malgutasunarekin lotuta, guk eskatzen dugu modu parekoagoan egitea hitzarmenak. Gaur egun, unibertsitate publiko batean euro pribatu bat gastatzea oso-oso zaila da, alderantziz egin behar izaten den bidearekin alderatuta. Gardentasuna, bai: gure kontuak argitara atera behar ditugu. Baina gauza bat gardentasuna da, eta bestea burokrazia gehiegizkoa, eta ordainketa bat egiteko zenbat pauso eman behar izaten ditugun.

«Gaur egun, unibertsitate publiko batean euro pribatu bat gastatzea oso-oso zaila da, alderantziz egin behar den bidearekin alderatuta»

Jaurlaritzak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila jarri du martxan, eta Juan Ignacio Perez Iglesias da sailburua, EHUko errektore ohia. Zer espero duzue?

Espero dugu harekin oso ondo ulertzea, ziur baietz. Oso aukera ona da gure unibertsitatean jauzi kualitatibo bat egiteko.

EHUk euskaraz jardun ez ezik, «euskal kultura» ere bultzatu behar duela esan izan duzu. Praktikan, zer egin da urteotan bide horretan?

Urte askoan, graduko eskaintzak euskaraz betetzea izan zen helburua eta lehentasuna, eta normala zen. Hor dago eskaintza hori, eta mantentzen ari gara. Baina unibertsitatean, eta gizartean oro har, ahulezia badirudi erabileran dagoela. Ikasleek askotan, eskolak amaitutakoan, gazteleraz hitz egiten dute. Bultzatzen ari gara transferentzia euskaraz egitea, eta guretzat oso garrantzitsua da ikasleen artean ekintzak euskaraz antolatzea ere; Unikoak deituriko programan, adibidez, ikasleek berek antolatzen dituzte ekintzak, euskaraz, beraientzat, campusetan bizitza euskaraz bultzatzeko; guretzat jauzi kualitatibo bat da, egin beharrekoa.

«Guretzat oso garrantzitsua da ikasleen artean ekintzak euskaraz antolatzea, campusetan bizitza euskaraz bultzatzeko; jauzi kualitatibo bat da, egin beharrekoa»

Israel Gazan egiten ari den urraketen harira, EHUk izan duen jarrerara begira ere izan dira kritikak. Zer gogoeta eragin dizute?

Lehenik eta behin, gustatuko litzaidake nabarmentzea gure unibertsitatearena izan dela erantzunik irmoena unibertsitateek eman dituztenen artean, eta esango nuke erakundeek, oro har, eman dituztenen artean. Nik ez dut irakurri ezer indartsuagoa; gure manifestua oso zorrotza izan zen, eta oso argia neurriekin.

Berriro hautagai. Indartsu?

Bai, prest gaude hautagaitza prestatzeko. Oso pozik.

«Oso normala da errektoretzarako hautagaitza bat baino gehiago izatea, eta oso ona da hausnarketak partekatzeko eta alderatzeko»

Joxerramon Bengotxeak ere esana du hautagai izango dela. Baduzu harremanik harekin?

Ezagutzen dut. Justu gaur harekin hitz egin dut, agurtzeko era izan dut, eta oso modu atseginean joango da eztabaida, ziur. Oso normala da. Agian gure unibertsitatean hautagaitza bakar asko izan dira, baina beste unibertsitateetan normalean hautagaitza bat baino gehiago izaten dira. Oso normala da errektoretzarako hautagaitza bat baino gehiago izatea, eta oso ona da hausnarketak partekatzeko eta alderatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.