Koronabirusa

Gaurtik ez da nahitaezkoa maskara erabiltzea Hego Euskal Herriko ikastetxeetan

Eusko Jaurlaritzako protokoloak beste aldaketa bat ere badakar: burbuila taldeak errespetatu beharrik ez da egongo.

Tolosako Laskorain ikastolako ikasleak, gaur goizean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 25a
12:49
Entzun

Aste Santuko oporretatik itzulita, bada nobedaderik Hego Euskal Herriko ikastetxeetan: maskara kentzeko aukera daukate ikasleek eta irakasleek. Izan ere, Espainiako Gobernuaren legedira egokituz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak COVID-19ari aurre egiteko ikastetxeetan dituzten protokoloak aldatu dituzte, eta ia bi ikasturteren ostean, elkarren aurpegia ikusteko aukera izango dute aurrerantzean.

Ikasle eta irakasle guztiek izango dute maskararik gabe ibiltzeko aukera. Harago joan da Eusko Jaurlaritza, eta «oro har» ez erabiltzeko gomendatu die ikasleei. Ordea, zenbait kasutan janztea gomendatu dute erakundeek, hala nola zaurgarritasunen bat dutenen kasuan. Jaurlaritzak beste batzuei ere aholkatu die: positibo eman dutenei eta gaixotasunaren sintomak dituztenei. Halaber, gaur egun bezala, nahitaezkoa izango da eskola garraioan: Nafarroan, 3 urtetik gorako ikasleentzat eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6 urtetik gorakoentzat.

Maskarena ez da aldaketa bakarra: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hala aginduta, gaurtik ez dute burbuila talderik mantendu beharko eskoletan. Protokoloan jaso dutenez, maila guztietako ikasleek «beren artean sozializatzeko eta interakzioan aritzeko» aukera izango dute. Nafarroan, berriz, erabaki dute oraingoz burbuilei eustea.

Ikasleei eta irakasleei ez ezik, familiei ere eragiten die protokoloak: «oro har», irakasleen eta familien bilera guztiak aurrez aurre egin ahal izango dira; gurasoen elkarteak ikastetxeetako ohiko guneetan bildu ahal izango dira, baita prestakuntzak antolatu ere; eta familiek ikastetxera sartzeko aukera izango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.