Azahara Dominguez. JSE-Egazeko idazkari nagusia

«Gauza bat da alfonbrak altxatzea, eta bestea orain artekoa apurtzea»

Alderdikideen babesarekin hartu du kargua Dominguezek, asteburuan. Gazteen arteko harremanak josi, aldarrikapenak batu eta elkarlana sustatu nahi du. Alderdi sozialistaren bidea irmo defendatzen du.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gurutze izagirre intxauspe
Donostia
2015eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Azahara Dominguezek (Irun, 1990) gogoz hartu du JSE-Egaz PSEko gazte taldearen idazkari nagusiaren kargua. Baina badu kezka alderdiarekin: «Ez ditugu behar bezala esplikatzen gauzak; PPrekin sinatu berri duguna, kasurako. Bizi guztiko zigorrarena atzera botatzeko eskatuko dugu gero». Zuzenbidean lizentziaduna da, eta soziologia ikasten ari da. Euskaraz ondo moldatzen da, baina gaztelaniaz «erosoago». Gaztelaniaz egin du elkarrizketa.

Lehen emakumea gazte sozialisten buru. Idoia Mendia ere lehena izan zen PSEn, eta, Nafarroan ere, Maria Txibite PSNkoburu. Zerbaiten adierazgarri da?

Beti hartu izan gaituzte aintzat emakumeak alderdi sozialistan; gure DNAn dago. Orain, karguetara egin dugu bidea. Baina hori normaltasunaren barruan sartu behar genuke, esparru guztietara zabaldu beharko luke.

Mendiak iazko irailean hartu zuen lema. Nola ikusten duzu?

Ondo. Belaunaldi berri bat da. Gazteok PSEko asteroko zuzendaritza bileretan parte hartzen dugu, eta nik orain arte ez dut aukerarik izan. Baina Alainek [Colomak, aurreko idazkari nagusiak] esaten zuen igartzen zela aurpegi berriak eta gauzak egiteko modu berriak ikusten direla.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Herritarrek abisua eman digute, eta hasi gara gehiago kalean egoten, kaletik gertuago.

Bake eta bizikidetzako lantaldera itzultzeko eskatu diozue alderdiari. Zergatik?

PSEko gazteek bizikidetzan lan egiten segitu behar dute, beharbada orain arte egin ez den bezala; izan ere, orain gutxi arte, hil egiten gintuzten gure ideiengatik. Baina ahaleginak egiten segitu behar dugu. Bestalde, EAJri eskatzeko bazter ditzala anbiguotasunak; eta ezker abertzaleari, indarkeria gaitzesteko.

Lantaldetik emaitzarik lortzea espero duzu?

Uste dut bizikidetza lantzen lagun dezakeela.

Eta ezberdin pentsatzen duzuen gazteen arteko bizikidetza nola ikusten duzu?

Euskadiko Gazteen Kontseiluan parte hartzen dugu. Batzar iraunkorrean gaude, eta hango talde guztiekin dugu harremana. Uste dut gazteen artean ere egin behar dugula bizikidetza ariketa. Gorka Landaburuk dioen moduan, beharrezkoa da orria pasatzea, baina orria irakurrita. Gazteok horretan gaude. Zubiak eraikitzen ahalegintzen eta elkar ulertzeko guneetara iristen saiatzen.

Zein gairen gainean egon daiteke elkarlana?

Uste dut justizia sozialaren gaian saiatu behar dugula. Eskaera komunak ditugu, eta banatuak egoteak ez gaitu laguntzen. Bateratu egin beharko genituzke eskaerak. Gazteengan horretarako borondatea ikusten dut.

Zein eskaera komunez ari zara?

Etxebizitzen alokairuei buruz, hezkuntzari buruz, feminismoaz, LGTB eskubideei buruz... seguru ados jar gaitezkeela.

Uste duzu gazte erakundeek alderdiei ekarpenik egin diezaieketela gai horietan?

Uste dut gazte jendeak ere egunero egiten duela politika, dagoen erakunde edo elkartean dagoela ere. Guk saiatu behar dugu eskaera horiek bateratzen, kalean eskatzen dena entzuten eta alderdira eramaten. PSEko gazteak baliagarri izan behar dugu gazte jendearentzat eta Euskadiko ezkerreko jendearentzat.

