Gazteon Eskutik topagunea egiten ari dira Berriozarren, gaurtik igandera bitarte

Ernaik antolatuta, gazteek egungo egoera politikoaren eta gazteei eragiten dieten problemen inguruan hausnartuko dute. Manifestazioa egin dute gaur, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko.

Hainbat lagun, Gazteon Eskutik topagunera ailegatu berritan, Berriozarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Hainbat lagun, Gazteon Eskutik topagunera ailegatu berritan, Berriozarren. IÑIGO URIZ / FOKU
2025eko apirilaren 17a
20:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur abiatu da Gazteon Eskutik topagunea, Berriozarren (Nafarroa). Igandera arte iraungo du, hilaren 20ra arte, eta Ernaik tarte hori baliatu nahi du egungo egoera politikoaren eta gazteei eragiten dieten problemen inguruan hausnartzeko. Gaur, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko manifestazioa egin dute ehunka gaztek. Horrez gain, hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak eta ikuskizunak bildu dituzte egitarauan.

Goizean goizetik hasi dira gazteak Berriozarrera iristen. Harrera ekitaldia baino lehen ireki dute kanpalekua, eta lo egiteko tokia atontzen hasi dira. Eguerdirako, kanpadenda ugari jarri dituzte. 13:00etan ekin diote ekitaldiari, herriko Eguzki plazan. Hainbat dantzarik hartu dute parte. Amaiur Egurrola Ernaiko eledunak suziria bota du, eta orduan eman diote hasiera topaguneari.

Lau eguneko egitarau zabala prestatu du Ernaik. Adierazi dutenez, topaguneak aukera emango du «gazteak saretu, elkartu, galderei erantzunak bilatu eta aisialdi eskaintza askotarikoaz gozatzeko». Gaur, esaterako, gazteek herri zumban parte hartzeko aukera izan dute laster plazan bertan. Horrez gain, hitzaldi ugari antolatu dituzte bazkalosterako. Tatuajeak egiteko txokoa ere badago, baita bitxigintza tailerra ere.

Hasierako plangintzan jasoa ez zegoen arren, manifestazioa egin dute arratsaldean, Oztopoen gainetik askatasunera lelopean. Izan ere, ekimenak zeresana eman du azken asteetan, UPNk salaketa jarri baitzuen Auzitegi Nazionalean presoei buruzko solasaldi bat eta ekitaldi bat zirela eta. Horri aurre egiteko, manifestazioa antolatu du Ernaik, eta presoei elkartasuna adieraztea «zilegi» dela nabarmenduko dute.

«Gazte independentisten topalekua» izanik, «Euskal Herrian egin beharreko jauziari erreparatzeko tartea» ere hartuko dute egunotan, eta «gazte moduan duten rolaren inguruan» hausnartzeko. «Prozesu independentistaren barnean gazteen indarrak batzeko funtzioa ere beteko du ekimenak», nabarmendu dute. Horrez gain, Ernaiko kideek argi utzi dute ez dutela inolako erasorik onartuko, eta jakinarazi aurten, protokolo feministaz gain, protokolo antiarrazista egongo dela gune guztietan.

Gazte batzuk kanpin dendak jartzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Gazte batzuk kanpadendak jartzen. IÑIGO URIZ / FOKU

Larunbatean egingo dute ekitaldi nagusia. Horretarako muntatutako karpan izango da, 19:00etan, Bat eginez independentziara! lelopean. Eta igandean bukatuko da topagunea, Aberri Egunean. Hori dela eta, manikalejira delakoa eta manifestazioa antolatu ditu Ernaik goizerako. Horren ostean, Jarautako Gazte Gunea irekiko dute. Hain zuzen, eguerdian EH Bilduk deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute.

Kontzertu mordoa ere prestatu dute egun hauetarako. Bi gunetan egingo dira, eta abeslari eta talde hauek ariko dira, besteak beste: Nogen, Toc, Skabidean, Xsakara, Marte Lasarte, Sukena, Naxker, Zilibito Records, Olatz Salvador, Soziedad Alkoholika, La Fulana, La Furia, Su Ta Gar eta Gozategi.

Musika ekitaldiez gain, gazte bazkaria, bertso saio musikatua, drag showa, drag automakillajeko tailerra, ihes gela eta xake klaseak ere izango dira. Umeentzako plana ere antolatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.