Zein lan ildo izango dituzue?

Justizia soziala, elkartasuna eta berdintasuna dira gure oinarria, eta horien gainean segitu nahi dugu lanean. Oreka bilatu behar dugu egin denaren eta gauza berrien artean. Guretzat, funtsezkoa da elkarteen sarea. Beste elkarte eta erakundeek egiten duten lana aintzat hartu, eta indarrak batzea. Esaterako, hiesaren aurkako elkarteekin, Sahararen aldeko elkarteekin, feminismoarekin, LGTB mugimenduekin... Elkarlanean asmatzen badugu, askoz eraginkorragoak izango gara alderdiari proposamenak egiteko, behar errealak identifikatuago egongo direlako.

Podemos indartsu sartuko dela dirudi. Nola ikusten duzue?

Zein programa duten ikusi nahi dugu. Anbiguotasun asko daude. Guk kudeaketa bat badugu; okerrak izango ziren bidean, baina gauza askotan asmatu da. Baditut lagunak haiengan itxaropena dutenak, baina uste dut orain arte egon garenak eta gero ereegongo garenak gu garela. Bestalde, ezkerra zatitzen saiatzen ari dira. Gu ez garela ezkerra diote, kasta eta beste deituta. Ez gaude ados.

Kutxabank auzian, Fernandezek fiskalari aitortu berri dio ohikoa zela zenbait alderditako buru edo kargudun jakinentzat lanpostu nolabait sarituak bilatzea. Zein iritzi duzu?

Cabiecesi dagokionez, gure alderdikoa delako, ezin azkarrago erantzun duela uste dut. Alderdiaren kode etikoa aurretik jarri du. Hobe lukete beste alderdi batzuek ere hain azkar jardun. Orain, berak erakutsi beharko du errugabea dela.

Uste duzu Cabiecesena kasu bakarra dela?

Ez dakit. Oinarrizkoa gardentasuna eta argitasuna da. Politikarienganako atxikimendurik ez dagoen honetan, hori da garrantzizkoena.

Alfonbrak altxatu beharko lirateke?

Baietz uste dut, eta alderdi barruan horretan ari gara. Baina gauza bat da alfonbrak altxatzea, eta beste bat, beste batzuek proposatzen duten bezala, orain arteko guztiarekin apurtzea.

Zer deritzozu Gipuzkoako aldundiak proposatu duenari,hautagaiek euskaraz jakin behar izateari buruz?

Uste dut politika ezin dela inposatuz egin, eta hori inposizio bat iruditzen zait. Hautagaitzetatik kanpo gera daiteke jendea euskaraz ez jakiteagatik.

Eta euskaldun batek bere herriko alkate edo zinegotziarekin euskaraz mintzatu nahiko balueta hautetsiak ez badaki?

Administrazio publikoak prest egon behar du euskaraz erantzuteko. Baina horrek ez du esan nahi mundu osoari inposatu behar zaionik. Gainera, gure alderdian badago borondatea euskaraz aritzeko.

Saharako kanpamentuetan hasi duzu urtea; haien autodeterminazio eskubidearen alde zaude.

Bai. Nazioarteko zuzenbideak babestu du, eta ezin da hemengoarekin alderatu. Autodeterminazio eskubidea koloniei ematen die NBEk. Hemengo kasua ez da bera.

Zein iritzi duzu erabakitzeko eskubideari buruz?

Gu estatu federalaren alde gaude, non eskumen guztiak argi egongo diren eta sentsibilitate guztiak jaso ahal izango diren. Erabakitzeko eskubidea ezin da inposatu. Bat egiten dugu Urkulluren bidearekin: elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta berrespena. Bide horretan gaude.

Jose Antonio Santano PSEko Irungo alkateak elkarrizketa batean eskatu berri du espetxe politikak aldatzea. Zein iritzi duzu?

Modu mailakatuan presoen gerturatzea eman behar dela uste dugu. Urrunduta egoteko zegoen arrazoiak ia ez du zentzurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.